2019ko maiatzaren 17a

“Navarrorum. Euskararen gaineko dokumentu nafarren bi mila urteko ondarea” erakusketa Irisarrin da (Nafarroa Beherea)

Erakusketa ekainaren 15era bitarte bisita daiteke Nafarroako Gobernuaren eta Pirinio Atlantikoko Departamentuaren artean sinatutako Lankidetza Hitzarmenaren esparruan

Nafarroako Gobernuak, Pirinio Atlantikoko Departamentuarekin sinatutako lankidetza-hitzarmenaren esparruan, Nafarroa Behereko Irisarri herrira eraman du “Navarrorum. Euskararen gaineko dokumentu nafarren bi mila urteko ondarea" erakusketa, ekainaren 15era bitarte. Erakusketa dokumentalean hizkuntza horren presentzia islatzen da erromatar antzinatasunetik XIX. mendera bitarte. Inaugurazioan egon da Euskarabideako zuzendari kudeatzailea, Mikel Arregi Perez.

Navarrorum erakusketaren helburuetariko bat da Nafarroaren historian zehar euskararen presentzia soziala erakusten duen ondare dokumentala zabaltzea. Horretarako, erakusketa, Iruñeko egoitza nagusian erakusteaz gain, Nafarroako beste herrietan eta hizkuntza hori partekatzen duten beste lurraldeetan ere erakusteko moduan diseinatu eta planifikatu zen.

Testuinguru horretan, Pirinio Atlantikoko Departamentuak nahiz Nafarroako Gobernuak hitzarmena sinatu dute Navarrorum erakusketa Nafarroa Beherean ere erakutsi eta bisitatu ahal izateko, Nafarroako Erresuma izandako erakunde historikoaren zati osagarri bezala.

Dokumentuak gaikako sei bloketan multzokatuta daude, hizkuntzaren lekukotza historikoen bilakaerari berari erantzunez: lehen denboraldian –antzinatasun erromatarra eta “mende ilunak” deiturikoak–, euskarak ia ez zuen arrastorik utzi beste hizkuntza batzuetan idatzitako testuetan; bigarren etapan, testuetan iruindarren hizkuntza bezala izendatzen da, lehenik, eta nafarrena, ondoren; hirugarren etapan, euskara idatzi egiten da; eta laugarrenean, liburuak euskaraz inprimatzen hasten dira. XVII. mendean hasitako atzerakada geografikoak eta sozialak osatzen dute bosgarren blokea. Azkenik, zenbait dokumentutan ikus daiteke jada XVIII. eta XIX. mendeetan euskara nola harrapatuta dagoen arrazoi ilustratuaren eta sentimendu erromantikoaren artean.

Gaikako bloke bakoitzak ikus-entzunezko labur bat du, dokumentuak beren une historikoan eta kulturalean kokatzeko. Dokumentuak tamaina handiko paneletan jarrita daude, lau hizkuntzatan azalpen laburra eta transkripzioa dutela: euskara, gaztelera, frantsesa eta ingelesa. Horietako batzuen orijinala, esate baterako, Lergako hilarria, II. mendekoa, Leireko kartularioa, XII. mendekoa, edo Leizarragaren biblia, bitrinetan ere erakusten dira. Dokumentu-ondare honen bitartez, Navarrorum erakusketaren erronka da dokumentu idatzien bidez erakustea ia mila eta bostehun urteko denboraldian zehar idatzi gabeko hizkuntzaren ibilbide historikoa.

Obren jatorria

Erakusketa honetan erakusten diren dokumentu gehienak Nafarroako Errege Artxibo Nagusikoak eta Nafarroako Gobernuaren mendeko beste zentro dokumental batzuetakoak –Nafarroako Museoa edo Nafarroako Liburutegi Nagusia– eta komunitateko beste erakunde batzuetakoak dira; hala nola, Kaputxinoen Liburutegia, Nafarroako Unibertsitateko Liburutegia, Iruñeko Katedraleko Artxiboa, Iruñeko Elizbarrutiko Artxiboa, Gaiarre Etxea-Museoa, Nafarroako Kutxa Fundazioa edo Iruñeko Udal Artxiboa. Era berean, honako hiri hauetako artxibo-zentroetako piezak erakusten dira: Madril, Santiago de Compostela, Compostela, Bilbo, Paris (Frantzia), Oxford (Erresuma Batua), Chicago (AEB) eta Tombouctou (Mali).

Lankidetza-hitzarmena

Erakusketa Irisarrira eramateaz gain, Pirinio Atlantikoko Departamentuak konpromisoa hartu du bitartekaritzako euskarriak proposatzeko, zehazki, ikasleek erakusketa ezagutzea erraztearren; era horretan, irakasleentzat dokumentu pedagogikoa sortuko du eta jolas-liburu bat gazteenentzat, erakusketa horren aurkikuntza ludikoa proposatuaz.

Aldi berean, Departamentuko zerbitzu kulturalak eta Ospitalea LHIko tokiko bazkideek (Bilketa sarea, Irissarry Har’Eman-eko kultur elkartea,…) jardueren programa espezifikoa antolatuko dute.

Horrez gain, Nafarroako Gobernuak erakusketaren katalogo-liburuaren 15 ale emango ditu Nafarroa Behereko ikastetxeetan, instituzio kulturaletan eta liburutegietan banatzeko. Halaber, bertsio digitala emango da PDF formatuan, mugarik gabe eta doan banatzeko. Orobat, 15 pen-drive emango dira erakusketaren ikus-entzunezkoekin, Nafarroa Behereko ikastetxeetan, kultur erakundeetan eta liburutegietan banatzeko, eta, azkenik, esteken zerrenda bat (YouTube) Nafarroa Garain euskararen historiaren inguruan emandako hitzaldien bideoak ikusteko.