2025ko uztailaren 28a

Taberna lehendakariordeak eta Irujo kontseilariak 175 neurri aurkeztu dituzte administrazio arinago, eraginkorrago eta irisgarriago baterantz aurrera egiteko

Enpresa-leihatila bakarra martxan jartzea, irakaslearen karpeta berria edo Minbiziaren Detekzio Goiztiarreko programetan emaitza negatiboak SMS bidez jakinaraztea dira aurreikusitako neurrietako batzuk
Enpresa-leihatila bakarra
 
Irudi galeria

Enpresa-leihatila bakarra, irakaslearen karpeta berria edo SMS bidezko komunikazioa, bularreko minbizia, umetoki-lepoa eta koloneko minbizia goiz detektatzeko programen emaitza negatiboei buruzkoa. Nafarroako Gobernuaren Administrazioa Sinplifikatzeko Plan Operatibo berriak aurreikusten dituen neurrietatik hiru baino ez dira, kudeaketa publikoa eraldatzea, eraginkortasunik ezak murriztea eta zerbitzuetarako sarbidea erraztea helburu dutenak.

Felix Taberna lehen lehendakariorde eta Lehendakaritza eta Berdintasun kontseilariak, Mikel Irujo Industria eta Trantsizio Ekologiko eta Digitaleko kontseilariak eta Txerra García de Eulate Nafarroako Gobernuko Politika Publikoen Plangintza, Koordinazio, Berrikuntza eta Ebaluazioko zuzendari nagusiak aurkeztu dute gaur plan berria.

“Hamar pertsonatik seik balorazio positiboa egiten dute Nafarroako Administrazioen funtzionamenduari buruz, Foru Gobernuak egindako ‘Herritarrek Nafarroako erakundeetan eta zerbitzu publikoetan duten pertzepzioari eta konfiantzari buruzko inkestan’. Hala ere, pertzepzioa ez da hain positiboa kudeaketak egiterakoan. Izapideak egiteko zailtasunen artean, gehiegizko burokrazia (% 32) eta izapideen eta erantzunen moteltasuna (% 24) aipatzen dira. Hau da, herritarrek burokrazia gutxiago eta argitasun handiagoa eskatzen digute”, nabarmendu du Tabernak.

Administrazioa Sinplifikatzeko Plan Operatibo berriak bost lan-ildo estrategiko aurreikusten ditu: zerbitzu publikoak, prozedurak eta izapideak birdiseinatzea; araudia berrikustea; antolamendua egokitzea; eraldaketa digitalerako tresnak; eta administrazioen arteko gobernantza eta lankidetza. Guztira 175 neurri hartzen ditu barne, horietako asko urte anitzekoak, eta Nafarroako Gobernuko departamentu guztietako 34 Zuzendaritza Nagusik, Unitate eta Erakunde Autonomok batera sortu dute.

Planaren neurri nabarmenen artean, eta etorkizuneko Industriari buruzko Foru Legearen esparruan, Irujo kontseilariak administrazioa sinplifikatzearen arloan egiten ari den lanaren berri eman da, besteak beste, enpresa leihatila bakarra, bere helburuen artean informazioa eta izapideak bateratzea izango duena, eta dirulaguntzen eta zerbitzuen deialdiekin arlo interaktibo bat bere baitan izango duena.

Gainera, enpresa-karpeta sortuko da, izapideak eta enpresekiko komunikazioa optimizatzeko. Administrazioarekiko harremana erraztu nahi da, besteak beste, izapidetzen ari diren prozeduren egoera, espedienteetan aurkeztutako dokumentazioa edo abisuak zein alertak jasotzeko aukera emanez. Azkenik, Nafarroako Proiektu Estrategikoak sortuko dira, figura berri bat, Foru Intereseko Adierazpenekiko osagarria, bere ezaugarrien artean izango duena proiektuaren tramitazio espres urte bakarrean eta proiektuarekin lotutako izapide guztien izapidetze bateratua. 

Azkenik, Txerra García de Eulatek Foru Gobernuaren 'Komunikazio gida argia' tresna aurkeztu du. Bere helburua da, Nafarroako herritarrei zuzendutako edukia idazteko eta lantzeko orduan Administrazioko langileen lana erraztea. Dokumentuak gidalerro batzuk biltzen ditu, administrazio-informazio argia egituratzeko, idazteko eta baliabide grafikoekin laguntzeko. Modu horretan, Nafarroako Gobernuak bermatu nahi du herritarrek informazio administratiboa ulertzeko duten eskubidea. 

175 neurri bost lan-ildotan
Lehen lan-ildo estrategikoak, “Zerbitzu publikoak eta izapideak birdiseinatzea” izenekoak, 50 neurri ditu, guztizkoaren % 28,6 suposatzen dutenak. Horien guztien helburua da administrazioa sinplifikatzea eta prozesuak optimizatzea, herritarrentzako komunikazioa eta irisgarritasuna hobetzea, eta giza baliabideen eta administrazio-baliabideen kudeaketa hobetzea.

