2019ko uztailaren 9a

Nafarroako Gobernuak AP-15 autobidearen Imarkoaingo bide-saria aldi batez kentzea erabaki du, uholdeek kalteturiko N-121 errepidea konpontzeko lanek dirauten bitartean

Barkos Lehendakariak Morionesen (Ezprogi) uholdeen ondorioz hil den gaztearen heriotza deitoratu du Tafallan, Cidacos ibaiaren inguruko alkateekin izandako bileran
Irudi galeria

Nafarroako Gobernuak Nafarroako Autobidearen (AP-15) Imarkoaingo bide-saria aldi batez kentzea erabaki du, atzo iluntzeko aparteko euri-jasen ondorioz Cidacos ibaiko uholdeek Puiu aldean larri kaltetu duten N-121 errepidea konpontzeko lanak bukatu arte. Ordainlekuko langak irekita daude gaur eguerdian geroztik.

Obra Publikoetako lehen estimazioen arabera, lanek hilabete bat edo bi iraunen dute. Denbora honetan gomendatu diete herritarrei AP-15 autobidea erabil dezatela Tafallara joateko, eta N-121 errepidea erabiltzeari uko egin diezaiotela, Piura eta honen iparraldeko beste herri batzuetara joateko izan ezik. Puiuren eta Tafallaren arteko joan-etorriak Artaxoatik Tafallarako errepidetik egin beharko dira.

Bide-sariaren doakotasunaren akordioa Nafarroako Lehendakari Uxue Barkosek iragarri du gaur goizean, prezipitazioek eragindako kalteei buruzko lehen balorazioa egiteko eta kalteturiko eremua normaltasunera itzul dadin bideratu beharreko neurriak aztertzeko Tafallako Udaletxean izandako bileraren ondoren.

Nafarroako Gobernuaren izenean, Lehendakariarekin batera, Garapen Ekonomikoko lehendakariorde Manu Ayerdik; Lehendakaritza, Funtzio Publiko, Barne eta Justiziako kontseilari Maria Jose Beaumontek; eta Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazioko kontseilari Isabel Elizaldek parte hartu dute, baita Departamentu horietako goi-kargudunek ere. Bertan izan da, halaber, Babes Zibilaren Zerbitzuko zuzendari Isabel Anaut eta Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko zuzendari Javier Bayona.

Kalteturiko udalen izenean, bileran izan dira Leozko alkatea (Amaia Ruiz), Erriberrikoa (Maite Garbayo), Orisoaingoa (Álex Duró), Pitillaskoa (Pedro José Labari), Puiukoa (Mª Rosario Guillén), Tafallakoa (Jesús Arrizubieta) eta Garinoaingo zinegotzi Joseba Intxusti. Hauekin batera, Gobernuaren Nafarroako ordezkari José Luis Arasti eta Foruzaingoaren, Guardia Zibilaren eta udaltzaingoen ordezkariak bertaratu dira.

Bileraren ondoren, komunikabideen aurrean agertu da Barkos Lehendakaria, eta ezertan hasi aurretik, doluminak eman eta elkartasuna agertu die Nafarroako Gobernuaren izenean, uholdeek ibilgailua arrastaka eramatean Morionesen (Ezprogi) hil den gaztearen senitartekoei. Gorpua goizealdean aurkitu eta goizean erreskatatu dute suhiltzaileek eta foruzainek, landaretzaren trinkortasunari eta korrontearen indarrari aurre eginez.

Gaurko egoerari dagokionez, eguerdiko 12etan, Tafallako Martín Espronceda kaleko 24an kokatuta dagoen etxebizitza-eraikina hustu behar izan dute udal arkitektoak aginduta, zimenduetan antzemandako kalteei neurria hartu ahal izateko. Bestalde, ez dago errepidez iristerik Sansoaingo herriguneraino (Lerga), Cidacos ibaiaren gaineko zubia hondatuta gelditu baita, eta pista bat antolatzeko lanetan dihardute, N-121 errepidearekiko behin-behineko konexioa lortu arte. Behar izanez gero, herrian bizi diren dozena bat pertsonek eta landa-etxearen erabiltzaileek helikopteroaren laguntza izanen dute.

Gaur goizean elektrizitate horniketari dagozkion arazoak konponduz joan dira, bereziki Erriberri eta Pitillas aldean, eta eremuko zenbait herritan etenda zegoen ur-hornidura konpontzeari ekin diote. Bestalde, uholdeen ondorioz, etenda jarraitzen dute Tafalla hegoaldeko zenbait errepidek, baina uraren mailak behera egin ahala, irekiz joanen dira ondorengo orduetan.

Babes Zibilak bukatutzat jo du gaur goizean atzo iluntzeko uholdeen kariaz dekretaturiko alerta fasea eta Cidacos ibaiko uholdeek eragindako kalteak konpontzeko fasea aktibatu du.

Nafarroako Gobernuak, Elizalde kontseilariaren bitartez, harreman zuzenak izan ditu gaur goizean UAGN eta EHNE Nafarroako nekazaritza arloko sindikatu nagusiekin, komunikazio-kanal iraunkorra irekitzeko eta nekazaritza-azpiegituretan zein laboreetan izandako kalteak ebaluatzeko.

Apartek euri-jasak

Atzo iluntzean Nafarroako Erdialdea astindu zuten uholdeek aurreikuspen guztiak gainditu dituzte, izan ere, Estatuko Meteorologia Agentziak (AEMET) alerta horia aktibatua zuen ekaitzak gerta zitezkeen ustean, eta alerta hori maila gorrira igo zuen uholdeak gertatzen ari ziren unean. Prezipitazioek aurreikuspenak laukoiztu zituzten, Getadarko behatokian 159,7 litro eta Tafallakoan 100,2 erregistratu zirelarik.

Ondorioz, amildegietatik bildutako ezohiko emariek bat-bateko eta berehalako igoera eragin zuten Cidacos ibaian, Erriberrin 1989an emariak neurtzeko abiarazitako estazioan inoizko kopururik handienak erregistratu zirelarik. Gauerdian, uholdeek emariak neurtzeko estazioaren gaitasuna gainditua zuten, alegia, 5 metroko altuera eta segundoko 386 metro kubikoko emaria gaindituz. 17.40an, ibaiaren altuera 0,11 metrokoa zen.

Ibaiak eragindako kalte materialak arras handiak izan dira, eta kotxeei, garajeei, beheko solairuei, sotoei, merkataritza lokalei, industriei, kirol-eremuei eta azpiegiturei eragin die nagusiki. Trenen joan-etorriak ere etenda daude Tafallaren eta Nafarroako hiriburuaren artean.

Felipe VI.a Erregearen deia

Bestalde, arratsaldeko lehen orduan, Felipe VI.a Erregeak telefonoz deitu dio Barkos Lehendakariari Ezprogin hildako gazteari buruzko doluminak agertzeko eta hondamendiak eragindako kalteei buruz galdetzeko.

Dei honen bitartez, erregeak zorionak eman dizkie atzo iluntzeko euri-jasek eragindako larrialdi-egoerari aurre egiteko lan egin duten dispositibo guztiei.