2019ko uztailaren 25a

Ingurumenak eta Endesak hitzarmena sinatu dute Erronkariko elektrizitate sarean babestutako hegaztien elektrokuzioa eta talkak gutxitzeko

Egokitzea 5 kilometrotan egingo da, 28 dorre eta 36 kofaduratan

Ingurumenak eta Endesak hitzarmena sinatu dute Erronkariko sare elektrikoan babestutako hegaztien elektrokuzio eta talkak gutxitzeko.

Lankidetza honen bitartez, 5 kilometroko elektrizitate sarea egokituko da, 28 dorrerekin eta 36 kofaduraren (dorren arteko tarteak) seinaleztapenarekin, baina zinta luminiszentez hornitutako txoriak babesteko 30-35 cm-ko baliza aurreformatuekin ere.

Hitzarmen honen harira, Endesak bere gain hartu du Erronkari 1 eta Erronkari 2 transformazio-zentroetako desbideratzeetan eta Burgitik Bidankozerako sarearen zatian 2018an bezala esku hartzeko konpromisoa. Bata zein bestea galtzeko zorian dagoen ugatzaren (Gypaeatus barbatus) arrisku eremuan kokatuta daude.

Horren haira gogoratu behar da elektrizitate sareek bi arrisku mota dituztela hegaztiendako: elektrokuzioa dorreetan paratzen direnean, zuzenketa neurriek eroaleak (kableak) isolatzea helburu dutelarik; eta hegan dabiltzanean gidariekin talka egitea, eta horretarako, txoriak babesteko balizak jarriko dira.

Testua asteazken honetan sinatu dute Ingurumen eta Lurralde Antolamenduko jarduneko zuzendari nagusi Eva García Balaguerrek eta Endesa Distribución Eléctricaren Aragoiko Dibisioko zuzendari, Javier Mecok. García Balaguerren esanetan, “ekimen honek hegaztien babesean aurrera egiteko aukera emanen du, hegaztiendako arriskua murrizten ahal dela frogatzen duten neurrien bitartez”.

Eskuhartzearen aurrekontua 90.000 eurokoa da. Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazioko Departamentuak 34.000 euro jarri ditu, eta Endesak gainerako 56.000 euroak.

Estatuko arauditik gorako neurriak

Nafarroak 1991 baino lehen eraikitako tentsio altuko hainbat elektrizitate sare ditu, eta horien ezaugarri teknikoen kariaz, istripu arrisku handia suposatzen dute hegaztiendako, are handiagoa galtzeko zorian dauden ugatza gisako espezieen ohiko joan-etorrietarako eremuetan kokatuta baitaude.

Galtzeko arriskuan dauden hegazti horiek tamaina handikoak direla kontuan harturik, elektrizitate sareak zuzentzeko Endesarekin adostu diren neurriak autonomia-erkidegoetako zein Estatuko arauditik aisa goragokoak dira.