Descárgate la app
Nafarroak beroarekin lotutako 249 patologia-kasu erregistratu ditu, 2025ean baino % 96 gehiago, tenperatura altuko bolada luzeak nagusi izan diren udan
2026ko urriaren 23a
Nafarroak beroarekin lotutako 249 patologia-kasu erregistratu ditu, 2025ean baino % 96 gehiago, tenperatura altuko bolada luzeak nagusi izan diren udan
Foru Komunitatean, maiatzaren 16tik irailaren 3aren bitartean, beroarekin lotutako 249 kasu jakinarazi ziren; hau da, 2025eko aldi berean baino % 96 gehiago, tenperatura oso altuen eta uda osoan zehar bero bizi horren gertakariak luzatzearen ondorioz.
Nafarroak beroarekin lotutako 249 patologia-kasu erregistratu ditu, 2025ean baino % 96 gehiago, tenperatura altuko bolada luzeak nagusi izan diren udan
Kasuen % 60 eta ospitaleratzeen % 72 maiatzeko eta ekaineko lehen bero-gertakarietan gertatu ziren, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren (NOPLOI) gehiegizko tenperaturak eta airearen kutsadurak osasunean dituzten ondorioak prebenitzeko planaren ebaluazio-txostenaren arabera
Foru Komunitatean, maiatzaren 16tik irailaren 3aren bitartean, beroarekin lotutako 249 patologia-kasu jakinarazi ziren; hau da, 2025eko aldi berean baino % 96 gehiago, tenperatura oso altuen eta uda osoan zehar bero bizi horren gertakariak luzatzearen ondorioz. Hala nabarmendu du Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua (NOPLOI) bere gehiegizko tenperaturak eta airearen kutsadurak osasunean dituzten ondorioak prebenitzeko planaren ebaluazio-txostenean.
Aipatutako planeko helburu nagusi, ekintza eta jarraipen-adierazleak jasotzen dituen txosten honen arabera, osasunerako arrisku ertaineko edo handiko 25 alerta aktibatu dira aurten. Adierazle horrek agerian uzten du uda honetako muturreko beroak Nafarroan izandako eragin handia. Zehazki, osasunerako arrisku ertaineko edo handiko aldiak egunen % 35 izan dira Kantauriko Isurialdean, % 30 Pirinioan, eta % 19 Erdialdean zein Erriberan.
Txostenak ekainaren amaieran gertatutako muturreko arrisku-egoera bat nabarmentzen du, non alerta gorri sanitaroko aldi luzeak kateatu ziren: zortzi egun jarraian Kantauriko Isurialdean, zazpi Pirinioan eta lau Erdialdean zein Erriberan.
21 ospitaleratze eta 5 hildako bero-kolpeen ondorioz
Beroari lotutako 249 patologia-kasuen artean, 147 gizonengan eman ziren eta 102 emakumeengan. Halaber, 21 pertsonak ospitaleratzea behar izan zuten, 6 eguneko batez besteko egonaldiarekin, eta 5 pertsona bero-kolpearen ondorioz hil ziren —azken 8 urteetako kausa honengatiko batez bestekoa 2 heriotzekoa da—. 2022. urtearekin alderatuta —tenperaturei dagokienez 2026aren antzekoa—, ospitaleratzeen kopurua antzekoa izan da, nahiz eta heriotza gutxiago egon den.
Beroari lotutako patologiak izan zituzten pertsonen batez besteko adina 49 urtekoa izan zen. Adin-talde kaltetuenak 36 eta 64 urte bitartekoena (% 40,2) eta 65 urtetik gorakoena (% 26,10) izan ziren, eta, ondoren, 19 eta 35 urte artekoen taldea (% 24,5) eta 18 urtetik beherakoena (% 9,2).
Arrisku-jarduerari erreparatuz gero, kasuen % 36 lan-jardueran zehar gertatu ziren; % 29 aisialdiko jardueretan (hala nola paseatzen edo eguzkia hartzen ari zirela); % 13 etxean, tenperatura altuekin; eta % 10 kanpoan, ariketa fisiko bizia egiten ari zirela.
2025eko datuekin alderatuta, klimatizazio arazoak zituzten etxebizitzetan zeuden pertsonen kasuek gora egin dute, % 7,1etik % 13ra. Era berean, aisialdiko jardueretan ari zirenen kasuek apur bat gora egin dute, % 23tik % 29ra.
Aldiz, % 50 inguru gutxitu dira kanpoan ariketa fisiko bizia egiten ari ziren pertsonen kasuak, % 21etik % 10era.
