Descárgate la app
Osasun Departamentuak “Ohi dena edatea, gehiegi izan daiteke” kanpaina abiarazi du alkoholaren gehiegizko kontsumoak izan ditzazkeen kalteez ohartarazteko
2019ko ekainaren 24a
Osasun Departamentuak “Ohi dena edatea, gehiegi izan daiteke” kanpaina abiarazi du alkoholaren gehiegizko kontsumoak izan ditzazkeen kalteez ohartarazteko
Nafarroako Lan eta Osasun Publikoko Institutuak astezkenetik aurrera, hilak 26, “Ohi dena edatea, gehiegi izan daiteke, ezagutzen dituzu zure mugak?“ kanpaina abiatuko du alkoholaren kontsumoaren inguruan gizarte hausnarketa sustatu eta sustantzia horren kontsumoak eragin ditzakeen arriskuak ezagutarazteko.
Bat egin du horrela, 1987an Nazio Batuen Batasunak harturiko erabakiaren ondoren urtero egiten den “Droga Trafikoaren eta Drogen Gehiegizko kontsumoaren aurkako Nazioarteko egunarekin”. Beste behin, egun hori biztanleei informazioa emateko une gisa proposatzen da, pertsona bakoitzak drogei eta adikzioei jartzen dizkion mugei buruzko gogoeta egiteko.
“Ohi dena edatea, gehiegi izan daiteke” kanpaina 2017an jarri zen martxan, eta indartu egin zen 2018an, eta baita aurten, 2019an, ere. Horrela, gomendioak jasotzen dituzten 1.000 kartel elebidun argitaratu dira, eta jaiak dauden guneetan banatuko dira uda honetan.
Diario de Navarra, Diario de Noticias, Gara eta Berria egunkarietan eta toki mailako Al Revés Zizur, Ezkaba, Mendixut, Ttipi Ttapa, Calle Mayor Estella, Entreto2 Estella, Guaixe, Mailope, La voz de la Merindad. Tafalla, Plaza Nueva. Tudela, La voz de la Ribera. Tudela, Entreto2 Valdizarbe, Entorno Valdizarbe, Revista Concejo, Pulunpe eta Ze Berri aldizkarietan argitaratuko da, eta, horrez gain, mezuak zabalduko dira Facebook, Twitter eta Instagram sare sozialetan.
Adikzioen kostu pertsonala
Drogen kontsumoak eta substantziarik gabeko bertze adikzio batzuek, oso kostu pertsonal handia dute biztanleriaren parte garrantzitsu batean, eta hori larriagoa da adingabeen kasuan. Tabakoa da, oraindik ere, gaixotasunen eta ekidin daitezkeen heriotzen zergati nagusia, eragile gisa agertzen baita 15 minbizi motatan eta bihotzeko, burmuineko, birikietako… hainbat gaixotasunetan. Alkoholaren arrisku-kontsumoa 60 gaixotasun baino gehiagorekin dago erlazionaturik, horien artean hainbat minbizi eta zirrosi hepatikoa. Cannabisa, buruko arazoak jasateko arrisku handiagoarekin lotzen da. Ludopatiak sufrimendu izugarria eragiten du norberarengan, eta baita familia eta gizarte mailan ere. Bertze kontsumo batzuek, kokainak, estasiak, aluzinagarriek, heroinak eta substantzia psikoaktibo berriek, maiztasunari dagokionez urriagoak diren arren, arazo asko eragiten dituzte, arazo fisikoak, psikologikoak, harremanei dagozkienak, legezkoak, lanekoak, ekonomikoak… eta baita istripuak ere.
Nafarroan, kontsumoek presentzia altua dute. Gehien kontsumitzen diren gaiak, biztanle guztien artean, eta baita gazteen eta adingabeen artean ere, hauek dira, maiztasun ordenaren arabera: alkohola, tabakoa eta cannabisa.
EDADES 2017 izeneko Drogen Nazio Planak erakusten duenez, Nafarroako Autonomia Komunitatean, 15 eta 64 urte arteko biztanleen %92k alkohola kontsumitu du bere bizitzan behin gutxienez; %64k tabakoa kontsumitu du, eta %8,1ak cannabisa. Bertze alde batetik, 2013 eta 2017 artean apustuek 31,44 milioi euro egin dutela gora hauteman da (Nafarroako jokoari buruzko urteko memoria). Substantziarekin edo jokoarekin harremanetan hasten direnen artean, parte bat baino ez da kontsumoa egonkortzen duena. Kontsumoaren adierazle gisa hartzen dira azken 30 egunetako kontsumoaren datuak. Gure komunitatean hauek dira: %63,7 alkoholaren kasuan, %32,6 tabakoan eta %8,1 cannabisean.
