2019ko uztailaren 5a

Eraldaketa digitaleko diagnostikoa eta orientazioak egiteko enpresentzako diru-laguntza deialdia plazaratu da

Prozedurak 200.000 euroko diru-laguntza izango du, eta eskaerak aurkezteko epea abuztuaren 5ean amaitzen da

Nafarroako jarduneko Gobernuak, Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, diru-laguntzen deialdia argitaratu du, 200.000 eurokoa, enpresei eraldaketa digitaleko planak egiten laguntzeko. Eskaerak aurkezteko epea abuztuaren 5ean amaitzen da.

Nafarroako 2020 Industria Planaren esparruan, prozedura honen bidez 4.0 industria bultzatu nahi da, eta, horretarako, ezinbestekoa da enpresa-arloko prozesuak eta kudeaketak digitalizatzea. Deialdiari esker, kanpoko aholkularitza espezializatua kontrata daiteke, enpresak duen heldutasun digitalaren mailari buruzko diagnostikoa egiteko; horren ondoren, eraldaketa digitalaren banako plana egingo da konpainia bakoitzarentzat. Planean ibilbide-orri bat markatu behar da beharrezko gaitze digitalak ezartzeko.

Enpresek beren eskaerak aurkez ditzakete Nafarroako Gobernuak Interneten duen izapideen katalogoaren esteka honen bitartez soilik, eta abuztuaren 5era bitarte. Deialdiaren arabera, enpresa onuradun izan ahal izateko, ondorengo jardueraren bat garatu behar dute eta Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan dagokien epigrafean alta emanda egon:

  • Erauzketa-industriak (CNAE-2009ko Jarduera Ekonomikoen Sailkapen Nazionaleko B Sektorea).
  • Manufaktura-industriak (CNAE-2009ko C Sektorea).
  • Lurrunaren eta aire egokituaren hornidura (CNAE-2009: D ataleko 35.3).
  • Hondakinen tratamendua eta ezabaketa; balorazioa eta deskontaminazio jarduerak eta hondakinak kudeatzeko bestelako zerbitzuak (CNAE-2009: E ataleko 38.2, 38.3 eta 39).
  • Logistika-jarduerak; hau da, salgaiak gordetzea eta biltegiratzea eta maneiatzea eta garraioarekin loturiko bestelako jarduerak (CNAE-2009: H ataleko 52.1, 52.24 eta 52.29).

Deialdiaren oinarrietan prozeduran zer dokumentazio eskatzen den azaltzen da.