2019ko maiatzaren 8a

2019ko aurrekontu parte-hartzaileen hiru proiektu irabazle aukeratu dira

Identitate sexualari buruzko filma, kultura-bizipenen proiektua eta adierazpen artistiko anitzak biltzen dituen proposamena, aurkeztutako zazpi proiektuen artean hautatuak izan dira

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak, 2019ko Gazteriaren Aurrekontu Parte Hartzaileen barne aukeratutako ondorengo hiru proiektuen berri eman du: identitate sexual eta generoari buruzko filma, kultura-bizipenen ikus-entzun proiektua eta adierazpen artistiko anitzak amankomuneko proiektu batean biltzen dituen proposamena.

Hautaketa NKGIko orrialdearen bitartez burutu da, deporteyjuventud@navarra.es, Nafarroako gazte guztientzat irekitako bozketa bidez. Aurretiko fasean aurkeztutako zazpi proiekturen artean hautatu behar zen.

Hautatutako hiru proiektuak Gazteriaren Zuzendariordetzatik gauzatuko dira, proposamenak egin dituzten gazteekin elkarlanean. Proiektu bakoitzaren talde motorea sortuko da, eta asmatu duten gazteek parte hartuko dute. Proiektua koordinatzeaz, gauzatzeaz eta ebaluatzeaz arduratuko da.

Hautatutako proiektuak

- Pelikula interaktiboa: sexu eta genero identitateak.

Helburua da bereziki LGTBI+ eta talde transfeministaren barruan dauden sexu eta genero identitate ezberdinen inguruan hausnartzea, ezagutzera ematea eta ahalduntzea, gazteen errealitateen, arazoen eta kezken erretratua eginaz.

Tailerrak eta topaketak egingo dira bost protagonista hautatzeko. Horiek beren bizimodua partekatuko dute astebetez grabazio-taldearekin, haien errealitatea, eguneroko bizimodua, sentitzeko modua eta beren burua eta mundua ikusteko modua erakutsiaz.

Pelikula bideo interaktiboaren erremintarekin muntatuko da, eta ikusleek hainbat aukeraren artean hautatu ahal izango dute.

- Nafarroa biziaz

Proposamen honetan, 16 eta 30 urte arteko lau gaztek Nafarroa osoan zehar bidaiatzeko aukera izango dute. Astebetez, txoko guztiak ezagutu ahal izango dituzte kamera eta grabazio-taldearekin batera, Foru Komunitateko gazte guztiekin esperientzia partekatzearren.

Kultur eta gizarte aniztasunaren bizipenaren bitartez integrazioa lortu nahi da gazteen artean. Horrez gain, parte-hartzaileak eta sare sozialetako (haienak eta NKGIrenak) jarraitzaileak kultura aldetik aberastea lortu nahi da, turismo iraunkorra eta ordezko aisia sustatzea eta Nafarroako historia irakastea.

- Iruña, artea eta inprobisazioa

Proiektuaren helburua da eremu eta arte ezberdinetako gazteak batzea denen arteko proposamena gauzatuaz, musika eta inprobisazioa arte ezberdinetan nahastuta: argazkigintza, dantza, pintura, hiriko arteak, poesia, e.a. Proiektuaren amaiera bezala, denek batera perfomancea egingo dute.