Descárgate la app
Nafarroako Gobernuak Nafarroako Ijitoen Elkarteen Federazioarekin, "Gaz Kaló"rekin, hitzarmena sinatu du bere inklusio jardueren programa garatzeko
2019ko maiatzaren 28a
Nafarroako Gobernuak Nafarroako Ijitoen Elkarteen Federazioarekin, "Gaz Kaló"rekin, hitzarmena sinatu du bere inklusio jardueren programa garatzeko
Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Departmentuak Nafarroako Ijitoen Elkarteen Federazioarekin, "Gaz Kaló"rekin hitzarmena sinatu zuen, aurten "Gaz Kaló: ijito biztanleriaren gizarte inklusioa eta parte hartzea" goiburua duen jardueren programa garatzeko. Helburua da, ijito erakundei zerbitzuak eman, koordinatu eta elkarren osagarri izan, gizarteko sektore ezberdinekin elkarrizketak egiteko laguntza emanez, Nafarroako ijito komunitatearen tratu berdintasuna, gizarte sustapena, nortasun kulturala eta irudia bultza daitezen.
Foru Exekutiboaren 65.000 euroko finantzaketa duen programan honetan, Iruñea, San Adrian, Carcar, Andosilla, Azagra, Lizarra, Valtierra, Milagro, Tafalla, Berbintzana, Larraga, Zangoza, Caparroso, Azkoien, Carcastillo, Martzilla eta Ribaforadan, tokian tokiko elkarteen bitartez, garatu beharreko proiektuen diseinua, jarraipena eta ebaluazioa egiteko zenbait jarduera aurreikusi dira.
Programa garatzeko hitzarmena Gizarteratzeko eta Babes Sozialeko zuzendari nagusi Gema Mañú Echaidek eta “Gaz Kaló” Nafarroako Ijito Elkarteen Federazioko lehendakari José Jiménez Jiménezek sinatu dute.
Ekitaldian izan dira, halaber, Eskubide Sozialetako lehendakariorde Miguel Laparra; Lehen Mailako Arreta eta Gizarteratze Zerbitzuko zuzendari Iosune Legal; Gizarteratzeko eta Gutxiengoak Artatzeko Ataleko buru Agustín Otazu eta "Gaz Kaló" elkartearen Nafarroako koordinatzaile Ricardo Hernández.
"Gaz Kaló" proiektua
Ijito elkarteei koordinazioa, laguntza eta zerbitzuak ematea da “Gaz Kaló: ijito populazioaren gizarte inklusioa eta parte-hartzea” proiektuaren helburua, gizarteko hainbat sektorerekiko elkarrizketa sustatuz (Administrazio Publikoa, bestelako entitateak, komunikabideak, alderdi politikoak, etab.), Nafarroako ijito komunitatearen tratu berdintasuna, gizarte sustapena, nortasun kulturala eta irudia bultzatzeko xedez. Programako jarduera guztiak Nafarroako Gobernuak 2019ko urtarrilean onetsitako Nafarroako Ijito Populazioaren Garapenerako Estrategia (2019-2029) delakoarekin lerrokatuta daude.
Aurreikusitako jardueren artean, tokiko proiektuen diseinua eta jarraipena, elkarteetako zuzendaritza batzordeen eraketa eta dagozkien talde teknikoen eta boluntarioen antolaketa, eta lan egiteko protokolo, diagnostiko eta materialen elaborazioa eta zabalkundea nabarmendu behar dira.
Esparru komunitarioko profesionalendako nahierako formakuntza saioen garapena da Federazioak gauzatu beharreko beste ekintzetako bat, honako hauek barne hartuz: Gizarte Zerbitzuak, ijito populazioarekiko esku-hartze estrategietarako hezkuntza eta osasun arloko zerbitzuak, eta gaitasun kulturalari buruzko zein aniztasunaren arretari buruzko tailerrak. Horrekin batera, "Gaz Kaló" elkarteak tokiko, autonomia-erkidegoko zein Estatu mailako sareetan eta lantaldeetan parte hartuko du.
Sentsibilizazioa eta bitartekaritza dira Federazioak bereziki landuko dituen beste esparru batzuk, eta horretarako, jardunaldiak, topaketak eta egun berezietako ospakizunak (apirilean, ijito kulturaren eguna, arte flamenkoari buruzko jardunaldiak, arrazakeriaren aurkako astea, etab.) antolatu eta sare sozialetako nahiz komunikabideetako presentzia indartuko du, besteak beste.
Nafarroako lurralde osoan duen presentziagatik eta esparru komunitarioko elkarteekin duen elkarrizketarako gaitasunagatik, gatazkak konpontzeko bitartekaritzak ere garrantzi handia izanen du 2019an garatu beharreko zereginetan.
Egun, 12 elkartek osatzen dute “Gaz kaló” Nafarroako Ijito Elkarteen Federazioa: Tafallako “Sinando kali” Emakume Ijitoen Elkartea, Lizarrako “Ker kali” Ijito Elkartea, Iruñeko “San Fermin” Ijito Elkartea, Tuterako “Sabicas” Ijito Elkartea, San Adriango “Lacho Ddrom” Ijito Elkartea, Caparrosoko “Virgen del Soto” Elkartea, Zangozako “Romí” Ijito Elkartea, Ribaforadako “La Cali” Ijito Elkartea, Carcastilloko “Sikaven o Drom” Elkartea, Tuterako “Romis” Emakume Ijitoen Elkartea, Azkoiengo “Santa Lucía” Ijito Elkartea eta berrikitan sortu den “Chavorrós y Chavorrís” Gazte Elkartea.