Erabilera arazotsua, hautemaniko arriskua eta eskuragarritasuna
Kontsumoaren ondorioak, orokorrean, kontsumituriko kantitatearen, maiztasunaren eta kontsumo patroiaren araberakoak izan ohi dira. Arazo gehien eragiten dituzten kontsumoen artean hartzen dira adingabeek egiten dituztenak, tabakoaren eguneroko kontsumoa, alkohola gomendatutakoaren gainetik erregulartasunez kontsumitzea, alkohol kontsumo intentsiboak mozkorraldian edo betekada kontsumoa edo binge drinking izenekoa (5 alkoholdun edariren edo gehiagoren kontsumoa gizonetan eta 4 edo gehiago emakumeetan, irteera edo kontsumo egoera bakarrean), edo eguneroko bizitzan eragina duen Interneten edo jokoaren kontsumoa edo erabilera konpultsiboa.
Ikasle gazteek eta helduek droga gehienen aurrean arriskua handiagoa hautematen duten arren, gaur egun arrisku gutxien hautematen zaion substantzia alkohola da. Eskuragarritasunari dagokionez, cannabisa da legez kanpoko droga eskuragarriena, eta 24 ordutan erraz edo oso erraz lortu daitekeela esaten da. Substantzia psikoaktibo berriak ere erraz eskura daitezkeela esaten da, eta hautematen zaien arriskua txikia da.
Alkohola, gehien kontsumitzen den substantzia
“Health Behaviour in School-aged Children (HBSC)” Navarra 2018 azterlanak planteatzen duenez, 11 eta 12 urte arteko gazteen %97,1ak EZ du alkoholik kontsumitu azken 30 egunetan. Baina ehuneko horrek behera egiten du adinak gora egin ahala: %85,3, 13 -14 urterekin; %54,2, 15 – 16 urterekin; eta %31,7, 17 – 18 urterekin.
ESTUDES 2016 azterlanak erakusten zuenez, 14 – 18 urte arteko biztanleen artean, alkohol kontsumoak, mozkorraldiak eta betekada kontsumoak estatuko batez bertzekoak baino altuagoak ziren. Azken 30 egunetan, %71,35ak alkohola kontsumitu zuen, %27,8a mozkortu zen, eta %36,2ak betekada kontsumoa edo binge drinking izenekoa egin zuen.
Nafarroako 14 eta 18 urte arteko gazteen artean alkoholaren eta tabakoaren kontsumoaren hastapenari eta desberdintasunei buruzko azken azterlan koalitatiboak, Nafarroako Osasun Publiko eta Laneko Institutuak (ISPLN) 2018an eginikoak, alkohola kontsumitzeko motibazioen artean aisia-dibertsio-kontsumo izaera duten zergati zabalak eta hazteko eta berdinen taldeetan (koadrilak) integratzeko beharra aurkitzen ditu. Elkarrizketaturiko gazteek “alkoholen” onurak azpimarratzen dituzte (ez dute drogari edo substantziari buruz hitz egiten), horien gustuak, zaporeak, koloreak eta motak (vodka, vodka beltza, tekila, tekila arrosa, likore “gozoak”…) aipatuz. Aukera zabala, gazteek aukeratu dezaten.
Koloreak eta zaporeak, alkohol batzuen edo bertzeen aldeko zaletasuna markatzen duten elementu organoleptiko eta modal gisa nabarmentzen dira. Gozotasuna nerabezaro aurreko adinetatik eta nesketatik gertuago dago, eta zapore lehorragoak, eta baita mingotsak ere, dira mutilek nahiago dituztenak. Modu berean, nahasketak egiteko orduan, neskek nahiago dituzte laranja koloreak edo zaporeak, eta mutilen artean, koloreez gain, limoi zaporeak zaletasun handiagoa sortzen du. Ekoizleek, banatzaileek eta publizitate egileek datu horiek guztiek ezagutzen eta erabiltzen dituzte.
Gozatzeko, ospatzeko, sozializatzeko… edaten da, baina, hala ere, sarri askotan aurkakoa gertatzen da: autokontrola galtzen da, ardurarik gabeko gauzak egitea, adibidez, bertze egoera batzuetan izanen ez genituzkeen harreman sexualak izatea, bertzeak bertze. Gainera, alkohola edateak bertze ondorio batzuk ere baditu: biharamuna, adibidez, eta une batean estresa edo urduritasuna murrizten dituela iruditu arren, eragina kontrakoa izan daiteke, arazoak ez dira alkohola edanez desagertzen, alderantziz baizik, tristura eta depresioa handiagoak egin daitezke. Eta horri guztiari, alkoholdun edariek azukre asko dutela, eta alkohol asko edaten denean azukre hori eraldatu eta gorputzean gantz gisa metatzen dela gehitu behar diogu.