2019ko apirilaren 8a

Nafarroako Gobernuak eta Elkargik 10 milioi euroko finantziazio lerroa zabaldu dute, salbuespeneko egoeretan, Brexitak kaltetutako enpresentzako

Elkargi eta Sodenaren bitartez, kreditu lerro hori eskatu ahal izango dute Erresuma Batuarekin harreman komertzial zuzenak dituzten enpresek, edo beraien bezero edo ornitzaileen bidez zeharkakoak dituztenek
Elkargiko Pio Aguirre, Ayerdi lehendakariordea eta Sodenako Pilar Irigoien, 
hitzarmena sinatzeko ekitaldian.
camera_alt Elkargiko Pio Aguirre, Ayerdi lehendakariordea eta Sodenako Pilar Irigoien, hitzarmena sinatzeko ekitaldian.  Deskargatu irudia collections Irudi galeria

Nafarroako Gobernuak, Sodena sozietate publikoaren bitartez, hitzarmena sinatu du Elkargirekin, Brexitaren ondorioz kaltetuak izan daitezkeen nafar enpresei epe labur-ertaineko laguntza emango dien 10 milioi euroko finantzaketa-lerroa abian jartzeko.

Merkataritza-transakzioen agertoki berri eta zalantzagarri honen eta atxikitako inpaktu ekonomikoaren ondorioz, enpresen altxortegia kolapsatzeko moduko eragin finantzarioa gerta daiteke, eta horren kariaz, komenigarria ETEei, mikro-enpresei, autonomoei eta saltokiei finantzaketa eta likideziarako sarbidea babestea.

Astelehen honetaz geroztik erabilgarri dagoen finantzaketa-ildo hau Erresuma Batuarekiko inportazio-esportazioko merkataritza-harreman zuzenak dituzten enpresek nahiz hauen hornitzaile eta bezeroek baliatzen ahalko dituzte.

Sodenak, ELKARGIren bermeaz, 50.000 eta 500.000 euro bitarteko berehalako maileguak emango dizkie hitzarmenean bildutako baldintzak betetzen dituzten enpresei.

Hauxe da enpresa txiki eta ertainak nazioartekotzen laguntzeko beste neurri bat, Nafarroako Gobernuak lehentasunezko duen ETEei laguntzeko politika ekonomiko orokorrarekin lerrokatuta dagoena.

Hortaz, tresna finantzario honek Garapen Ekonomikoko Departamentuak abiarazitako neurriak eta laguntza osatuko ditu.

 

Enpresa onuradunak

Enpresa onuradunek Nafarroan egin behar dute beren jarduera ekonomikoa eta helbide soziala, erabakitze-zentroa edo/eta gutxienez jarduera-zentro bat Foru Komunitatean finkatua izan behar dute.

Halaber, Erresuma Batuko enpresekiko merkataritza jardueretan jardun behar dute edota bezeroen artean herrialde horrekiko merkataritzan diharduten enpresak izan behar dituzte, edota Brexitaren ondorioz kaltetuak izan daitezken jarduera edo transakzio ekonomikoei lotutakoak. Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzako ordainketak egunean dituztela frogatu behar dute eta ez dute zorrik izan behar Sodenarekin edo ELKARGIrekin.

Hauexek dira finantzatzen ahal diren kontzeptuak: muga-tasak, jardueraren aldi bateko jaitsiera, ordainketen gerorapena, stocka segurtatzeko merkantzia bolumen handiagoa erostea, ontzeko epealdi luzeagoak, etab. Bestela esanda, testuinguru ekonomiko-komertzial berriari loturiko maniobra-funtsaren finantzaketa.

Maileguen baldintzak

Hauexek dira zuzeneko mailegu hauen baldintzak:

Gutxieneko zenbatekoa: 50.000,00 euro.

Gehienezko zenbatekoa: 500.000,00 euro.

Interes tasa: finkoa, urteko % 1,20koa.

Finantzaketa epea: 3 urte.

Gabezialdia: 6 hilabete artekoa.

Kuotak: Hiruhilekoak, hiruhileko natural bakoitzaren bukaeran.

