2019ko abuztuaren 6a

Chivite Lehendakariak Nafarroako Gobernu berriaren egitura dekretua sinatu eta kideak izendatu ditu

Kontseilariek asteazken honetan hartuko dituzte beraien karguak, 12:00etan Nafarroako Jauregian eginen den ekitaldian
Chivite Lehendakariak Nafarroako Gobernu berriaren egituraren foru dekretua 
sinatu eta bere taldekideak izendatu ditu
Chivite Lehendakariak Nafarroako Gobernu berriaren egituraren foru dekretua sinatu eta bere taldekideak izendatu ditu  Deskargatu irudia Irudi galeria

María Chivite Navascués Nafarroako Lehendakariak Foru Administrazioko departamentuen egitura ezartzen duen foru dekretua sinatu du astearte honetan. Hamahiru departamentutan geratu da antolaturik. Departamentu bakoitzaren buru izanen diren kontseilariak ere izendatu dira. Bihar, asteazkenean, hartuko dituzte beraien karguak, 12:00etatik aurrera Nafarroako Jauregian eginen den ekitaldian.

Sinadura, Lehendakariak Nafarroako Parlamentuan bere karguaz jabetu eta minutu gutxira egin da. Chivitek hamasei dekretu sinatu ditu (bat Administrazioaren departamentu egitura ezartzeko, hamahiru kontseilariak izendatzeko eta hiru bi lehendakariordeak izendatzeko). Dekretuak asteazken honetan sartuko dira indarrean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean (NAO-BON) argitaratu ondoren.

Foru Administrazioa hamahiru departamentutan geratuko da egituraturik. Horien buru, zazpi gizon eta sei emakume. Banaketa hau izango da:

Javier Rémirez Apesteguía Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuaren buru izanen da, Gobernuko lehen lehendakariordea izateaz gain. José María Aierdi Fernández de Barrena Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuko titularra izanen da, eta baita bigarren lehendakariordea ere.

Lurralde Kohesiorako Departamentuari dagokionez, titularra Bernardo Ciriza Pérez izanen da, eta Elma Saiz Delgado da Ekonomia eta Ogasun kontseilari berria.

Manu Ayerdi Olaizolak zuzenduko du Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentua; Eduardo Santos Itoizek Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentua; eta Carlos Gimeno Gurpeguik Hezkuntza Departamentua.

Mari Carmen Maeztu Villafranca da Eskubide Sozial Departamentuko burua, eta Santos Induráin Ordunaren esanetara egonen da Osasun Departamentua. Herritarrekiko Harremanetako Departamentuko titularra Ana Ollo Hualde da, eta Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko arduraduna Juan Cruz Cigudosa. Itziar Gómez López da Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilari berria eta, amaitzeko, Rebeca Esnaola Bermejo izanen da Kultura eta Kirol departamentuko titularra.

Departamentu bakoitzaren eskumen esparrua

Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuari dagokio, bertze batzuen artean, gai hauei buruzko eskumenak aurrera eramatea: Erregistro Orokorra; Administrazio Elektronikoa; Nafarroako Aldizkari Ofiziala; gobernu irekia, kode etikoa eta jardunbide onen eta iruzurraren aurkako bulegoa; eta aholkularitza juridikoa.

Bertze gai hauek ere izango ditu bere gain: hauteskunde prozesuak; departamentuen arteko politiken koordinazioa; Gobernuaren bozeramailetza; funtzio publikoa; segurtasun eta polizia politikak; babes zibila eta larrialdien arreta; herritarren partaidetza; harremanak erakundeekin; irudi instituzionala; informazio politikaren koordinazioa; herritarren arreta; presentzia Interneten eta sare sozialetan; eta baita gizonen eta emakumeen arteko berdintasun eta gazteria politikak ere.

Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuari dagokionez, bere eskumenen artean, lurralde mailako proiektu estrategikoen plangintza eta garapena; lurraldearen, paisaiaren eta hirigintzaren antolamendua; lurraldearen garapenerako eta jasangarritasunerako agentzia; etxebizitzarako sarbidea eta eraikigarritasunaren kalitatearen kontrola; eta etxebizitzarako lur-zoruaren merkatuan esku-hartzea daude.

