2026ko urriaren 7a

Ingurumenak Nafarroako Edalontzi Bakarra bultzatu du jaietan eta ekitaldietan berrerabiltzeko eredu komun baterantz aurrera egiteko

Ekimena Lekunberrin estreinatuko da, edalontziak itzultzeko sistemarekin eta udalerriko establezimenduen eta kolektiboen %70en borondatezko atxikimenduarekin
Ana Bretaña, Ingurumeneko zuzendari nagusia eta Arkaitz Goikoetxea, 
Lekunberriko alkatea, egitasmoarekin bat egin duten ostatuetako 
ordezkariekin.
Ana Bretaña, Ingurumeneko zuzendari nagusia eta Arkaitz Goikoetxea, Lekunberriko alkatea, egitasmoarekin bat egin duten ostatuetako ordezkariekin.  Deskargatu irudia Irudi galeria

Lekunberrin aurkeztu da asteazken honetan Nafarroako Edalontzi Bakarra, Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak bultzatutako ekimena, berrerabiltzeko eredu komun baterantz aurrera egiteko eta jaietan eta ekitaldietan hondakin plastikoen sorrera murrizteko.

Ana Bretaña Ingurumeneko zuzendari nagusiak eta Arkaitz Goikoetxea Lekunberriko alkateak aurkeztu dute proiektua. Ideia sinple batetik abiatzen da:ez da nahikoa edalontzia berrerabilgarria izatea; beharrezkoa da edalontzia zirkuitura itzultzea, garbitzea eta berriro erabili ahal izatea ahalbidetuko duen sistema bat izatea. Hori dela eta, Edalontzi Bakarra ekimena Nafarroarentzako eredu komun gisa planteatzen da, edalontzi berberak hainbat jai eta ekitalditan erabiltzeko aukera emateko.Horrela, ospakizun bakoitzerako edalontzi berriak sortzea eta horiek erabilera bakarreko objektu bihurtzea saihestuko da.
Ekimenari Lekunberrin ekingo zaio modu praktikoan, herriko jaietan, Udalarekin eta Mendialdea Mankomunitatearekin elkarlanean. Horrela, edalontzia berrerabilpen-zirkuitura itzultzea errazteko diseinatutako itzulketa-sistema probatuko da.

Berrerabilpena bermatzeko itzulketa-sistema

Jaietan zehar, herritarrek edalontzi berrerabilgarria jasoko dute, euro bateko gordailuarekin. Gordailu hori berreskuratu ahal izango dute edalontzia parte hartzen duten establezimendutara itzultzen dutenean.

Gainera, eta proiektuaren elementu bereizgarri gisa, edalontziak itzultzeko bulego bat jarriko da Lekunberriko Udalean. Bertan, herritarrek edalontziak entregatu eta gordailua ere berreskuratu ahal izango dute. Gunea erabilgarri egongo da jaietan zehar, eta ospakizunak amaitu ondoren ere ordutegi bat izango du.

Eredu honen helburua edalontziak itzultzea ahalik eta gehien erraztea da, itzultzeko gunerik gertu ez izateak edo edalontzia erosi den lekutik kanpo egoteak edalontzia sistemara itzultzea eragotzi ez dezan.

Bulegoa egun hauetan egongo da irekita: urriak 9 (ostirala) eta urriak 10 (larunbata), 17:00etatik 19:00etara; urriak 11 (igandea) eta urriak 12 (astelehena), 12:00etatik 14:00etara; urriak 14 (asteazkena), 16:30etatik 19:30etara.

Establezimenduen konpromisoa ezinbestekoa izan da

Sistema abian jartzeak Lekunberriko kolektiboen eta ostalaritzako establezimenduen borondatezko atxikimendu garrantzitsua ere izan du. Izan ere, horien % 70ek bat egin dute ekimenarekin, nahiz eta proiektu honen esparruan parte hartzea ez den nahitaezkoa.

Erantzun horrek Ingurumenak bultzatutako berrerabilpen-ereduari babesa ematen dio, eta agerian uzten du administrazioen, ostalaritza-sektorearen, tokiko kolektiboen eta herritarren arteko lankidetza zein garrantzitsua den sistema horiek praktikan behar bezala funtziona dezaten.
Atxikitako erakundeen artean honako hauek daude: Txozna Batzordea, Hontza Zulo Elkartea, Jubilatuak, Lekuon Berri Taberna, Hostalfix 360 S.L., Albi Taberna eta Ogi Berri.

Mendialdea Mankomunitateak edalontzi berrerabilgarriak jarriko ditu parte hartzen duten establezimenduen eskura eta, beharrezkoa denean, erabilitako edalontziak bilduko ditu, garbitzeko. Jaietarako, gutxi gorabehera 20.000 edalontziko stocka izatea aurreikusten da.

Lekunberrin abian jarriko den esperientzia honek sistemaren funtzionamendua aztertzeko aukera emango du, herritarren eta parte hartzen duten establezimenduen erantzuna ezagutzeko eta Nafarroako beste udalerri batzuetara zabaltzea erraztu dezaketen hobekuntzak identifikatzeko.

Azken helburua da erabili, itzuli, garbitu eta berriro erabiltzea jai eta ekitaldien ohiko antolaketaren parte izango den eredu baterantz aurrera egitea, hondakin gutxiago sortzeko eta berrerabilpena eraginkorra izateko.