2019ko maiatzaren 2a

Nafarroako Memoriaren Institutuak, bere Dokumentazio Zentrora José María Jimeno Juríoren fitxategiak gehitu ditu

4.000 artxibo inguru, 1936ko kolpe militarra eta gero, Nafarroako herri bakoitzeko biztanleriek pairatutako errepresioari buruzko informazioa dute
Digitalizatutako fitxetako bat.
Digitalizatutako fitxetako bat.  Deskargatu irudia Irudi galeria

Nafarroako Memoriaren Institutuak gaur goizean, bere Dokumentazio Zentrora gehitu ditu, Artaxoako historialari José María Juríok memoria historikoari buruz egindako 4.000 fitxa inguru. Artxibo horiek, 1936ko kolpe militarra eta gero, Nafarroako herriek pairatutako errepresioari buruzko informazioa dute.

Multzo horretan, 1936ko kolpe militarraren ondoren Nafarroan jasandako errepresioari buruzko informazioaren hainbat urtetako bilaketa zabalaren ondorioz bildutako lan-materialaren zati handi bat dago. 4.000 fitxa ingurutan, Jimeno Juríok modu sistematikoan bildu zuen eskubide-hauste horri buruz herri bakoitzean eskuragarri zegoen informazioa.

Nafarroako Gobernuak José María Jimeno Juríoren senitartekoen eskuzabaltasuna eskertu nahi du, izan ere, haiek egin dute posible, Nafarroako Memoriaren Institutuko Dokumentazio Zentroaren webgunearen bitartez, balio handiko material hori herritarren eskura jartzea. Argitalpenaren lehendabiziko fase honen ondotik, proiektuak fitxen transkribapenak eta bilaketa-sistema aurreratuagoa txertatuko ditu gerora begira.

Datuen bolumen izugarri handi hori, lekukoei eta zigortutakoen senitartekoei egindako ehunka elkarrizketatatik bildu zuen, eta fitxa eta koadernoetan antolatu zuen. Beste hainbat datu erregistro zibiletatik, hilerrietatik, parrokia-liburuetatik eta kasu askotan lehendabiziko aldiz kontsultatzen ziren bestelako iturri dokumentaletatik bildu zituen. Kontuan izan behar da, orduko lanaren eta hari jarraiki mamituriko argitalpenen ondorioz, Jimeno Juríok, frankismoaren errepresioa ikertzerik nahi ez zuten eskuin-muturreko hainbat talderen mehatxuak jaso zituela.

Informazio jario hori izan zen, laurogeiko hamarkadan, errepresioari buruzko balantze doitu samarra finkatzea ahalbidetu zuten ikerketen oinarria, AFAN eta Altaffaylla Kultur Taldearen eskutik, matxinatuen garbiketa politikoaren tamaina gutxiesten zuten ikerketen emaitzak zalantzan jarriz. Ia 4.000 fitxa hauek nahitaezko informazio-iturri bihurtu dira 1936ko kolpe militarraren ondoren frankistek nafar herritarrei eragindako errepresioa ikertzeko.

Memoria babestea

Memoriaren ondarea dagozkion testuinguru eta garai historikoen arabera babestu eta ezagutzera ematea da Nafarroako Memoriaren Institutuaren helburu nagusietako bat. Horretarako, Institutuak, hainbat familia eta erakunderekiko akordioen bitartez materiala bilduz joan den Dokumentazio Zentroa sortu zuen. Halaber, Nafarroako Memoriaren Institutuak indarkeriaren biktima izan diren pertsonen eta senitartekoen testigantzak grabatu ditu, memoria historikoaren testuinguruan nahiz azkenaldiko memoriari dagokionez.