2019ko ekainaren 27a

Dagoeneko eskuragarri dago Nekazaritza, Abeltzaintza eta Landa Inguruko web berria

navarra.es gunearen barruan, gaiei buruzko edukiak berritu eta aurretiko izapideak mantendu ditu

Dagoeneko eskuragarri dago Nafarroako Gobernuaren Nekazaritza, Abeltzaintza eta Landa Inguruko web berria. Bertan, gaiei buruzko edukiak berritu eta aurretiko izapideak mantendu eta eguneratu ditu. Berrikuntza honekin, web gunearen edukiak eskuragarriagoak izango dira ataritik, bilatzaileetatik eta gailu mugikorretatik.

Orri berriak zerbitzuei eta izapideei lehentasun handiagoa eman die, besteak beste, Nekazaritza Politika Erkidearen laguntzen eskaera (PAC) eta Landa Garapeneko Programaren laguntzak (PDR), espedienteen izapideen egoera kontsulta eta Abeltzaintzaren Bulego Birtuala, herritarrek, oro har, eta sektoreko profesionalek, nekazaritza esparruari dagokionez, burutu beharreko kudeaketak errazteko helburuarekin.

Aurreko web orriari dagokionez, multzokatu dira lehen sakabanatuta zeuden edukiak, eta informatibo hutsak ziren beste batzuk ezabatu dira, berezkoak ez zirelako eta beste euskarrietan horiei buruzko informazioa ematen zelako. Horri esker, ia eduki guztietara ataritik sartu daiteke, horiek bilatzea errazago izanik.

Lana egiterakoan, irisgarritasuna bilatzaileen bidez erraztea ere kontuan hartu da, bisiten erdia baino gehiago zuzenean bilaketa tresnen bidez iristen delako. Gailu mugikorren bidezko irisgarritasunari ere lehentasuna eman zaio formatu berrian, beraz, web berriaren diseinua responsive da, hau da, horri esker, web gunea zuzen bistaratu daiteke gailu desberdinetatik, esaterako, mahai ordenagailuetatik, tablet eta mugikorretatik. Berrikuntza hau navarra.es gunea hobetzeko eta sinplifikatzeko burutzen ari den proiektu orokorraren barruan kokatzen da. Hura ondoz ondoko fasetan gauzatzen ari da, edukietara modu intuitiboan eta errazagoan sartu ahal izateko.

Datu garrantzitsu bat ematearren, aipatu behar da urtebetez (2017ko urriaren 1etik 2018ko data berdinera), web honek 78.854 bisita erregistratu dituela, eta horietatik sarrienak Nekazaritza Behatokiarekin lotutakoak (26.387 bisitak, %33,64), eta Abeltzaintza (14.153, %18) eta Nekazaritza (12.751 bisita, %16,17) sektoreekin lotutakoak izan direla.

Edukien hiru bloke

Web gunearen edukiak hiru bloke handietan multzokatu dira. Lehenengoak nekazaritza, abeltzaintza, nekazaritzarako elikaduraren kalitatea, EVENA, ekoizpen ekologikoa, baso sektorea, prestakuntza eta ikerkuntza, nekazari gazteak eta nekazaritza estatistiketekin lotutako zerbitzu eta izapide desberdinetara darama.

Bigarren atala estatistika izaerakoak ez diren hiru banner-ez osatuta dago. Bertan nabarmentzen dira egunerokotasunarekin lotutako gaiak. Horrela, une honetan, gune hauek mahatsondoren egoera fenlogikoei, PAC, sasitzak erretzeak eragindako suteen arriskuei eta larreiei buruzko gaietarako erabiltzen dira.

Azkenik, hirugarren blokeak informazioarekin eta egunerokotasunarekin lotutako edukira darama, besteak beste, Landari buruzko Asteko Txostena, Prezioen eta Merkatuen Buletina, eta Nekazaritza Egiturari buruzkoa. Horiek Departamentuaren beraren zerbitzuen bidez osatzen dira. Horrez gain, azken bloke honetan harremanetarako datuak ere ematen dira.