2019ko maiatzaren 10a

Osasun Departamentuak diru-laguntzak onartu ditu arretarik ez jasotzeko arriskuan dauden eremu isolatuetan kokatutako botikentzat

Ekimenak geografikoki isolatuak dauden zonaldeetan farmazien desagerpena ekidin nahi du eta horrekin, lurralde-ekitatea bermatu

Osasunbideak urtero 80.000 euroko diru-laguntzak bideratuko ditu geografikoki eremu isolatuetan kokatuta dauden botika-bulegoentzat. Helburua da, establezimendu horiek langile falta edo diru-sartze baxuen ondorioz, itxi behar izatea ekiditea, toki horiek mantentzeak lurralde ekitatea betetzea bermatzen baitu.

12/2000 Foru Legeak “jarduera farmazeutiko berezia behar duten oinarrizko osasun-eremuak” zehazten ditu, baldintza orografiko konplexuak edo biztanleak oso sakabanatuta dituzten eremuetan. Lege berdinak behartzen du 1.400 biztanle bakoitzeko behintzat farmazia bulego bat zabalik egon behar dela. Kasu batzuetan, jabeek izugarrizko ahalegina egin behar dute farmazia beti irekita mantentzeko, biztanleak zerbitzurik gabe gera ez daitezen.

Farmazia-bulego batzuk negozio-bolumen txikia dute, eta ixteko arriskuan daude. Izan ere, biztanle gutxi dituzten eremuetan kokatzen dira eta jabeek ezin dute langilerik kontratatu ordezkapenak egin edo gastu zehatzak estaltzeko.

Horri dagokiolarik, diru-laguntzek zona horietako farmazia-bulegoen funtzionamendu-gastuak konpentsatzea eta jabeei lan-bizitza eta bizitza familiarra uztartzen laguntzea dute xede. Horregatik, oporraldiak, guardiak edo bajak ordezkatuko dituzten langileak kontratatu ahal izateko babes ekonomikoa emango zaie titularrei. Establezimendu bakoitzeko 4.000 euroko diru-laguntza emango da gehienez. Farmazien lokalak mantentzeko diru-laguntzak ere aurreikusten dira, hornidurak, berokuntza eta garbiketa barne.

Farmazia bulego bakoitzak 8.000 euro/urtero jaso ahal izango ditu gehienez.

Establezimenduek beste batzuen artean baldintza hauek bete beharko dituzte: farmazia-jarduerako oinarrizko zonetan egotea, udalerriko farmazia bakarra izatea eta deialdian zehazten den gehienezko fakturazioa ez gainditzea.