Descárgate la app
SciencEkaitza sarien II. edizioko ekitaldia aurkeztu du Ayerdi lehendakariordeak
2019ko maiatzaren 17a
Ayerdi lehendakariordeak SciencEkaitza Sariak banatzeko II. Gala aurkeztu du
Garapen Ekonomikoko lehendakariorde Manu Ayerdik aurkeztu du ostiral honetan ADItech-ek antolaturiko SciencEkaitza II. Gala Zientifikoa, zientzia lehiaketan bildutako ideiarik eraldatzaileenendako sarien banaketa barne izanen duena. Gala ekainaren 27an izanen da Baluarten, eta bertan parte hartuko dute, besteak beste, George F. Somoot Nobel saridunak eta Monty Python taldeko John Cleese antzezleak. Azken honek galan parte hartzeko gonbidapena luzatu du bideo honen bitartez.
Ekitaldia Nafarroako Gobernuaren babespean antolatu duen ADItech korporazio teknologikoak gonbidatuen zerrenda osoa aurkeztu du. Baluarten bildutako publikoak zer ikusia eta zer gozatua izanen du honako gonbidatu hauen eskutik: John Cleese antzezle britainiar ezaguna, Monty Python talde komikoa osatzen zuten sei kideetako bat; George F. Smoot, 2006ko Fisikako Nobel Sariaren irabazlea; María Blanco, Nafarroako Berrikuntza Sistemako akademikoa eta ikertzailea, eta Carlos Magdalena, Kew-ko Errege Lorategi Botanikoaren zaintzailea, “landareen mesias” bezala ezagutzen dena. Luis Piedrahita umorista eta telebistako El hormiguero 3.0 saioaren ohiko kolaboratzailea arduratuko da Gala Zientifiko hau umore giroan aurkezteaz. Galarako sarrerak salgai daude dagoeneko, 5 euroko prezioan Salan eta 3 eurotan Palkoan, eta Baluarteren webgunean zein txarteldegian erosten ahal dira.
SciencEkaitzak beste entitate publiko eta pribatu batzuen babesa ere izan du; hala nola, Dana Automoción, Iberdrola, Nasertic (Navarra de Servicios y Tecnologías), Nafarroako Unibertsitatea eta Nafarroako Unibertsitate Publikoa. Hauekin batera, Otazu Upategia, Nafarroako Kutxa Fundazioa, Lurauto Nafarroa eta Viscofan Taldearen lankidetza izan du.
ADItech Korporazio Teknologikoko lehendakari Manu Ayerdik nabarmendu duenez, “Nafarroako Gobernuan ongi baino hobekiago ezagutzen dugu Nafarroan egunez egun lan egiten duten ikertzaileek gizarteari egiten dioten balio ekarpen handia. Horren kariaz, SciencEkaitza zientzia sarien bitartez, jendaurrean aitortu nahi ditugu Nafarroako ekonomia eta industria eraldatzeko proiektuetarako ideiak proposatu eta lideratzen dituzten pertsonak. Gainera, SciencEkaitza sari hauek ikerketa eta berrikuntzarekiko jakinmina suspertzen laguntzen dute, gizartean kultura zientifikoa sustatuz”. Manu Ayerdik gaineratu duenez, “bigarren edizio honetako proiektu irabazleek foru Exekutiboak deituriko 2019-2021erako I+G arloko proiektu estrategikoetarako laguntzak baliatzen ahalko dituzte”.
Ayerdik gonbidatuen zerrenda ere iragarri du: “SciencEkaitzaren edizio berri honetan aparteko lau gonbidatu izanen ditugu. Gertukoenengandik hasita, SINAIko akademiko eta ikertzaile María Blanco nanomedikuntzako aditua izanen dugu, hauxe izan baitzen, lankideekin batera, lehen SciencEkaitza sariaren irabazlea, haurren garuneko minbizia gainditzea xede duen NANOCANCER proiektuagatik. Halaber, “landareen mesias” bezala ezagutzen den Carlos Magdalena botanikariak parte hartuko du, galtzeko bidean dauden landareak zaindu eta berreskuratzearen alde egindako lan eta ahalegin handiaren harira. Duela bi hamarkadaz geroztik, ikertzaile dabil munduko lorategi botanikorik garrantzitsuentzat jotzen den Kew-ko Errege Lorategian. Gainera, bertan izango dugu Fisikako Nobel saria irabazi duen George F. Smoot astrofisikaria, 2006an COBE satelite artifizialaren bitartez galaxien formazioaren kausak frogatu eta Suediako akademiaren aintzatespena lortu zuena.
