Descárgate la app
Arratsaldean bi norabideetan zabalduko da N-121 errepidea Puiun
2019ko uztailaren 16a
Arratsaldean bi norabideetan zabalduko da N-121 errepidea Puiun
Iruña-Tutera, N-121 errepidea, gaur arratsaldean trafikoarentzako erabilgarri izanen da bi noranzkoetan. Herri Lanetako Zuzendaritza Orokorra 30. kilometroko (El Maño kurban) errepide eta seinalizazioaren lanak amaitzen ari da, hala egokitutako behin-behineko bidea zabalik izanen da, ziurrenik, gaur arratsaldeko 19:00ak inguruan.
NA-5510 errepidearekin bidegurutzea behin betiko eta erabat jartzeko lanak datozen asteetan jarraituko dute, eta N-121, Iruña-Tutera, errepideko zirkulazioarekin bateragarriak izango dira.
Tafallako Kontserbazio Zentroak, Kontserbazio Zerbitzura atxikiak, eta Erri Berri enpresak, bidearen kontserbazio osoaren enpresa esleipendunak, lanak bizkortu dituzte asteburu osoan zehar, irtenbide bat emanaz N-121 errepideari 30. kilometroan jarraipena eman ahal izateko zirkulazio-plataforman, pasa den hilaren 8ko denboraleak gehien kaltetutako puntuan.
Era berean, kaltetutako beste errepide batzuk konpontzeko lanetan ari dira, Leotzko Haranerako sarrera barne; bertan, zirkula daiteke lehengo ostiralean, hilaren 12an, prestaturiko behin-behineko erreian barrena.
Datorren astean, Santsoaingo zubia
Santsoaingo sarrerari dagokionez (Leotz), hots, NA-5163 errepideari, Kontserbazio Zerbitzua behin-behineko pasabide bat prestatzen ari da, eta datorren astean erabili ahal izango da. Ebroko Konfederazio Hidrografikoak adierazitakoaren arabera, ibilgua garbitzeko eta prestatzeko lanak egiten ari dira, hormigoizko marko aurrefabrikatuak instalatzeko, behin-behineko pasabidea eraiki ahal izate aldera, zubi berria eraikitzen den bitartean, aurrekoaren egitura erabat kaltetuta geratu baitzen sakanean ura igotzeagatik.