Irekitze komisioa: maileguaren tronkoaren % 0,5ekoa.

Aldez aurreko amortizazio edo kitapeneko komisiorik gabe.

Formalizatutako finantzaketa eragiketa utziak ELKARGIk bermatuko ditu ohiko baldintzen arabera, aurkeztutako eskaerak aztertuz eta ebaluatuz. Mailegu-ildoa 10 milioi euroko kopurua bete arte edo 2020ko abenduaren 31ra arte irekita egonen da, eta urteka luzatzen ahalko da modu automatikoan.

Interesdun entitateek Sodenaren webgunean zein Elkargirenean kontsultatzen ahal dituzte oinarriak eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.

 

Nafar enpresak eta Brexita

2018an, nafar enpresek Erresuma Batura egindako esportazioak 441,65 milioi eurokoak izan ziren. Kopuru hau aurreko urtekoa baino % 20 txikiagoa da, baina oro har, 2013-2018 epealdian, Erresuma Batuak Nafarroako esportazioen % 6 eta 8 bitartean jaso du.

Inportazioei dagokienez, 2018an 118,32 milioi eurokoak izan ziren, Nafarroaren mesedeko balantza komertziala osatuz. Garrantzitsua da automobilgintza bezalako sektoreetarako inportazioen pisua kontuan hartzea, Erresuma Batuarekiko erosketa eta salmenten fluxu bikoitza dakarren heinean.

Enpresa esportatzaileei erreparatuta, iaz 271 nafar enpresak esportatu zituzten ondasunak Erresuma Batura, azken urteotako kopuruei jarraiki. Nabarmendu behar da enpresa horien % 70, 188 enpresa alegia, esportatzaile erregularrak direla (esportazioak, gutxienez, ondoz ondoko lau urtetan egin dituzte).

Nafarroako Gobernuak azken hilabetotan hainbat neurri abiarazi ditu Erresuma Batuan interesak dituzten enpresentzat. Informazioa eskuratzen ahal dute Brexitaren Nafarroako Behatokiaren webgunean, aldian-aldian sor daitezkeen zalantzan argitzeko.

Erresuma Batua da Nafarroako 2017-2020ko Nazioarteko Planean hautaturiko merkatu estrategikoetako bat, eta lan handia egin da bertan azken hilabeteotan. Zehazkiago esanda, lehentasunezko merkatutzat hautatu da nekazaritzako elikagaigintzarako, automobilgintzarako, energia berriztagarrietarako, osasunerako eta sormen-industrietarako.

Esportazioetan, 2017an, Erresuma Batua laugarren merkatua izan zen Nafarroako esportazioetarako salmenta kopuruan. 2018an (abuztura arteko datuak erabilgarriak dira), seigarren postura jaitsi da, Estatu Batuen eta Portugalen atzetik. Guztira, 2013-2018 epealdian, Erresuma Batuak Nafarroako esportazioen % 6 eta 8 bitartean jaso du. 2017an, esportazioak 558,1 milioi eurokoak izan ziren, aurreko urteetakoa baino txikiagoak.

Aipaturiko epealdian, britainiar uharteetan negozioak zituzten 274 nafar enpresen artean, 192 esportatzaile erregularrak ziren (esportazioak, gutxienez, ondoz ondoko lau urtetan egin dituzte).

Inportazioak 2017an 106,18 milioi eurokoak izan ziren, Nafarroaren mesedeko balantza komertziala osatuz. Garrantzitsua da automobilgintza bezalako sektoreetarako inportazioen pisua kontuan hartzea, Erresuma Batuarekiko erosketa eta salmenten fluxu bikoitza dakarren heinean.

 

Elkargi

Elkargi da Estatuko elkarren bermerako lehendabiziko sozietatea eta ekonomoa sozialean espezializatuta dagoen bakarra. 40 urte inguruko historian 125.000 berme eman dituen sozietate honek bazkidetutako 15.400 enpresa ditu, 1.000 milioi euro inguru indarrean dauden bermeetan eta 6.500 milioiko historikoa, ia 110 milioi baliabide propioetan eta % 15etik gorako kaudimen ratioa.