Descárgate la app
Tokiko lau ekintza taldeek eztabaida ireki dute etorkizuneko Nafarroako Landa Agendaren lehentasunak zehazteko
2026ko urriaren 13a
Tokiko lau ekintza taldeek eztabaida ireki dute etorkizuneko Nafarroako Landa Agendaren lehentasunak zehazteko
Nafarroako Tokiko Ekintzako lau Taldeek — Cederna-Garalur, EDER Partzuergoa, Erdialdeko Partzuergoa eta TEDER — eztabaida prozesu bat ireki dute Foru Komunitatean etorkizuneko Landa Agenda markatuko duten lehentasunak eta gobernantza parte-hartzailea zein izango diren zehazteko. Agenda hori Europako Landa Itunean eta LEADER programaren bidez lortutako esperientzian oinarrituko da. Eskualdeko partaidetzazko toki-garapeneko politikak orientatzea du helburu, Nafarroako landa-inguruneko bizi-kalitatea modu jasangarrian hobetzen laguntzeko.
Toki-entitateen, langile teknikarien eta landa-inguruneri lotutako agenteen arteko 80 pertsona baino gehiago batu dira gaur (asteartea) Obanosen, José Mari Aierdi Foru Gobernuaren Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria eta Rubén Goñi, Landa Garapenerako zuzendari nagusia barne. Topaketa horrek hizpide izan du “Etorkizuna plazaratu” jardunaldiaren, Nafarroako Landa-agenda definituko duen prozesuari hasiera emateko. Proiektuaren helburuak, metodologia eta lan-egutegia aurkeztu dira, eta jomuga du administrazio publikoek –izan foralak edo udalerrietakoak–, eragile ekonomiko eta sozialek, elkarte-sareek, gazteriak zein landa-inguruneetako herritarrek aktiboki parte hartzea.
Jardunaldia “Herri gogotsuak, herri biziak” proiektuaren esparruan dago, eta proiektu hori modu bateratuan garatu dute duela bi urtetik lau tokiko ekintza-taldeek, Nafarroako Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren babesarekin. Proiektu horren arabera, plaza eremu sinboliko bat da, elkartzeko, entzuteko eta elkarrekin eraikitzeko.
Topaketak xede izan du tokiko ekintza-taldeek metatuta duten esperientzia partekatzea, landa-inguruneak aurre egiten dien erronken hainbat ikuspegi ezagutzea eta eztabaida-eremu bat eraikitzea, zeinak etorkizuneko Nafarroako Landa-agendari ekarpen bat egin diezaiokeen, premiak eta lurraldeak horietan diharduten eragileen proposamenekin lotzearen bidez.
Landa-garapena, plazaren erdigune
Arantxa Hernández Lacalle Obanoseko alkateak ongietorria egin die partaideei, eta nabarmendu du zeinen garrantzitsua den landa-udalerriek haien premiak eta esperientziak parteka ditzaketen topaketa-eremuak sortzea.
Bestalde, José María Aierdi Fernández de Barrena Landa-garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak azpimarratu egin du tokiko ekintza-taldeek izan behar duten rola eta egin behar duten ekarpena; izan ere, protagonista zein transmisio-uhal dira landa-garapen jasangarriko eta tokiko partaidetzako dinamikak bultzatzerako orduan. Sustapen hori estrategia integral batetik egiten da jardueraren alor, zerbitzu eta azpiegitura guztietan, eta, estrategia hori gabe, ez ziratekeen ulertuko Nafarroan gazteentzat landa-mundu bizi, aktibo eta erakargarri bat egitera bideratutako sektore-politikak edo horrekin bat egiten dutenak.
Jardunaldiaren lehen zatiak Cederna-Garalur, EDER Partzuergoa, Nafarroako Erdialdeko Partzuergoa eta TEDEReko lantaldeek egiten duten lanaren hainbat ikuspegi ezagutarazi dira, baita horien hiru hamarkada baino gehiagoko bilakaera ere.
Eusebio Sáez García EDER Partzuergoaren Batzorde Exekutiboaren buruak plazaren inguruko metafora bat egin du, tokiko ekintza-taldeen rolarekin lotuta: administrazioak, enpresak, elkarteak eta beste eragile batzuk batzen dira, erronkak, aukerak eta ekimenak partekatzeko. Sáezen arabera, “taldeak gara lurraldearen agora” eta aldarrikatu egin du “pertsonekin, ideiekin eta proiektuekin konektatzeko eta politika publikoak landa-inguruneen eguneroko errealitatera gerturatzeko” gaitasuna.