Azken hizlariaren izena ezagutzera eman aurretik, Ayerdik, gonbidatu horrek Iruñea agurtzeko bidali duen bideoa aurkeztu du bertaratutakoen aurrean. “Gazteenok ez duzue jakingo nor den JohnCleese, baina nork ez ditu gogoratzen mundu osoan ezagunak egin diren Monty Python taldearen filmak eta eszena komikoak? Komediatik harantzago, Cleese maila goreneko dibulgatzailea da, eta zenbait liburutan, psikologia eta psikiatriaren zokondoak esploratu ditu, baita gizartean izan ditzaketen aplikazioa ere”.
Bukatzeko, Garapen Ekonomikoko lehendakariordeak, “SciencEkaitzaren bigarren edizio honek jardunaldian parte hartu nahi duten guztien aurreikuspenak beteko dituen itxaropena” agertu du, eta horren harira, hitzorduan parte hartzeko gonbidapena luzatu du, ekainaren 27an, Baluarten.
Ideiarik eraldatzaileenendako saria
Joan den ostiralean, maiatzak 10, II. Zientzia Lehiaketarako proiektuak aurkezteko epea itxi zen. Nafarroan ikertzaile dabiltzan zientzialari eta teknologoen aitorpen publiko eta soziala egitea da lehiaketaren helburu nagusia, horien proiektuak bultzatzeaz gain.
SciencEkaitzaren bigarren edizioak lehen edizioaren espiritu sortzaile eta urratzaile berberari eutsi dio, eta Foru Komunitateko entitate zientifikoak animatu nahi ditu parte hartzera, gizartearen eta ekonomiaren garapena eraldatzeko indarrik handiena duten proiektu berritzaileen bidez, betiere Nafarroako Espezializazio Adimenduneko Estrategiako (S3) teknologia-arloetako batean: Automobilgintza eta Mekatronika, Osasuna, Elikadura-Kalea eta Energia Berriztagarriak eta Baliabideak. Sariek, halaber, bestelako xedea dute, hala nola ikerketarako eta berrikuntzarako interesa sustatzea, gizartean kultura zientifikoa bultzatuz.
ADItecheko zuzendari nagusi Juan Ramón de la Torrek nabarmendu duenez, “edizio honetan, parte-hartzea iazkoa baino zertxobait handiagoa izan da”. Haren esanetan, guztira, “15 proposamen aurkeztu dira (2018an baino proposamen bat gehiago) eta 104 pertsonak parte hartu dute (2018an baino 10 gehiago): Nafarroako Berrikuntza Sistemako 8 eragileri atxikitako 46 emakume ikertzailek eta 58 gizon ikertzailek. Hauexek dira 8 eragile horiek: Nafarroako Industria Elkartea, AIN; Energia Berriztagarrien Zentro Nazionala, CENER; Ikerketa Mediko Aplikatuaren Zentroa, CIMA; Automobilgintza eta Mekatronikako I+G Fundazioa, NAITEC; Miguel Servet Fundazioa –NAVARRABIOMED; Elikagaigintzako Teknologiak eta Azpiegiturak, INTIA; Nafarroako Unibertsitatea eta Nafarroako Unibertsitate Publikoa.
Ondorengo asteetan, Gala Zientifikoaren babesle eta laguntzaile industrialek (IBERDROLA, DANA AUTOMOCIÓN, NASERTIC eta VISCOFAN) osatutako Epaimahaiak aldez aurreko ideien hautaketa eginen dute Galako gonbidatuei ezagutzera emateko, izan ere, gonbidatuak arduratuko dira Accesitak, Espezializazio Adimendunaren ildo bakoitzeko ideiarik nabarmenenak eta II. SciencEkaitza Sariaren irabazlea izendatzeaz .
De la Torrek aurtengo berritasunak aurreratu ditu: “Ikusentzunezko Komunikazioaren accesita banatuko da, ikusentzuneko formatuan landutako dibulgazio zientifikoko proposamenik onena saritzeko”. Ikertzaile-taldeek CLAVNAren (Nafarroako Ikusentzunezko Klusterra) laguntza eta aholkularitza izan dute hautagaitzak prestatzeko prozesuan, proiektu bakoitzaren ideiak eta balioak transmititzeko modurik egokienak zehazteko.
Herritarrek bozkaturiko proiektuarendako sari berezia da aurtengo Galako beste berritasunetako bat. De la Torre azpimarratu duenez, “garrantzi handikoa da han-hemenka sortutako I+G+b arloko ezagutzan gizarteak parte hartzea eta jakinmin handieneko gaiei buruzko iritzia azaltzea, gizartearen mesedeko zientzia eta teknologia garatzen dugunoi jardueraren lehentasunak zehazten laguntzeko”. Bozketan parte hartu nahi dutenek www.sciencekaitza.com webgunean egiten ahal dute, Zientzia Lehiaketara aurkeztutako ideien bideoak ikusiz eta gogokoena hautatuz.