Aurreikusitako neurrien artean honako hauek daude, besteak beste: Bularreko, Umetoki-Lepoko eta Koloneko Minbiziaren detekzio goiztiarreko programei dagozkien emaitza negatiboak SMS bidez jakinaraztea; hizkuntza argira egokitzea eta Lanbide Heziketarako bekak erraz irakurtzea; zehapen-prozeduran herritarrei bidalitako komunikazioak berrikustea, hizkera argiari dagokionez; vivienda.navarra.es webgunean administrazio-hizkera sinplifikatzea; edo Euskarabidea web orria hizkera argi eta eskuragarriarekin birdiseinatzea, besteak beste.

Bigarrenik, ‘Arauen berrikuspenak’ 12 neurri jasotzen ditu, guztizkoaren % 6,9 hartzen dutenak. Ildo estrategiko honetako neurri guztien helburua da langileen eta prozeduren kudeaketan araudia eta administrazioa sinplifikatzea, dirulaguntzen eta laguntzen kudeaketa sinplifikatzea eta jarduera zein zerbitzu publikoak arautzea. Aisialdiko monitoreentzako laguntza arautzen duten oinarriak sinplifikatzea edo boluntariotzako erakundeen errolda berrikustea dira bigarren lan-ildo horren baitan dauden ekintzetako batzuk.

Hurrengo 11 neurriak (% 6,3) ‘Antolamendu-egokitzapenaren’ barruan sartzen dira. Plan Operatiboaren arabera, erakundeak berregituratu egin behar dira, erabiltzaileek zerbitzu koherentea eta jarraitua jaso dezaten, prozeduraren zati bakoitza kudeatzen duen organoa edozein dela ere. Lan-arlo honetan nabarmentzekoak dira, besteak beste, funtzionalitate berriak garatzea eta sartzea Osasuneko Karpeta Pertsonalean edo hizkuntza argiari buruzko ikastaro bat egitea Administrazio Publikoari aplikatuta.

‘Eraldaketa digitalerako tresnak’ ildo estrategikoak neurri gehien jasotzen ditu, 96 guztira, hau da, % 54,9. Hauek administrazio-prozesuak digitalizatzera eta automatizatzera, azpiegitura teknologikoa eta zerbitzu digitalak hobetzera eta gaikuntza zein eraldaketa digitalera bideratuta daude. Nabarmentzekoak dira zerga zorrak kreditu/zor txartelaren eta Bizumen bidez ordaintzeko sistemaren ezarpena; Errenta Bermatuaren/Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarreraren eskaera bateratzea, herritarrei bi izapide ezberdin egin behar izatea saihestuz; irakaslearen karpeta martxan jartzea: Emakumeen aurkako Indarkeriaren akreditazioen leihatila bakarra sortzea; Nafarroako Gobernuarekin izapideak eta espedienteak kudeatzeko herritarren karpeta martxan jartzea; edo IA erabiltzea turismo webgunearen bidez Nafarroa bisitatzen duten turistei eta txangozaleei informazio pertsonalizatua emateko.

Azkenik, “Administrazioen arteko gobernantzak eta lankidetzak” 6 neurri ditu (% 3,4) eta Nafarroako Toki-Administrazioetan administrazio elektronikoa indartzea du helburu, administrazioen arteko lankidetza hobetuz, herritarrek eta enpresek zerbitzu publikoetarako sarbide eraginkorragoa izan dezaten. Neurri aipagarri gisa, Enpresa Leihatila Bakarra garatzea legoke, Departamentuen arteko lankidetzarekin.

Sinplifikazio administratiboa Foru Exekutiboan
Gogoratu behar da Nafarroako Gobernua duela 30 urte baino gehiagotik ari dela administrazioa modernizatzeko eta sinplifikatzeko ahalegina egiten, eta fase horietan Administrazioa teknologia berriek eman dituzten aukera berrietara egokitu dela. 

Hobekuntzak ekarri dituen lege-esparruan, nabarmentzekoak dira politika publikoak eta zerbitzu publikoen kalitatea ebaluatzeari buruzko abenduaren 29ko 21/2005 Foru Legea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan Administrazio Elektronikoa ezartzeko apirilaren 4ko 11/2007 Foru Legea, Administrazioa sinplifikatzeko neurriei buruzko 15/2009 Foru Legea, Gardentasunari eta gobernu irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legea, edo berriena den Gardentasunari, Informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legea.

Europako jarraibideen ildotik, Nafarroak sinplifikazio administratiborako hainbat plan orokor ezarri ditu, azkena 2025ean, eta orain, egokitzapen berri bat eskatzen du, azken urteetan izandako aurrerapen digitalak aprobetxatzeko eta irisgarritasun zein arintasun administratiboko gizarte-eskaerei erantzuteko.