2025ko apirilaren 7a

Dagoeneko zabalik dago bizikletak konpondu eta mantentzeko laguntzak eskatzeko epea, 100.000 euroko zuzkidurarekin

Seigarren edizio honetan 2.000 eskatzaileren eskaerari erantzun ahal izango zaiola uste da
Irudi galeria

Dagoeneko zabalik dago bizikletak konpondu eta mantentzeko laguntzak eskuratzeko epea. 100.000 euroko inbertsioarekin, Lurralde Kohesiorako Departamentuko Garraio eta Mugikortasun Jasangarriaren Zuzendaritza Nagusiaren barruan, datorren urriaren 4ra arte eskatu ahal izango da dirulaguntza. Zenbatekoa 50 eurokoa da pertsonako eta bizikletako. Seigarren edizio honetan 2.000 pertsonaren eskaerari erantzun ahal izango zaiola uste da.

Joan den martxoaren amaieran, Iruñea, Antsoain, Aranguren, Elizondo, Buñuel, Cintruénigo, Corella, Lizarra, Fitero, Azkoien, San Adrian, Zangoza, Tafalla, Tutera eta Eguesibarren ekimen honi atxikitako 34 tailerren zerrenda argitaratu zen. Laguntzak atxikitako tailerretan bertan eskatu ahal izango dira.

Edizio honen aurkezpena Iruñeko ‘Ciclos Goñi’ tailerrean egin da. Ekitaldian, Berta Miranda Nafarroako Gobernuko Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusiak “mugikortasun jasangarria sustatzen jarraitzearen” garrantzia azpimarratu du. Gaineratu duenez, “ingurumenarekiko politika arduratsua dakar” eta “ohitura osasungarriak garatzen laguntzen du”. Ildo horretan, Nafarroako Gobernuak bizikletentzako erreietan inbertitzeko egin duen ahalegina gogorarazi du.

Juan José Goñik, ekimenari atxikitako ‘Ciclos Goñi’ko arduradunak, argi dauka datorren urtean errepikatu egingo dela. Tailerren zerrendarekin bat egin zuen duela bost urte, eta bere esanetan “ekimen ona da jendearentzat”, eta, gainera, “pizgarri ekonomikoa da tailerrentzat, iristen zaigun bezero fluxuagatik”.

Horrela, ekimenean parte hartu duen urteetan, batez beste ehun bizikleta konpondu ditu, “mota guztietako pertsonenak: adinekoak, gazteak…” Goñik azaldu du tailerrera iristen zaizkion konponketa gehienak transmisioak (katea, platerak), estalkiak, ganberak eta aulkiak direla. “Oro har, bizikleta erabiltzeagatik gehien hondatzen diren elementu guztiak”.

Aurreko bost deialdietan 9.500 bizikleta konpondu dira, eta Lurralde Kohesiorako Departamentuak 441.500 euroko inbertsioa egin du. Aurreko bost edizioetan emaitzak eta balorazio positiboa lortu dira, bai tailerren aldetik, bai erabiltzaileen aldetik. Balorazio hori tailerren atxikimenduan eta herritarren laguntza-eskarian islatzen da, aurrekontu erabilgarriaren ia % 100 bete baita.

Konponketari eta ordezkapenari dagokionez, aurtengo deialdian barne hartzen dira balazten konponketak, koadroa, aurreko urkila, errodamenduak, katea, pinoiak, platerak, martxa aldatzeko gailuak, estalkiak, ganberak, aulkia, tija eta bateria.

Mantentze-lanei dagokienez, honako hauek lagundu ahal izango dira diruz: garbiketa- eta koipeztatze-lanak; gurpilak zentratzea eta erradioak doitzea edo ordezkatzea; balaztak doitzea; zapatak aldatzea eta heldulekuak doitzea; pastillak, diskoak eta purgaketak aldatzea; aldaketak eta torlojuak doitzea; estalkiak eta kamera; transmisioa, lubrifikazioa eta garbiketa barne; beharrezko elementuak ordezkatzea, esaterako katea, pinoiak, biribilkiak, platerak, zirgak eta zorroak.

Gainera, ekipamendu eta osagarrien instalazioari buruzko alderdiak sartzen dira, esaterako argiak, tinbrea eta lohi-babesak. Haurrentzako aulkien instalazioak erostea ere diruz lagundu ahal izango da.

Konponketak kanpainari atxikitako Nafarroako tailerretako batean egin beharko da. Tailerren zerrenda webgunean kontsultatu ahal izango da. Tailerrek, bestalde, gehienez lau hilabete izango dituzte konponketak egiteko, eta urriaren 31 izango da azken eguna. Erabiltzaileek modu telematikoan kontsultatu ahal izango dute beren eskaeraren egoera. Bestalde, aurreko kanpainen onuradunek ezin izango dute edizio honetan parte hartu.