Descárgate la app
Negua datorrela eta, ibilgailuak prest jartzeko eskatu die Nafarroako Trafikoak herritarrei
2023ko azaroaren 7a
Negua datorrela eta, ibilgailuak prest jartzeko eskatu die Nafarroako Trafikoak herritarrei
Amparo López Antelo Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariak Nafarroako Trafikoaren kanpaina berri bat aurkeztu du gaur goizean prentsaurrekoan. Kanpaina horretan, herritarrei eskatzen zaie negua iritsi aurretik beren ibilgailuak berrikusteko, arreta berezia jarriz gurpilei, balaztei, direkzioari, argiteriari, bateriari, bujiei eta izotzaren aurkako likidoari.
“Neguak ez zaitzala errepidean harrapatu” izenburua daraman kanpainak, halaber beste zenbait alderdi nabarmendu ditu, besteren artean, urteko hilabeterik hotzenetan neguko pneumatikoak erabiltzearen komenigarritasuna edo, ezinezkoa izaten bada, beti kateak ibilgailuaren maletategian eramatearena. Eta oinarrizkoa da derrigorrezko segurtasun elementuak daramatzagula bermatzea, alegia jaka islatzaileak, larrialdiko triangeluak edo baliza argitsu bat (V16 seinalea) eta ordezko gurpila.
Kanpaina hau, joan den uztailean Foru Komunitateak Trafikoa eta Bide Segurtasuna konpetentzia bere gain hartu ostean Nafarroako Gobernuak abian jarritako bigarren sentsibilizazio kanpaina da. Bere aurkezpenean partaide hartu dute Barneko zuzendari nagusi Salvador Diez Zapatak eta foruzaingoko buru Ivan Ortueta Izcok.
Barne kontseilariak prentsaurrekoan onartu du Nafarroako Gobernua jada esperientzia propio batetik abiatu dela neguko bide-segurtasunaren kudeaketan eta agerian jarri du eragindako zerbitzu guztiekiko foru kudeaketa, kasu, osasun arlokoak, errepide edota segurtasun kontserbaziokoak eta jokabide horrek, bere esanetan, “ikuspegi eta ekintza integral bati ematen dio bidea, horren emaitza koordinazio hobeagoa eta baliabideen erabilera eraginkorragoa izanik”.
Amparo Lopez, bestalde, prebentzio izaerako neurriak hartzearen garrantziaz aritu da, esaterako herritarrengana informazioa hedatzearenaz. “Bide-segurtasunean lan egitea, arrisku faktoreak ezabatu eta murriztean datza, horiek eragiten dituzten trafiko-istripuak eta kalteak murriztu eta prebenitzea lortze aldera” ziurtatu du.
Nafarroako Trafikoa kanpaina berria gaur, asteartea, abiatu da eta abendura arte iraungo du telebistan, irratietan eta sare sozialetan, denboran zehar are gehiago luzatzeko aukera izanik, betiere baldintza meteorologikoak kontuan hartuta. Webgune bat, hiru animazio-bidea, irratiko hiru iragarki eta liburuxka informatzaile bat dakartza.
Alerta meteorologikoaren egoerako bidaietarako aholkuak
Kanpainak, neguaren etorrerarako aholkuez gainera, halaber gomendioak ematen ditu gidatzeko meteorologia alerten kasuan edota ibilgailu batekin elurretan trabatuta gera gintezkeen kasurako.
Hala, tenperatura baxuen edo elurraren alerta egoerarako komenigarria da beharrezkoak ez diren lekualdatzeak ekiditea eta, ahal bada, garraio publikoa erabiltzea. Bidaiari ekin aurretik, gomendioa da beste pertsona bati jakinaraztea helmuga, ibilbidea eta iristeko aurreikusitako ordua, baita aurreikuspen meteorologikoaz hala nola errepideen egoeraz informatzea ere incidenciascarreteras.navarra.es webgunean edo bestela 848 423 500 telefonoan.