Lan-jardueran, kasu gehiago barneko espazioetan kanpokoetan baino
Lan-eremuan erregistratutako 90 kasuei dagokienez, 57 gizonengan eman ziren eta 33 emakumeengan. Aurten kasu gehiago jakinarazi dira barneko espazioetan (52) aire zabaleko lanetan baino (35). Gainerako 3 kasuak ibilgailuak gidatzen ari zirela gertatu ziren.
Barneko espazioetan beroarekiko esposizioan egoteagatik gertatutako lan-istripuek metalaren eta nekazaritzako elikagaien industriako, automobilgintzako sektoreko, galdategietako, plastiko eta kautxu injekzioko zein beste industria batzuetako garbiketa- eta ekoizpen-langileei eragin zieten. Zerbitzuen sektorean, osasun-eremuan, dendetan, bulegoetan eta hezkuntzan eman ziren kasuak.
Aire zabalean, lan-kasuak baso-lanetan, suteak itzaltzeko lanetan, kamioiak deskargatzeko zereginetan, eraikuntzaren sektorean eta bide-garbiketa bezalako beste jarduera batzuetan erregistratu ziren.
Eragin handiagoa tenperatura altuko lehen gertakarietan
Beroari lotutako patologia-kasu gehienak tenperatura altuko lehen gertakarietan eman ziren. Maiatzaren 20tik 30era bitartean, udako kasu guztien % 14,3 jakinarazi ziren, alerta-maila gainditu ez zen arren (tenperatura maximoak 34 °C-koak izan ziren). Egoera horren arrazoia da denboraldi hasieran pertsonek beroari egokitzeko gaitasun txikiagoa dutela.
Ekainaren amaieran erregistratutako bigarren bero-gertakarian, kasu guztien % 45 eta ospitaleratzeen % 67 jakinarazi ziren. Aldi horretan, 40 °C-ra iritsi ziren Erriberan, Erdialdean eta Kantauriko Isurialdean; Pirinioan, berriz, 38 °C-ra heldu ziren. Uztaileko lehen egunetako hirugarren gertakarian, kasuen % 23 eta ospitaleratzeen % 19 bildu ziren.
Airearen kutsadura
Bestalde, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak jakinarazitako kutsadura-mailen aurreikuspenen arabera, plana aktibatuta egon zen bitartean ozono kutsatzaileari buruzko informazio-atalaseak eta -irizpideak 3 aldiz lortu ziren, eta tenperatura altuko alerta-aldiekin bat egin zuten. Hori dela eta, 3 abisu igorri zitzaizkien toki-erakundeei, bestelako erakundeei zein osasun- eta gizarte-agenteei, tenperatura altuko aldietan. Gainera, PM10 eta PM2,5 partikulak —10 edo 2,5 mikrako diametroko partikulak— gainditu ziren, nahiz eta informazio-mailara iristeko ezarritako irizpideak ez ziren bete.
Hilabete hauetan zehar, tenperatura altuen arriskuei buruz sentsibilizatzen jarraitzeko eta herritar guztien osasunean dituzten ondorioak prebenitzeko asmoz, NOPLOIk Burua hotz beroaren aurka komunikazio-kanpaina abiarazi du berriro, eta lan-eremuko, hezkuntzako eta antzeko arloetako tenperatura altuei buruzko galdera ugariri erantzun die. Halaber, toki-erakundeekin batera, lan proaktiboa egin du osasunerako arriskua ekar zezaketen kirol- edo kultura-ekitaldiak identifikatzeko, eta informazio indibidualizatua bidali die dagokien udalei.
Emaitza horien ondorioz, NOPLOIk beharrezkotzat jotzen du zaintza-sisteman zehar urratsak egiten jarraitzea, baita herritarrentzako informazioan ere hainbat ikuspegitatik; horrela, gehiegizko beroaren aurrean banaka zein taldeka hartu beharreko neurriei buruz sentsibilizatuko da, lan-eremua barne.
Ildo horretan, urte osoan zehar lan egitearen garrantzia nabarmentzen du, bero-denboraldia hasten denean ekintza guztiak aurreikusita egon daitezen: klimatizazioa, protokoloak, informazioa, laguntzak, etab.
Azken batean, prebentzioa indartzearen eta nafar herritarren artean beroaren kultura sustatzearen alde egiten du, eta, horretarako, arrisku handieneko pertsona eta kolektiboei arreta berezia eskaintzen du. Horrez gain, inguruneak egokitzeko lan egitea eta airearen kalitatea hobetzera bideratutako ekintzak sustatzea eskatzen du.