Descárgate la app
Jesús Iribarren, Osasun kontseilariaren Kabineteko buru izendatu dute
2019ko abuztuaren 16a
Jesús Iribarren, Osasun kontseilariaren Kabineteko buru izendatu dute
Jesús Iribarren Corera kazetaria Santos Induráin Osasun kontseilariaren Kabineteko buru izendatu dute.
Iruñean jaio zen 1970ean. Informazio Zientzietan lizentziatua da Nafarroako Unibertsitatetik (1993), eta bere prestakuntza hainbat komunikazio eta sare sozial ikastarorekin osatu du. Euskarazko EGA eta C1 tituluak eta frantseseko oinarrizko ezagutzak ditu.
Ibilbide profesionala Diario de Navarran hasi zuen 1991n, eta bertatik Navarra Hoy egunkarira joan zen 1992an, eta ondoren Diario de Noticiasera. Azken egunkari horretan aritu da lanean bere ibilbide gehiena, eta 2006tik aurrera erantzukizuneko karguak bete ditu, Gizarte arloko sekzio buru gisa, Lehen Arretan espezializatutako Medicus Mundi Nafarroa GGKEko komunikazio, marketin, barne komunikazio eta hezkuntza arduradun izan zen 2009-2014 epealdian izan ezik. Urte horietan osasun lankidetzan espezializaturiko “El Sur” aldizkaria ere zuzendu zuen, eta “Claves para la transformación de los sistemas de salud en América Latina” liburuaren koordinatzailea izan zen.
Halaber, beste arlo batzuk ere landu ditu: oroimen historikoa (Pamiela argitaletxeak kaleraturiko “Paco de Eizagirre, Gudari baten memoriak” liburuaren egilea); euskara (Eusko Ikaskuntzaren “Eleria” aldizkaria); Unescoren Hiritartasun, Bizikidetza eta Aniztasun katedra (NUP); Nafarroako Eskola Kontseilua; Bazterketaren eta pobreziaren aurkako borrokarako sarea; San Fermineko Peñen Federazioa (“75 años de historia de la Peña La Jarana” liburuaren koordinazioa...); edo toki garapena eta despopulazioa, besteak beste.
2018an, Nafarroako Kazetarien Elkarteak ematen duen “Teobaldo” kazetaritza saria lortu zuen, Kultura arloan.
Osatu da kabineteetarako izendapenen zerrenda
Jesús Iribarrenen izendapenarekin, osatu da Nafarroako Gobernuko goi karguen, María Chivite Lehendakariaren eta hamahiru kontseilarien, kabinete buru izateko aukeratu diren pertsonen zerrenda.
Gogorarazi behar da Nafarroako Lehendakariaren Kabinetea Alicia Erdociáin Saraleguik zuzenduko duela, eta bertako kideak, zuzendaritza nagusi mailarekin, Félix Taberna Monzón Aholkularia eta Miguel Moreno Ariztegi Kabinete kidea izango direla.
Halaber, Jesús Iribarrenekin batera, beste 12 pertsona izendatu dituzte Foru Gobernuak legealdi berrirako izango dituen departamentuetako kabinete buru izateko, zerbitzu mailarekin. Hauek dira: Vera Villafranca Martínez, Lehendakaritza, Berdintasuna, Funtzio Publikoa eta Barnea; Julio Iturri Ruesga, Lurralde Antolamendua, Etxebizitza, Paisaia eta Proiektu Estrategikoak; Leire Ochoa Zubeldía, Lurralde Kohesioa; Álvaro Valderrama López, Ekonomia eta Ogasuna; Amaia Arrizabalaga Idiáquez, Garapen Ekonomiko eta Enpresariala; Guillermo Nagore Frauca, Migrazio Politikak eta Justizia; Mikel Muez Elustondo, Hezkuntza; Txema Mauleón Echeverría, Eskubide Sozialak; Mikel Armendariz Platón, Herritarrekiko Harremanak; Roi Villar Vázquez, Unibertsitatea, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitala; Saioa Eseberri Ilarregi, Landa Garapena eta Ingurumena; eta Fermín Laspeñas Oroz, Kultura eta Kirola.