2019ko ekainaren 6a

Baso suteen aurkako udako kanpaina hasi da

Suhiltzaile-parkeetan errefortzuzko langileak sartzen hasi dira eta horien hedapena bi asteren buruan bukatuko da
Baso suteak itzaltzeko udako kanpainarako bihar, 150 kide lanean hasiko 
dira
Baso suteak itzaltzeko udako kanpainarako bihar, 150 kide lanean hasiko dira  Deskargatu irudia Irudi galeria

Nafarroako Gobernuak baso suteak itzaltzeko udako kanpaina abiaraziko du bihar, eta horretarako, errefortzuzko pertsonala sartuko du Tutera, Azkoien eta Lodosako eskualdeetako suhiltzaile-parkeetan eta heliptero bidezko bi brigadetan.

Ondoren, ekainaren 14an eta 21ean, errefortzuzko langileak sartuko dira Cordovillan, Tafallan, Lizarran, Zangozan eta heliptero bidezko bigarren brigadan, guztira 150 pertsona sartu arte, horietarik 63 gidari postuan eta 87 peoi laguntzaile gisa.

Kanpaina honetan, guztira, 800 pertsonak jardungo dute lanean: 400 suhiltzailek, berariaz kontrataturiko 150 pertsonek eta udal suhiltzaile boluntarioen taldeei atxikitako 133 pertsonak. Gainera, beharrezkoa balitz, ingurumeko 115 basozainen eta Ingurumen eta Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiko 13 teknikariren laguntza izango lukete, lurralde zein ingurumenari buruz eta baso-makineriaren koordinazioari buruz duten ezagutza eskain diezaieten.

Kanpaina honetan, Nafarroako Suhiltzaileen aginte-egituraren ohiko errefortzua handiagoa izanen da sute-arriskurik handiena aurreikusia dagoen egunetan, aginte-arduradun bat gehituko baita helikoptero bidezko brigadetarako.

Baliabide materialei dagokienez, honako hauez baliatzeko aukera izanen dute: hiru helikoptero, Estatuak Noaingo basean utzitako lehorreko karga-hegazkin bat, 42 punpa-auto, hauen arten bost zisterna, eta langileak garraiatzeko 54 ibilgailu, baita Ingurumenak garrantzi handiko suterik izatekotan itzaltze-operatiboari laguntzeko eskainiko duen baso-makineria ere.

Udako kanpaina hasteko egunaren hautaketa estu-estu lotuta dago zenbait eredu meteorologikoren jarraipenarekin, prezipitazio zein tenperaturari buruzko aurreikuspenekin, azken hilabeteotan erregistratutako euriarekin, zoruaren hezetasunarekin eta zerealaren egoerarekin.

Neguko kanpaina

Bestalde, baso suteak prebenitu eta itzaltzeko neguko kanpaina trinko samarra izan da aurten, 2017an bezalaxe, iaz izandako onaldiarekin alderatuta. Guztira, 364 sute gertatu dira, iazko 98 suteen eta 2017ko 633 suteen aldean, eta horietan, 1.388,56 hektareako baso-azalera kaltetu da, iaz kalteturiko 211,67 hektareen eta 2017ko 1.153,74 hektare kaltetuen aldean.

Nafarroako Suhiltzaileen esanetan, igoera hori estu-estu lotuta dago eguraldiarekin, normalean baino beroagoa eta lehorragoa izan baita; larreetan abereen eskasiaren ondoren gertatu den sastraken garapenarekin; eta larreen kudeaketan sua erabiltzeko dagoen ohiturarekin, izan ere, aldez aurreko baimena behar bada ere, baldintza hori ez da beti betetzen.

Neguan, baso suteek eragindako irteera gehien izan duen parkea Oronoz-Mugairikoz izan da: 117 irteera, guztira. Parke honek aurre egin behar izan due suterik larrienei, Goizueta, Leitza, Bera eta Lesakako Suhiltzaile Boluntarioen udal elkarteekin batera. Horren atzetik daude Tuterako parkea (61 sute), Lizarrakoa (43), Tafalla eta Cordovillakoak (38), Azkoiengoa (29), Auritz eta Lodosakoak (26), Zangozakoa (11), Nabaskozekoa (8), Iruñekoa (Trinitarioak, 6) eta Altsasukoa (5).

Azkenik, abeltzainek Suhiltzaileen Zerbitzua eta Ingurumen Kudeaketako Basozaintza eta Kalitate Zerbitzuaren laguntzaz eta Nekazaritza Ministerioko langileekin batera egiten dituzten larreen erreketa kontrolatuei dagokienez, aurten, 13 erreketa egin dira 297,45 hektareako azalera barne hartuz.