2019ko apirilaren 24a

Gobernuak hitzarmena berritu du Nafarroako Bikaintasunaren Fundazioarekin enpresen lehiakortasuna sustatzeko

160.000 euro bideratuko ditu 2019an kudeaketa ekintzak hobetu eta industria enpresen aholkularitza orduak gehitzeko
Marino Barasoain eta Izaskun Goñi, hitzarmenaren sinaduran.
Marino Barasoain eta Izaskun Goñi, hitzarmenaren sinaduran.  Deskargatu irudia Irudi galeria

Nafarroako Gobernuak Nafarroako Bikaintasunaren Fundazioaren ekintzak diruz lagunduko ditu 2019an 160.000 euro bideratuz Nafarroako enpresen lehiakortasuna eta kudeaketa hobetzeko.

Nafarroako Gobernuko Politika Ekonomiko eta Enpresarialeko eta Laneko zuzendari nagusi Izaskun Goñik eta Fundazioko zuzendari Marino Barasoainek bi entitateen arteko lankidetza-hitzarmena berritzea sinatu berri dute. 2019an, Exekutiboak 160.000 euroko ekarpena egingo du zabalkunde, prestakuntza, ebaluazio, inplementazio eta kudeaketa-ereduen aitorpen jardueretarako.

Aurten, ANEC Kontsultoretza-Enpresen Nafarroako Elkartearen bitartez, kontsultoretza-enpresek erakundeei kudeaketa hobetzeko proiektuetarako eskaintzen dien laguntza indartuko da. 2018an, 120 kontsultoretza-ordu eman zizkieten 12 enpresari eta aurtengo ekitaldian zerbitzua 200 ordutara igoko da.

Nafarroako enpresa eta erakundeen lehiakortasuna hobetzea Nafarroako S3 Espezializazio Adimenduneko Estrategian zehaztutako helburua den aldetik, Nafarroako Gobernuak Nafarroako Bikaintasunaren Fundazioaren jarduerak babesten ditu kudeaketa-eredu eraginkorren zabalkunderako, prestakuntzarako, ebaluaziorako eta ezarpenerako. Eredu horiek harreman zuzena dute lehiakortasunarekin, munduan dagoen egungo egoera ekonomiko konplexuari berme handiagoaz aurre egiteko aukera erraztuz.

Nafarroako Bikaintasunaren Fundazioa

Fundazioa Nafarroako Gobernuaren ekimenez sortu zen 1999an, eta 2015az geroztik irabazi-asmorik gabeko fundazio pribatua da, erakundeen kudeaketaren arloko Bikaintasunaren aldeko konpromisoari loturiko esparru publiko eta pribatuko enpresa eta erakunde talde batek osatua.

Nafarroako enpresa eta erakundeetan kudeaketaren bikaintasunaren kultura, oinarriak eta eredu aurreratuak sustatu eta zabaltzea du helburu, enpresa eta erakundeen garapen jasangarri eta iraunkorra sustatzeko, azken buruan beren lehiakortasuna hobetu, eta, horrela, Nafarroako Foru Komunitatearen ongizatean ekarpenak egiteko.

2018an, Fundazioak 126 kide zituen patronatuan, hainbat pertsona laguntzailez gain. Guztira, 24 diagnosi landu zituen; horietarik 13 industrialak; baita 9 ebaluazio ere; horietarik 2 enpresa industrialetan. Patronatuan Nafarroako enpresak eta erakundeak daude, eta Nafarroako Gobernuaren nahiz la Caixa Gizarte Ekintza eta Nafarroako Kutxa Fundazioa gisako entitateen babesa dute.

Urtero, Fundazioak Bikaintasunaren Nafarroako Saria ematen du, enpresek eta erakundeek kudeaketa hobetzeko prozesuetan egindako ahalegina aitortzeko. 2019an, Bikaintasunaren Nafarroako Sariaren XIX. edizioa izanen da, eta horretara aurkezteko dokumentazioa irailaren 13a baino lehen aurkezten ahal da, esteka honetan zehaztutako informazioaren arabera.