Ekintza-ildoak, LEADERez haratago
Jarraian, Josean Zudaire Escobar TEDEReko burua LEADER metodologiaren inguruan zein horren emaitzen inguruan aritu da, eta arreta ipini du metodologia horrek duen partaidetza- eta lurralde-izaeran. Zudairek LEADER programaren alde egin du, eta esan du honako hau dela: “landa-politika egiteko modu bat da, entzutetik abiarazten dena, eta lurralde bakoitzaren etorkizunerako erabakien erdian jartzen ditu pertsonak, toki-entitateak, enpresak eta elkarte-sareak":
Arantxa Arregi Alberro Cederna-Garalurreko buruak arreta tokiko ekintza-taldeen bilakaeran jarri du, LEADERez haratago. Bere hitzaldian laneko hainbat arlo berrikusi ditu, esate baterako, ekintzailetza, landa-merkataritza, lurralde-plangintza, energia, etxebizitza, tokiko elikadura edo despopulazioaren aurkako borroka. Arregik azpimarratu du Nafarroako lau entitate horiek “lurralde-dinamizazioko eragile gisara finkatu direla, eta gai direla sarean lan egiteko eta lankidetza sortzeko partekatutako erronken inguruan”.
Cristina Bayona Pérez Nafarroa Erdialdeko Partzuergoko koordinatzaileak adierazi du lurraldeetan garatutako proiektuen atzean “lurraldearen ezagutza, akonpainamendua, lankidetza eta konfiantza” dagoela, eta azpimarratu du oso garrantzitsua dela “eskumenak, baliabideak eta lurralde-ezagutza lotzen jarraitzea, herriei zeharka eragiten dien erronkei aurre egiteko, eta hori etorkizunera begira egiteko, abiapuntu hartuta tokiko ekintza-taldeen metatutako esperientzia".
Ikuspegi horretatik, lau taldeek jardunaldia “etorkizuneko Nafarroako Landa-agendaren inguruko elkarrizketa hasteko aukeratzat hartu dute, zeina esparru posibletzat jo daitekeen landa-inguruneko ikuspegia partekatzeko, lehentasunak identifikatzeko eta landa-udalerriei eragiten dieten jarduketen arteko lankidetza errazteko”.
Alorrak eta zeharkako erronkak
Hainbat gai, hala nola etxebizitza, mugikortasuna, enplegua, zerbitzuak, zaintzak, digitalizazioa, energia eta belaunaldien txandatzea, landu dira jardunaldian zehar, eta gai horiek lurraldeari zeharka eragiten dioten eta hainbat ikuspegirekin konektatzea dakarten erronken adibidetzat jo dira. Tokiko ekintza-taldeen ikuspegiak abiapuntu du premisa hau: “ez datza eskumenak ordeztean, baizik eta jakintza gehiago izatean eta lurraldea ezagutzen dutenen artean, bertan lanean dihardutenen eta politika publikoen diseinuan eta aplikazioan parte hartzen dutenen lankidetza-eremuak egotea erraztean”.
Jardunaldiaren bigarren zatiak parte hartzeko formatu batera eraman du eztabaida. Bertaratutakoak talde txikietan antolatu dira, herrien etorkizunarekin lotutako hainbat galdera eta premisaren inguruan lan egiteko eta proposamenak modu kolektiboan eraikitzeko. Ordubetez, hainbat erronkari heldu diete, eta, ondoren, espazio komunera itzuli dira, ondorio nagusiak partekatzeko. Dinamikei esker, hainbat esperientzia partekatu, beharrak identifikatu eta lurraldeko ekimenen eta eragileen arteko lotura puntu posibleak detektatu ahal izan dira.
Lan parte-hartzailea idazketa sortzaileko dinamika batekin osatu da, aurreko elkarrizketetan lekurik aurkitu ez zuten ideiak, sentsazioak edo gaiak jasotzeko espazio gisa planteatuta. Parte hartzeko moduak zabaltzeko eta ohiko formatuan adierazteko zailenak diren ekarpenei ere lekua uzteko proposamena.