Descárgate la app
Eskola Sareek funtzionamendua eguneratu dute
2019ko apirilaren 26a
Eskola Sareek funtzionamendua eguneratu dute
Hezkuntza Departamentuak Eskola Sareen funtzionamendua eguneratu du; sareotan, proiektu ezberdinak burutzen dituzte ehunka ikastetxek. Modu horretara Hezkuntzak ikasetxeen parte hartzea bultzatu nahi du hiru Eskola Sareetariko batean: Osasuna, Jasangarritasuna eta Elkartasuna. Hala ere, sareetariko batean dauden ikastetxeetariko gehienek hiru urteko epea bete dutela ikusirik, Departamentuak sareetan sartzeko eta mantentzeko araudia zehaztea beharrezkotzat jo du. Datorren ikasturteari begira, lehendabiziko aldiz Sarean sartzeko proiektua aurkeztuko duten ikastetxeek, zein jada hiru urteko epea bete eta sarean jarraitu nahi dutenek, sarrera modu berrietariko baten bitartez egin beharko dute.
Berrikuntza modalitatea
Urteko proiektua aurkeztuko du ikastetxeak, eta era berean, deialdiaren oinarriak jarraituz onartu behar izango du balorazio batzordeak. Behin proiektua gauzatu denean, parte hartu duten irakasleek berrikuntza modalitateko ziurtagiria jasoko dute. Ikastetxeek hilabeteko epea dute, zehazki maiatzaren 25a bitartean, proiektuak aurkezteko. Onartuak izanez gero, 2019-20 ikasturtean garatuko dute lan programa.
Formazio modalitatea
Datorren ikasturtearen hasieran hiru mintegi eskainiko dira Sare ezberdinetan parte hartu ahal izateko. Formazio horiek ikasturte osoan zehar banatuta bertaratzeko orduak eta talde lanerako zehaztutako orduak izango dituzte. Behin ikastaroa amaituta irakasle bakoitzari 35 formazio orduko ziurtagiria emanen zaio. Formazio hori ILZko zonalde ezberdinetan emateko aukera aztertuko da. Hala ere, modalitate honetako izen ematea irailean zabalduko da.
Hortaz, hemendik aurrera, Eskola Sare bakoitzak berrikuntza eta formazio modalitateetan onartutako ikastetxeekin osatuko da. Modalitateetako bakoitzean, onartutako ikastetxe bakoitzak 500 euro arteko laguntza ekonomikoa izango du.
Hala, datorren 2019-20 ikasturterako, ikastetxe bakoitzak bere behar eta helburuetara hobekien egokitzen den modalitatea aukeratu beharko du. Erabaki hori hartzen laguntzeko, Hezkuntzak ohiko galderen atalean Eskola Sareak atala gehitu du. Gainera, interesdun ikastetxeek Ebazpen honetako eta Eranskinetako dokumentuak Hezkuntza Departamentuko Eskola Sareak webgunean ikus ditzakete.