2019ko maiatzaren 22a

Alloz- Montalbán (Deierri) zonan kontzentrazio partzelarioaren bidez nekazaritzako azpiegituretan esku-hartzea onartu da

Landa-jabetza antolatzea du xede, ustiategiei azpiegitura eta tamaina egokiak emateko

Nafarroako Gobernuak, gaurko bileran, Alloz / Allotz-Montalbán (Valle de Yerri / Deierrin) zonan kontzentrazio partzelarioaren bidez nekazaritza-azpiegituretan esku-hartzeko foru-dekretua onartu du. Horren bidez, jabetza landatarra antolatzea du xede, ustiategiei azpiegitura eta tamaina egokiak eman, eta, modu horretan, haien bideragarritasuna eta lehiakortasuna sustatzeko.

Horrez gain, dekretuak esku-hartzearen premiazko egikaritzea eta erabilera publikoari erreferentzia egiten die, ondore hauekin: ondasunen eta eskubideen desjabetzea, aldi baterako eta behin betiko okupazioa, eta behin-behineko eta behin betiko zorren sorrera.

Proiektuaren edukia

Esku-hartzearen xede den zonak 825 hektareako azalera du gutxi gorabehera. Gaur egun, 594 partzela daude bertan, 1,39 hektareako azalerarekin batez beste. Baina partzelen % 46ak 0,5 hektareatik beherako azalera du, eta, beraz, haien ustiapen ekonomikoa bideraezina da. Aurreikusita dago batez beste 4,18 hektareako 198 onibar ezartzea bertan.

Ingurumenaren aldetik proiektu bideragarria da. 20 bide berri eraikitzea eta beste batzuk egokitzea aurreikusten du. Guztira 16,3 km-ko luzera izango du, 14,5 km eraikuntza berrikoak izango dira eta 1,8 km egokitu beharreko bideak. Diseinua egiteko aintzat hartu dira alderdi hauek: kontzentrazio partzelarioaren ondoriozko finken banaketa, zonako bide-sarea, lurraren topografia eta mugakideekin komunikazioak.

Hustubide-sareari dagokionez, proiektuak gaur egungo sarean hobekuntza garrantzitsu bat aurreikusten du, alegia, 8,517 km-ko hustubideetan esku hartzea, garbiketari dagokionez bereziki.

Oinarrizko proiektuaren egikaritze materialerako (lur-mugimenduak, idorrak, fabrikako obrak, seinaleak eta neurri zuzentzaileak) 642.907 euroko aurrekontua dago.

Ustiapenaren oinarrizko azalerak

Ustiapenaren oinarrizko azaleren gehienezko eta gutxieneko mugak, lehorrerako, 61 hektarea eta 23 hektarea izango dira, hurrenez hurren. Eta ustiapenaren oinarrizko azaleren gehienezko eta gutxieneko mugak, ureztapenerako, 30 hektarea eta 3,5 hektarea izango dira, hurrenez hurren. Bestalde, oinarrizko azaleren gehienezko eta gutxieneko mugentzako bihurketa-indizeak, lehorrerako zein ureztapenerako, 2,03 eta 6,57 hektareakoak dira, hurrenez hurren.

Horrez gain, laborantzako unitate minimoen balioak izango dira hauek: 23 ha lehorrerako, 3,5 ha presiopeko ureztapenerako eta 1 ha grabitatezko ureztapenerako.