Halaber gomendagarria da egunez lekualdatzea, autopista edo errepide nagusietan zehar eta lagunduta bidaiatzea. Norbere ibilgailua erabiltzekotan, neguko pneumatikoak edo kateak, pala, soka eta linterna, erregai depositu betea, bateria beteta daraman telefono mugikorra, berotzeko arropa, janaria nahiz ura hala nola segurtasunerako beharrezkoak diren elementuak eramatea komeni da.
Elurra botatzean zuritzen badu, funtsezkoa da beste ibilgailuek sortutako gurpil-arrasto haietatik ez irtetea. Mantso gidatu behar da, poliki eta martxa murriztuarekin, bat-batean noranzkoa aldatu gabe, eta beste ibilgailu baten atzetik joaten bagara segurtasun-tarteak hedatuz. Ez zaie aurrea hartu behar elurra kentzeko makinei, ezta errepidean lanean ari diren larrialdiko ibilgailuei ere.
Elurretan harrapatuta geratzen garenerako gomendioak
Ibilgailua elurretan harrapatuta geratzen bada, derrigorrez 112ra deituko dugu egoeraren berri emateko. Gogoan izan telefonoak estaldurarik ez badu ere 112ra deitzen dugunean beti izaten dela konexioa.
Halako egoeretan autoaren barnean iraun behar da, motorra martxan eta berogailua piztuta mantenduz, airea aldizka berritzea ahaztu gabe. Erregaia ez agortzea komeni zaigunez, denbora batez behin motorra eta berogailua itzaliko ditugu, betiere asmoa izanik ibilgailu barnean neurriko tenperatura mantentzea eta aldi berean erregaia ahalik eta gehien aurreztea.
Bestalde, ziurtatu behar da ihes-hodiaren amaiera trabatuta ez dagoela eta auto barneko gunera ez dela kerik sartzen, irratia sintonizatu eguraldiaren partea entzuteko eta itxaron beste ibilgailu bat pasa arte, elur jasaren erdian laguntza bila ateratzeko saiakerarik egin gabe.
Neguko baldintzek gidatzean duten eragina
Euria, izotza, elurra edo lanbroa bezalako neguko egoerak kalterako baldintzatzaileak dira gidatzerakoan eta gidatze ahalik eta seguruena lortzekotan zenbait neurri hartzera behartzen gaituzte. Adibidez, euriarekin eta errepide bustiarekin balaztatze distantzia hedatu egiten da eta ikusgarritasuna murriztu; horregatik ezinbestekoa da bat-bateko maniobrak ekiditea, segurtasun-tartea hedatzea, abiadura murriztea eta pneumatikoak egoera onean eramatea, marrazkia eta presioa behar bezala dituztela zainduz. Hainbat azterketek diotenez, 90 km/o-ko abiaduran errepide bustirako balaztatze distantzia 32 metro gehiagokoa izango da lurzoru lehor batean baino.
Lurzoru labaingarriaren egoeretan, asfaltoko izotzaren edo elurraren kasuan bezalaxe, hobe da ohiko egoeretan beharko zatekeena baino martxa bat gehiagorekin zirkulatzea, motorraren gehiegizko biraketa-abiadura saihesteko eta trakzio-gurpilak ez labaintzeko. Aldapan beherantz zirkulatu ezean, orduan gomendioa aurkakoa izaten baita: martxa laburrekin gidatu autoa motorreko balaztaz eusteko eta ahal den neurrian oinarekin balaztatzea ekiditeko.
Lainoarekin gidatzen bada inoiz ez geratu bazterbide batean. Lainoen aurkako argiak erabiliz, abiadura nabarmenki motelduz eta galtzadako luzetarako markak adi jarraituz gidatu behar da. Lainoaren ondorioz hildakoekin jazotako trafiko ezbeharren kasuak, gehienetan, bat-bateko eta alferrikako balaztada batekin lotura duten giza akatsengatik gertatzen dira, edo bestela dagokion seinaleztapenik gabe bazterbidean geratzeagatik.