Descárgate la app
Foru Gobernuak salatu du “diskurtso negazionistak ere indarkeria matxistak” direla
2024ko azaroaren 12a
Foru Gobernuak salatu du “diskurtso negazionistak ere indarkeria matxistak” direla
Campaña del 25N, Día Internacional de la Eliminación de la Violencia contra la Mujer
Nafarroako Gobernuak kanpaina instituzional berria aurkeztu du gaur, indarkeria matxista baztertzen, minimizatzen edo barregarri uzten duten diskurtso negazionistei aurre egiteko, eta, horrela, korronte antifeminista hori gezurtatzen duten datu ofizial ezberdinak eman ditu.
A25, emakumeenganako indarkeria ezabatzeko nazioarteko eguna dela-eta, aurten ere berritu egin da indarkeria matxista ardatz duen sentsibilizazio-kanpaina hau, Nafarroako Gobernuak “emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunaren ondorio larriena” eta biztanleriaren zati handi baten eskubide eta askatasunen aurkako atentatua dela uste baitu. Helburua da herritar guztiei erantzukizuna eskatzea, eta genero-sozializaziotik, lanaren sexu-banaketatik eta desberdintasuna sortzen duten estereotipo matxistetatik eratorria den gizartean oro har dagoen kultura- eta gizarte-jarrerari aurre egitea.
Hala azaldu du gaur Felix Taberna lehen lehendakariorde eta Lehendakaritza eta Berdintasun kontseilariak. Nafarroako Jauregian jarritako olanen aurrean sentsibilizazio-kanpaina berri hau aurkeztu du, Patricia Abad Nafarroako Berdintasunerako Institutuko (NABI) zuzendari kudeatzailearekin, Sara San Julián erakunde honetako Berdintasunerako Gobernantzako zuzendariordearekin, Patxi Vera Herriaren Defendatzailearekin eta ordezkari politikoekin batera.
‘Ez diezazutela alderantziz kontatu. Diskurtso ukatzaileak ere indarkeria matxistak dira’ lelopean, Foru Exekutiboak hainbat material grafiko eta ikus-entzunezko landu ditu, korronte horiek gezurtatzen dituzten eta emakumeen zein gizonen arteko harreman eredu berdinzaleagoa aldarrikatzen duten datu ofizialekin.
Hiru indar-ideia
Hala, hiru indar-ideiaren inguruko materialak elaboratu dira, karteletan, olanetan eta euskerazko eta gaztelaniazko bideo batean. Horiek sektore ukatzaileen diskurtsoa ezabatzeko baliabide grafikoa erabiltzen dute, emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko egiazko datuak eta mezu positiboak emanez.
‘Indarkeriak badu generoa’ mezuarekin, lehenengo mezuak gezurtatu egin du baieztapen hori ukatzen duenik, sexu-askatasunaren aurkako delituen biktimen % 86 emakumeak eta neskak direla gogoraraziz, Barne Ministerioaren ‘Sexu-askatasunaren aurkako indarkeriari buruzko 2023ko txostena’ren arabera.
Bigarren mezu batek gezurtatu egiten du genero indarkeriagatiko salaketa asko faltsuak direla dioen tesia, eta gogora ekartzen du “2009 eta 2023 urteen artean genero-indarkeriari buruzko salaketa faltsuengatiko kondena-epaien batez bestekoa % 0,0084 dela”, Estatuko Fiskaltza Nagusiaren 2024ko memoriaren arabera.
Hirugarren mezu baten arabera ‘Emakume batekin zerbait egiteko, kontratu bat sinatu behar dut’ adierazpena ezabatzen da. Mezu horren arabera, ‘Emakume batekin zerbait egiteko, haren askatasuna errespetatu behar dut’, eta baztertu egiten ditu zenbait sektorek lotura sexual-afektibo seguruagoak planteatzeko orduan egiten dituzten karikaturizazioak.
Kanpainak 41.000 euroko kostua du eta gaztelaniaz zein euskaraz zabalduko da prentsa idatziaren, Iruñako eta Eskualdeko markesinetan, Tuterako, Lizarrako eta Tafallako markesinetan, hiriko euskarri digitalean (MUPIS) eta sare sozialen bidez. Halaber ikusgai izango da Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) Iruñan eta Tuteran dituen campusetan eta Nafarroako Jauregiaren fatxadan, zeinetan gaurtik bertatik olanak jarrita dauden.
Zero tolerantzia antifeminismoarekiko eta diskurtso misoginoekiko, bereziki gazteen artean
Kanpaina negazionismoaren eta diskurtso misogino eta neomatxisten aurrean “zero tolerantzia” mezu gisa planteatu da. Azken urteotan zabaltzen ari den antifeminismo-korronteari aurre egitea du helburu, zein desberdintasuna eta emakumeen aurkako indarkeria ukatzean eta mugimendu feministak barregarri uztean oinarritzen den, “fake news” delakoekin, eremu digitala hedapen hedakorrerako erabiltzen duten konspirazioaren desinformazioarekin eta denbora errealean emakumeen eta gizonen arteko mendekotasuna iraunaraztea bilatzen duten mezuekin.
Diskurtso hauek emakumeen eskubideen garapenaren eta mugimendu feministaren aurrerapenaren aurkako erreakziotzat hartzen dira, eta gizarteko maila gazteenen artean hedatzeko aukera bereziki kezkagarria da.
Horrelako diskurtsoak eskuratzea oso erraza da gazteentzat, sare sozialetan ospe handia duten ‘youtuberren’ eta ‘gamerren’ jarduerari lotutako elkarrizketen eta ‘txaten’ bidez. “Gainera, diskurtso horiek zuritu egin dituzte komunikazio-pseudomedioek eta zenbait talde politikok”, esaten du kanpaina bultzatu duen lan-taldeak.
Kanpaina honen bidez, Nafarroako Gobernuak sektore horien ohiko argumentarioa errefusatu nahi du. Izan ere, sektore horiek defendatzen dute indarkeriak ez duela generorik, botere publikoek hartzen dituzten neurriak ez direla egokiak, indarkeria hori beti egon dela eta ‘ez dela horrenbesterako’, beste herrialde edo garai batzuetan gertatzen den fenomenoa dela gehienbat, saihestezina dela eta ezin dela desagerrarazi, komunikabideek puztu egiten dutela, biktimak ere errua duela edo emakumeek ere indarkeria erabiltzen dutela.