Lurralde Kohesiorako Departamentuak dituen eskumenek artean hauek azpimarratu behar dira: toki administrazioari buruzko gaiak; despopulazioaren aurkako estrategiaren kudeaketa; errepide sarea; geologia, geoteknia eta kartografia; eta baita interes orokorreko obra hidraulikoen, trenbideetakoen eta aireportuetakoen kudeaketa eta garraio politikak ere.

Ekonomia eta Ogasun Departamentua arduratuko da jarduera ekonomikoaren plangintzaz eta programazioaz, ogasun publikoaz, aurrekontuez eta ekonomia-finantza kontrolaz, finantza politikaz, ondareaz eta Hitzarmen Ekonomikoaren kudeaketaz.

Ekonomia eta Enpresa Garapenerako Departamentuaren gain zenbait arlo egonen dira: ekonomia eta enpresa garapenaren kudeaketa; espezializazio adimentsurako S3 estrategia; sektore estrategikoen eta clusterren bultzada; lehiakortasunaren, ekintzailetzaren, kalitatearen eta berrikuntzaren sustapena; energia, industria eta meatzaritza kontrola; lan harremanak, gizarte ekonomia eta lan autonomoa. Bere esku egonen dira, baita ere, turismo, merkataritza, artisautza eta kontsumo arloko eskumenak eta Enpresa Korporazio Publikoa.

Migrazio-Politika eta Justizia Departamentuari dagozkio delituen biktimei arreta eskaintzea; gaizkileen birgaitzea eta birgizarteratzea; Nafarroako Zuzenbidearen sustapena, orokorrean; Nafarroako Gobernuak inmigrazioari dagokionez definitu duen politikaren garapena eta koordinazioa; etorkinen gizarteratzea, eta aniztasun etnikoaren eta kulturalaren kudeaketa.

Hezkuntza Departamentua unibertsitatetik kanpoko irakaskuntzari dagozkion gaiez arduratuko da.

Eskubide Sozial Departamentuari dagokionez, bere esku egonen dira gizarte gaiak, familia, haurren eta nerabeen arreta; pertsonen autonomiaren sustapena; adinekoen eta urritasunak dituztenen beharren arreta; gizarteratzea; garapenerako nazioarteko lankidetza; eta enplegurako eta laneratzerako politika aktiboak.

Osasun Departamentuaren esku daude osasun publiko, laneko osasun, osasun arreta eta osasunaren babesari buruzko eskubideen bermea. Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren esku egonen dira hizkuntz politika eta euskararen sustapena, bake politikak, elkarbizitza eta giza eskubideak (Oroimenaren Nafarroako Institutua), Europar Batasunarekin erlazionaturiko gaiak eta Gobernuaren Ordezkaritza EBren aurrean, mugaz gaindiko eta lurraldeen arteko lankidetza eta nafarren arreta atzerrian.

Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak izanen ditu eskumenak gai hauetan: unibertsitateko irakaskuntza, ikerketa, garapen teknologikoa eta berrikuntza, espezializazio adimentsurako S3 estrategiaren barruan; lehiakortasun eta kalitate estrategiaren definizioa; eraldaketa digital eta zientzia eta teknologia planen bultzada; eta informazioaren gizartearen eta informazioaren eta komunikazioaren teknologien erabileraren sustapena.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentua arduratuko da gai hauez: nekazaritza, abeltzaintza, elikadura, landa azpiegiturak eta landa garapen jasangarria eta partaidea; ingurumenaren babesa eta kudeaketa; baliabide hidrikoak; klimaren aldaketaren aurkako estrategia; eta ekonomia zirkularraren sustapena.

Amaitzeko, Kultura eta Kirol Departamentuaren esku egonen dira kultur ondarea, kulturarako sarbidea, arte sorkuntzaren eta hedapenaren sustapena, kirolaren bultzada, bizitza kalitatea hobetzeko oinarrizko ardatz gisa eta kirol azpiegituren erregulazioa eta hobekuntza.