Descárgate la app
Dohaintzen kopuruak %6,37 egin du gora aurten, 10.453 odol- eta aferesi-emate izan dira
2023ko ekainaren 14a
Dohaintzen kopuruak %6,37 egin du gora aurten, 10.453 odol- eta aferesi-emate izan dira
Nafarroako Odol eta Ehun Bankuak zein Nafarroako Odol Emaileen Elkarteak (ADONA) Emailearen Munduko Eguna ospatuko dute asteazken honetan, ekainak 14, "Odola eman, plasma eman" lelopean. Egun horretan, milioika pertsonak egunero modu altruistan eta borondatez egiten duten lana aintzatetsi eta eskertu nahi dute, odola ematea, tratamendua, banaketa eta transfusioa funtsezkoak baitira herritarren osasunari eusteko.
Foru Erkidegoko odol-emateen kopuruei dagokienez, Nafarroak 23.547 odol-emate izan zituen iaz eta 2022an odola eman zuten 13.052 pertsonetatik, % 6,31k lehen aldiz eman zuen odola. 20.513 odol-emate, 3.013 aferesi-emate eta 21 gordailu-aurreko autoemate izan ziren. 35 urtetik beherako emaileen kopuruak bi puntu egin zuen gora, % 27,8tik % 29,5era, eta emaile berriei dagokienez, 1.704 izan ziren lehen dohaintza 2022an egin zutenak.
Bestalde, aurtengo lehen bost hilabeteetan, eta iazko aldi beraren aldean, odol-emateen kopurua % 6,37 igo da, 10.453 odol- eta aferesi-ematerekin eta 811 emaile berri ( % 45,58 gizonak eta % 54,42 emakumeak), 2022ko aldi berean baino ia ehun gehiago. Emaile berri gehien biltzen dituen adin-tartea 18 eta 29 urte artekoa da ( % 49,54). Emaile kopurua, aldi berean, % 5,12 igo da, eta guztira 8.721 izan dira urtarriletik maiatzera bitartean.
‘Odola eman, plasma eman, bizitza partekatu, sarritan banatu'
Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) aurtengo Odol Emailearen Munduko Egunerako sustatutako kanpainaren leloa hauxe da: “Bizi gara zuk ematen duzulako. ‘Odola eman, plasma eman, bizitza partekatu, sarritan banatu' mezuak azpimarratzen du odola edo plasma ematea oso garrantzitsua dela, beti eskuragarri egon daitekeen odolaren eta odol-produktuen hornidura seguru eta iraunkorra sortzeko.
Nafarroako Odol eta Ehunen Bankuak bat egin du “odola ematen duten pertsonak ospatzea eta haiei eskerrak ematea eta gainerako herritarrak emaile egitera animatzea helburu duen ospakizun batekin; osasun ona duten pertsonak aldian-aldian odola ematera animatzea, haren mende dauden pazienteen bizi-kalitatea hobetzeko; arreta emaileen osasunean eta jasotzen duten arretaren kalitatean zentratzea, emaileen konpromisoa eta aldian-aldian emateko borondatea sustatzeko funtsezko faktore gisa; aldian behingo odol- eta plasma-emateen, borondatezkoen eta ordaindu gabekoen funtsezko zeregina nabarmentzea, odol-produktu seguruak eskuratzeko aukera bermatzeko”.
Ildo beretik, ADONAk adierazi du beharrezkoa dela “odol-emateak edo odol-osagaiak etengabe eta modu seguruan mantentzea, plasma unitate nahikoak lortzeko giza plasmatik eratorritako sendagaien bizitza osorako mende egongo diren pertsonen beharrei erantzuteko”. Helburua, adierazi dutenez, osagai horren bolumen handiagoa lortzea da, “autosufizientziarako bidea hasi ahal izateko. – Oraindik emaile ez diren pertsonei eskatzen diegu elkartasunezko giza kate horretan sartzeko, bizitzak salba ditzaten, edozein unetan, edozein pertsonak, guk geuk, transfusio bat edo giza plasmatik eratorritako medikamentu bat behar izan baitezakegu”.
Dohaintza jardunaldia Antoniuttin
Gaurko ekitaldiei dagokienez, ADONAk, CIP Huartek eta Nafarroako Odol eta Ehun Bankuak odola emateko jardunaldia antolatu dute Antoniutti parkean. Huarte LHIKko ikasleak dira ekitaldi honetako protagonistak, Ikaskuntza eta Zerbitzu proiektu baten bidez. Proiektu horretan, ikastetxeko ikasle guztiek parte hartu dute beren espezialitate desberdinetatik: Ibilgailuen babesa: maskota adierazgarriak; Elektromekanika: dohaintza-emaileentzat ezusteko oparia; Erizaintza: informazio-triptikoa eta jardunaldiaren eslogana; Gorputz Hezkuntza: jardunaldiari laguntzeko jarduerak eta jokoak; Zientzia aplikatuak, komunikazioa eta gizartea: proiektuaren webgunea; Ostalaritza: feskagarriak eta pintxoak emaileentzat, 2021/22 ikasturteko berrikuntza-proiektu baten emaitza gisa lankidetzan eraikia izan den ‘La TxipiMonsterFoodTruck’-ean emango direnak,
Bestalde, Zangozan, Emaileen Plazatxoan, Udalak Leire Urbeltz bertako artistak egindako odol-emaileei eskainitako mural bat inauguratuko du 12:00etan, Sierra de Leire Institutuak eta Zangozako Ikastolak parte hartuta. Tuteran, berriz, DBHko 4. mailako ikasleek hizkuntza ikasgaian egindako lanak zabalduko dira sare sozialen eta ADONAren webgunearen bidez. Bertan, odola ematera gonbidatzeko mezu bat eraikitzea landu dute. Castejonen, ‘Non daude globulu gorriak Danielarentzat’ ipuinean oinarritutako proiektu bat garatzen da'.
Bestalde, Nafarroako Parlamentuak gorriz argituko du gaur gauean bere egoitzaren aurrealdea odol-emaileen lana aitortzeko eta Nafarroako 33 herrik gauza bera egingo dute udaletxeekin edo monumentu enblematiko desberdinekin, besteak beste, Artaxoako zerkoaren argiztapena, edo balkoietatik pankartak zintzilikatuko dituzte emaileei eskerrak emanez.