Descárgate la app
Nafarroako Ogasunak aurrera eginen du digitalizazio prozesuan iruzurraren aurkako borrokan eraginkorragoa izateko
2019ko ekainaren 14a
Nafarroako Ogasunak aurrera eginen du digitalizazio prozesuan iruzurraren aurkako borrokan eraginkorragoa izateko
Nafarroako Zerga Ogasunak (NZO) prebentzio neurriak eta zerga-betebeharrak borondatez betetzea xede dutenak indartuko ditu. Horretarako, beste hainbat ekintzaren artean, digitalizazio prozesuan aurrera egin eta herritarren zerga arloko ezaguerak hobetzen ahaleginduko da, Foru Komunitateko irakasleei zuzendutako Ikasgela Fiskala, gisako programen bitartez.
Horiexek dira Zergen Kontrolerako 2019ko Planean bildutako berritasunetako batzuk (horri buruzko ebazpena gaur argitaratu da NAOn), Iruzurraren Aurka Borrokatzeko 2016-2019ko Planean zehaztutakoaren harira, hortxe jasota baitaude Nafarroako Zerga Ogasunaren lehentasunezko ildoak ondoko esparru hauetan: informazioa eta laguntza; beste zerga-administrazioekiko lankidetza; ikerketa eta ezkutuko ekonomiaren aurkako borroka; eta zerga-bilketaren kontrola.
Prebentzioa da iruzurraren aurka borrokatzeko neurri nagusietako bat. Horretarako, zerga-betebeharrak borondatez betetzeko aukera ahalik eta gehien erraztuko da, jakinarazpenetan nahiz aitorpenetan teknologia berrien erabilera bultzatuz. Horrela, ahalik eta gehien murriztu nahi da papereko agirien aurkezpena, identifikatzeko eta jakinarazteko metodo digitalak sustatuz.
Kontuan izan behar da azken hilabeteotan aurrerapauso handiak eman diren norabide horretan. Adibidez, jakinarazpen elektronikoa egiteko betebeharra ezarri da, PFEZaren autolikidazio-proposamenak gehitu dira eta Informazioa Berehala Emateko Sistema (IBE) abiarazi da, BEZaren kudeaketan garrantzi handiko aldaketa eraginez.
Gainera, NZOk ahalegin berezia eginen du 2019an, herritarren zerga arloko ezaguerak hobetzeko eta iruzurra justifikatzen duten gizarte-baldintzapenak gainditzeko. Horren harira sortuak dira aipaturiko Ikasgela Fiskala proiektua eta laster abian jarriko den erakunde autonomoaren webgune berria.
Kalitate handiagoko informazioa eta denbora laburragoan
Nafarroako Ogasunak inguruko zerga-administrazioekin sinatuak dituen lankidetza-hitzarmenak berrituko ditu, zergadunei buruzko informazio guztia biltzeko xedez. Zerga-Administrazioko Estatuko Agentziaren kasuan, informazio truke honek nazioarteko garrantzi handiko informazio-iturrietarako sarbidea erraztuko du.
Gainerako entitate publiko eta pribatuei dagokienez, datuen gurutzaketak ezkutuko ekonomiaren aurka borrokatzen eta iruzurrezko egoerak antzematen lagunduko du.
Bestalde, informazioaren digitalizazioak erro-errotik aldarazi du ikuskapenak egiteko modua. 2019an, Nafarroako Ogasunak auditoretza informatikoa egiteko tresna berriaren ezarpena bukatuko du, iruzurrezko jardueren detekzioa areagotzeko.
Halaber, Nafarroako Ogasunean, Informazioa Berehala Emateko Sistemari (IBE) atxikitako enpresen BEZari buruzko erregistro-liburuen informazioaz egiten ari den erabilera gero eta handiagoak aurrerapausoak ematen lagunduko du, zergadunarendako laguntzan zein zergen kontrolean.
Lankidetza handiagoa
Planak iradoki duenez, tokian bertan Foruzaingoarekin koordinatuta egiten diren jarduketekin jarraituko da, iruzur gehien antzematen den sektoreen jarraipena eginez. Zergen Kontrolerako Planak berariaz aipatu ditu ibilgailuen salerosketa, balio erantsi handiko zerbitzuak, juridikoak zein osasun arlokoak, higiezinen sektorea, edota zergak moduluka ordaintzen dituztenak.
Ildo horretan, alokairu turistikoetan eta Interneten bidez eskaintzen diren bestelako zerbitzuetan zergak behar bezala ordaintzen ote diren ikuskatzen jarraituko da. Nazioarteko datuetarako sarbideak Ogasunaren gaitasuna hobetuko du, aitortu gabeko ondareak eta Sozietateen gaineko Zergan nahiz BEZean gerta daitezkeen gehiegikeriak antzemateko. Gainera, berritasun bezala, Bitcoin gisako moneta birtualen jabetzaren berri eman beharko da.
Zorren kobrantza bermatzea
Zergen kobrantza bermatzea lehentasunezko helburua da Nafarroako Zerga Ogasunarentzat. 2019rako efikazia handiagoa lortu nahi du, borondatezko zein nahitaezko diru-bilketan. Azken honetan, erantzukizuna deribatzeko espedienteak sustatuko dira.
Gainera, gehiegikeriak antzeman dira ordainketa zatikatzeko prozeduretan. Ogasunaren 2019rako helburuetako bat zatiketa horiek zorren ordainketa mugarik gabe eta justifikaziorik gabe luzatzeko erabiltzea saihestea izanen da.