2019ko ekainaren 4a

Ogasunak Ikasgela Fiskala Nafarroa webgunea aurkeztu du zerga erantzukizuna bultzatzeko

Gai zibiko-tributarioei buruzko edukiak iruzur fiskalaren aurkako borrokari lotuta daude, eta horien ezagutzak kohesio, berdintasun eta oparotasun handiagoko gizartea sustatzen du, Aranburu kontseilariaren esanetan

Aranburu kontseilariak Ikasgela Fiskala Nafarroa webgunea aurkesten du.

Aranburu kontseilariak Ikasgela Fiskala Nafarroa webgunea aurkesten du.

  Deskargatu irudia
Irudi galeria

Ogasun eta Finantza Politikako kontseilari Mikel Aranburuk aurkeztu du gaur Ikasgela Fiskala Nafarroa webgunea (ikasgelafiskalanafarroa.com eta aulafiscalnavarra.com, gaztelaniazko bertsioan), Foru Komunitateko irakasleei zuzendutakoa. Gune birtual honetan, irakasleek 10 urtetik gorako ikasleendako ikas-materialak aurkituko dituzte zerga erantzukizuna bultzatzeko.

Aranburuk nabarmendu duenez, “heziketa zibiko-tributarioa funtsezkoa da herritar aktiboak eta arduratsuak garatzeko”. Sistema demokratikoek biztanleen parte-hartze aktiboa behar dute, baina “konpromiso hori gobernuaren funtzionamenduaz duten ulermenenari lotuta dago”. Horren harira, kontseilariak garrantzi handikotzat jo du heziketa zibiko-tributarioa, izan ere, “herritarrek zenbat eta informazio gehiago izan eskubide eta betebehar ekonomikoei buruz, orduan eta handiagoa izanen da gizartearen kohesioa, berdintasuna eta oparotasuna”.

Zerga arloko erantzukizunaren aldeko eta iruzurreko jokabideen aurkako balioak eta jarrerak sustatzea da lan honen helburua. Hortaz, asmoa ez da eduki akademikoak ematea, herritar aktibo eta arduratsuak garatzeko balio zibikoak zabaltzea baizik.

Hartara, materialek hainbat jarduera proposatzen dituzte ondasun eta zerbitzu publikoak bereizteko; horien balio ekonomikoa eta eragin soziala ezagutzeko; aurrekontu publikoan dauden gastuen eta diru-sarreren arteko loturez jabetzeko; herritar guztiek finantzaturiko ondasunekiko errespetuzko jarrerak barneratzeko; zerga-erantzukizuna gizarte-elkartebizitza antolatzen duten balioen artean finkatzeko; fiskalitatea gizarte demokratikoari dagozkion justizia, ekitate eta elkartasunaren balioak betetzen lagun dezaketen esparruetako bat dela ulertarazteko; eta Nafarroaren kasuan, foru-araubide fiskalaren berezitasuna eta Hitzarmen Ekonomikoa tresnatzat hartzeko.

Webguneak lau unitate didaktiko ditu Lehen Hezkuntza bosgarren eta seigarren mailetarako, DBHko lehen eta bigarren mailetarako, DBHko hirugarren eta laugarren mailetarako eta Batxilergo eta Lanbide-Heziketarako. Edukiak Nafarroako Zerga Ogasuneko teknikariek landu dituzte horrelako materialen elaborazioan trebatutako aditu baten laguntzaz. Gainera, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak proiektuaren berri izan du hasiera-hasieratik eta garapen-aldian zehar. Webgunea bukatuta dagoenez gero, Formakuntza Zerbitzuak orrialde didaktikoaren helbidea bidaliko die DBH, Batxilergo eta Lanbide-Heziketako ikastetxeetako zuzendari eta irakasleei, datorren ikasturtean tresnatzat erabiltzeko aukera izan dezaten.

Hauxe da Nafarroako Zerga Ogasunak ikasleen heziketa zibiko-tributarioa bultzatzeko eduki espezifiko bat garatu duen lehendabiziko aldia. Horrela, Akordio Programatikoan jasotako agindua (Herritarren zerga arloko erantzukizunari buruz hezteko eta kontzientziatzeko ekintzak gauzatzea) bete du, legealdi honetan administrazioen, alderdi politikoen, sindikatuen eta entitate sozialen parte-hartzeaz sortu den Iruzur Fiskalaren Aurkako Batzordearen iradokizuna aintzakotzat hartuz.

Edukien garapenak eta webgunea diseinatu eta abian jartzeko lanek 11.700 euro inguruko kostua izan dute.