Descárgate la app
Nafarroak 51 tximinia-sute erregistratu ditu guztira 2026an
2026ko azaroaren 19a
Nafarroak 51 tximinia-sute erregistratu ditu guztira 2026an
Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuak guztira 51 tximinia-sute artatu ditu urte hasieratik hona. Ezbehar hori, neurri handi batean, mantentze-lan eta eraikuntza eta eraberritze egokiaren bidez prebeni daiteke, eta horretarako garrantzitsua da profesionalak kontratatzea.
Urtarriletik azaroaren erdialdera 51 esku-hartze egin dira tximinia-suteengatik. Horietatik, intzidentzia gehien izan dituzten hilabeteak urtarrila (14), martxoa eta apirila (9) eta otsaila (7) izan dira. Eremu geografikoei dagokienez, mota hauetako suteengatiko irteera gehienak Cordovilla eta Altsasuko parkeetan (12) eta Lizarrakoetan (7) erregistratu dira.
Bestalde, 2025. urte osoan 56 asistentzia egin ziren arrazoi horrengatik, eta gehienak Altsasuko (12), Lizarrako (12) eta Cordovillako Zentrala eta Oronozko (7) parkeetatik.
Tximiniak eraikitzeko eta eraberritzeko profesionalak kontratatzea
Ezbeharrik gerta ez dadin, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko arduradunek gogorarazi dute oso garrantzitsua dela profesionalak kontratatzea horrelako instalazioak eraikitzeko eta eraberritzeko. Horrela, obra behar bezala egingo dela bermatuko da, tximiniaren tiroak berotik egokiro isolatuta egon behar duten forjatuak eta estalkiak zeharkatzen baititu. Bestela, etxebizitzak sutea gertatzeko arrisku handia izango du.
Era berean, erabilitako etxebizitza bat erosten bada edo instalazioa berritzen bada, ezinbestekoa da tximinia behar bezala isolatuta dagoela eta araudia betetzen duela egiaztatzea.
Aldian-aldian mantentze-lanak egitea
Egurrak, su hartzean, aerosol batzuk kanporatzen ditu, eta horiek tximiniaren tiroan metatzen dira, kreosota izeneko mundrun itxurako zolda bat sortuz. Zolda hori oso lodia bada, goritu eta erre egin daiteke. Izan ere, hori izan ohi da mota horretako suteen arrazoi ohikoena.
Hori saihesteko, tximiniatik aldizka kedarra kentzea gomendatzen dute. Gutxienez urtean behin, egunero erabiltzen bada, eta, gutxienez, urtean bi edo hiru aldiz, maiztasun txikiagoarekin erabiltzen bada, bigarren etxebizitzen kasuetan bezala. Lan horiek, berriz ere, profesionalek egin behar dituzte, altuerako lanak baitira.
Erabilera egokia
Tximiniaren erabilera egokia egur gainkargak saihestuz hasten da, eta egur lehor eta gogorrak erabiliz, esaterako haritz, arte edo pagoarenak, tiroan bero gehiago sortu eta mundrun gutxiago metatzen baitute egur bigunek baino, besteak beste pinu edo makal egurrak.
Gainera, instalazioen inguruan segurtasun-eremu bat sortu behar da, sutatik bi metro baino gehiagora material erregairik jar ez dadin; eta estalkidun tximiniak erabili behar dira txinpartarik edo zoladurarik ez ateratzeko. Era berean, garrantzitsua da gela etengabe aireztatzea eta sua guztiz itzali dela ziurtatzea, batez ere bigarren etxebizitza batetik irtetean edo oheratzean.
Su-detektagailu bat behar bezala instalatzea ere aholkatzen da, sute baten hasiera bat garaiz detektatzeko arreta-neurri bikaina baita.
Azkenik, Nafarroako Gobernuak gogorarazi du, neurri guztiak hartuta ere, kea edo sua ikusiz gero, 112 telefonora deitu behar dela berehala. Deitu ondoren, tximinia itzali behar da, eta, detektatu duen pertsona gai ikusten bada, sua itzaltzen saiatu behar da suhiltzaileak iristen diren bitartean, betiere arriskuan jarri gabe.