Descárgate la app
Nafarroako Gobernu berriko hamahiru kontseilariek karguak hartu dituzte gaur eguerdian
2019ko abuztuaren 7a
Nafarroako Gobernu berriko hamahiru kontseilariek karguak hartu dituzte gaur eguerdian
Nafarroako Lehendakari María Chivitek 2019-2023 Nafarroako Gobernurako izendatutako hamahiru kontseilariek karguak hartu dituzte gaur eguerdian Nafarroako Jauregiko Tronuen Aretoan egindako ekitaldian.
Hasteko, Nafarroako Ereserkia entzun dute Trompetas y Timbales Taldearen eskutik. Jarraian, Lehendakariaren foru-dekretuak irakurri dituzte, astearte honetan sinatuak eta gaur Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu direnak. Foru Dekretu horietan, hamahiru departamentuetako titularrak izendatzen dira. Ondoren, kontseilari berriek karguaren zina egin edo hitzeman dute Lehendakariaren aurrean. Eta, azkenik, Chivite Lehendakariak Nafarroako armarria duen entseina eman die kontseilari berriei.
Nafarroako Gobernuko hamahiru kontseilariak hauek dira: Javier Remírez Apesteguía (Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria); José María Aierdi Fernández de Barrena (Lurralde Antolamendua, Etxebizitza, Paisaia eta Proiektu Estrategikoak); Bernardo Ciriza Pérez (Lurralde Kohesioa); Elma Saiz Delgado (Ekonomia eta Ogasuna); Manu Ayerdi Olaizola (Garapen Ekonomikoa eta Enpresariala); Eduardo Santos Itoiz (Migrazio Politikak eta Justizia); Carlos Gimeno Gurpegui (Hezkuntza); Mari Carmen Maeztu Villafranca (Eskubide Sozialak); Santos Induráin Orduna (Osasuna); Ana Ollo Hualde (Herritarrekiko Harremanak); Juan Cruz Cigudosa García (Unibertsitatea, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitala); Itziar Gómez López (Landa Garapena eta Ingurumena); eta Rebeca Esnaola Bermejo (Kultura eta Kirola). Horrez gain, Remírez lehen lehendakariordea eta Aierdi bigarren lehendakariordea izango dira.
Talde paritarioa da, zazpi gizonek eta zazpi emakumek osatua, Lehendakaria barne.
Guztiek beren kargua hitzeman dute, Saizek, ordea, gazteleraz eta ingeleraz zin egin du. Gazteleraz Remírezek, Cirizak, Gimenok, Maeztuk, Cigudosak eta Esnaolak hitzeman dute, eta euskaraz, Aierdik, Ayerdik, Santosek, Induráinek, Ollok eta Gómezek. Halaber, Remírezek lehen lehendakariorde kargua gazteleraz hitzeman du, eta Aierdik, aldiz, gazteleraz eta Euskaraz zin egin du bigarren lehendakariorde kargua.
Ezberdinen arteko Gobernua
Chivite Lehendakariak kontseilari berriei zuzendu zaie eta eskerrak eman dizkie proiektu honetan parte hartzeagatik. “Proiektu hau, Nafarroa forala, berritzailea, eta berdinzalea izateko konpromisoa da, gure funtsaren parte den aniztasun horren barne bizikidetzan”, esan du. Eta gaineratu du, “aurrerakoia izanen den Nafarroak gaur egungo eta etorkizuneko erronkei aurre egin behar die. “Egungo arazoetan pentsatu behar dugu, premietan, baina baita nola heldu biharko egunari eta hurrengo hamarkadari”, azpimarratu du.
María Chivitek, era berean, koalizio gobernuari buruz hitz egin du. "Hainbat alderdiren arteko gobernua da, politika publikoekiko begirada aberasten duena, eta bereziki ordezkatzen dugun gizarte horri antza dezente diona; beretzat lan egiten dugu eta berari zor gatzaizkio", adierazi du.
Datozen urteetan izango dituzten erronka eta lanari aurre egiteko adorea eman die kontseilariei, eta esker hitzak izan ditu ahaideentzat, "gutxien ikusten den aldea eta konpromisoa gehien pairatzen duena".
"Eskerrik asko, zorionak, zorte on, lan egin eta ziur egon", amaitu du mintzaldia.
Nafarroako Lehendakariaren hitzekin amaiera eman zaio Foru Exekutiboko kontseilariek karguak hartzeko ekitaldiari, eta, ondoren, Lehendakariarekin batera, argazki ofiziala atera dute.