2021ko abenduaren 16a

Turismoak 30 ikastaro berri abiarazi ditu sektoreko profesionalentzat, inklusibotasunari, jasangarritasunari, digitalizazioari eta lehiakortasunari buruz

Prestakuntza-eskaintza 2018-2025 aldirako Turismo Plan Estrategikoarekin bat dator

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiak online prestakuntza-eskaintzarekin jarraituko du 2022ko lehen hiruhilekoan, 30 ikastaro berrirekin, inklusibotasunari, iraunkortasunari, digitalizazioari, lehiakortasunari eta kudeaketari buruzkoak, Nafarroako turismo-sektoreko profesionalen gaitasunak hobetzera bideratuta.

Eskaintza 2021eko urritik 2022ko maiatzera bitarte programaturiko 63 ikastaroren barruan sartzen da, eta ikastaroak bat datoz Turismoko Plan Estrategikoarekin, 2020-2022 Ekintza Planarekin eta Estatuak bultzaturiko Errekuperazio, Eraldaketa eta Erresilientzia Planeko helmugetako Iraunkortasun Turistikoaren Estrategiarekin.

Lan-ildo horri esker, 2020 eta 2021 urte artean, 330 ordutik gorako prestakuntza eman ahal izan da egindako 47 ikastaro telematikotan, eta 5.947 pertsonak hartu dute parte.

Programazio berri horren bitartez (2022ko urtarrila – martxoa), sektore turistikoarentzat ezarritako laguntza-lerroa mantenduko da, tokiko helmugei eta enpresa turistikoei balioa emanaz, merkatuan duten posizionamendua hobetzen lagunduz eta joera turistiko berrietara egokituz.

30 ikastaro berri udaberrira arte

Digitalizazioari buruzko 23 ikastaro berri programatu dira. Eraldaketa digitalak eta, bereziki, interneten eta sare sozialen erabilerak aldatu egin dute bidaiariak eta enpresa turistikoak erlazionatzeko modua. Hori dela-eta, enpresa eta profesional turistikoentzat ezinbestekoa da ezagutzea lan-tresna horiek komunikazioa hobetzeko, bidaia, helmuga eta zerbitzuei buruzko informazioa eskuratzeko eta bezero bakoitzaren lehentasunetarako esperientzia pertsonalizatua bermatzen duten estrategiak ezartzea errazteko eskaintzen dituzten aukera guztiak.

Bestalde, urrian burututako prestakuntza-ekintzaren (“Nola sortu esperientzia turistiko inklusiboak”) osagarri gisa, “Desgaitasuna duten turistekiko tratua eta elkarreragitea bisita gidatuetan” ikastaroa programatu da, eta turismo inklusiboaren premiak sakontzen ditu.

Iraunkortasunari dagokionean, “Proiektu iraunkorren diseinua eta antolaketa” ikastaroa antolatu da, datozen urteetan aurkeztuko diren erronken eta aukeren gainean sektorea trebatzeko, eta horrek “Jarduera turistikoaren kudeaketa iraunkorra” prestakuntza osatuko du.

Lehiakortasuna – Donejakue Bidea

Azkenik, bost ikastaro berri programatu dira sektore profesionalaren gaitasunak hobetzearren; izan ere, horrela, lehiakortasuna handitu eta sektorea suspertzea bultzatuko da.

Horietako lau ikastaro Donejakue Bidearen ingurukoak izango dira, Zuzendaritza Nagusiak Donejakue Bidearen Mahaiaren bidez burututako lan-ildoarekin bat eginik; Mahaia 2018ko ekainean eratu zen, eta horren helburua da, beteak beste, zerbitzua profesionalizatzea eta Nafarroa zeharkatzen duten erromesen esperientzia turistikoa hobetzea.

Zehazki, honako ikastaro hauek programatu dira: “Donejakue Bideko turistarekin beste hizkuntza batzuetan komunikatzeko teknologiak”, “Donejakue bidezko istorioak eta legendak Nafarroako zatian”, “Donejakue Bidean sustatzeko aukerak” eta “Kultura- eta dibulgazio-kontakizunerako teknikak”.

Prestakuntza-eskaintza honako ikastaro honekin amaituko da: “Nola eta zergatik atxiki Kontsumoko Arbitraje Batzordera – Erreklamazioak”, eta premisa honetan oinarritzen da: kalitatezko turismoaren aldeko apustuak hainbat bermetan oinarritutako eskaintza sustatu behar du, eta kontsumo-arloan ere bai.

Ikastaro horietarako izen-ematea doakoa da, eta turismoaren web orrialdean jada egin daiteke.