Descárgate la app
Gobernuak eta Nafarroako Kutxa Fundazioak elkarrekin proiektuak bultzatuko dituzte Nafarroan talentuari eusteko eta Nafarroara talentua itzultzeko
2019ko maiatzaren 20a
Gobernuak eta Nafarroako Kutxa Fundazioak elkarrekin proiektuak bultzatuko dituzte Nafarroan talentuari eusteko eta Nafarroara talentua itzultzeko
Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Kutxa Fundazioak elkarrekin lan egingo dute Nafarroan talentuari eusteko eta Nafarroara talentua itzultzeko. Horretarako, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok eta Nafarroako Kutxa Banku Fundazioaren patronatuko lehendakari Javier Miranda Errok lankidetza-hitzarmena sinatu dute gaur goizean Nafarroako Jauregian.
Dokumentuak 4 urteko indarraldia du eta 120.000 euroko aurrekontua bi aldeek finantzatua, eta Kanpoan dauden Herritar Nafarren NEXT Estrategiaren barnean kokatzen da, Foru Exekutiboak pasa den martxoan onartua. Besteak beste, Nafarroatik kanpo lan egiten duten pertsonak Kanpoan dauden Herritar Nafarren datu-basean inskribatu ahal izateko beharrezko baldintzak bilatzen ditu, Foru Komunitateko lan-eskaintzei eta Foru Komunitatera itzultzeko aukerei buruzko informazioa normalean jaso dezaten.
Horrez gain, dokumentuan jasotzen dira egun kanpoan bizi diren Nafarroako pertsonak itzultzea eta bertan laneratzea errazteko ekintzak.
Sinatzeko ekitaldian, Ollo kontseilariak eskertu nahi izan du Nafarroako Kutxa Fundazioaren aldetik NEXT Estrategiak izandako harrera. “Inoiz baino beharrezkoagoa da hitzarmen hau gaur sinatzen dugun bezalako erakundeek pertsonengan oinarritutako estrategiaren inguruan indarrak batzea”.
Azken finean, “proiektu pilotuaren helburu nagusia da Nafarroako enpresak NEXT Estrategian ezagutzeko eta inplikatzeko mekanismoa ezartzea, eta, aldi berean, haien lan-eskariak kanpoan bizi diren herritar nafarrengana helaraztea eta haiekin konektatzea. Hain zuzen ere, ekintza horiek eta beste batzuk jarri nahi ditugu mahai gainean Nafarroako Kutxa Fundazioarekin aztertzeko eta gai honetan dituen interesak egiaztatzeko”, amaitu du kontseilariak.
Bestalde, Patronatuaren lehendakaria den Javier Mirandak ondorengoa azpimarratu du: “Nafarroako Kutxa Fundazioarentzat garrantzi handia du hitzarmen honek, Plan Estrategikoan garatzen diren neurri espezifikoetariko bat baita: Nafarroatik urrun dauden pertsonak itzultzea. Modu horretan, gure gizartea indartzen eta hobetzen dugu, talentua emango duten gazteekin, gure hezkuntza-sisteman prestakuntza ona jaso ondoren”.
Proiektuak
Hitzarmenaren barnean, bi erakundeek elkarrekin lan egingo dute kanpoan dauden nafar kualifikatuak identifikatzeko eta haien talentua eta esperientzia Nafarroako ekintzaile gazteekin eta ehun sozialarekin, enpresa-ehunarekin, ehun akademikoarekin eta ikertzailearekin partekatzera gonbidatzeko (hitzaldiak, ekitaldiak, master class, e.a.). Gainera, plataforma bat sortuko da Nafarroako enplegu-eskaintzaren eta kanpoan lan egiten duten pertsonen arteko konexioa errazteko, enplegu eta prestakuntza eskaintzetan sar daitezen.