2025ko irailaren 4a

Landarte 2025ek sorkuntza garaikide kolaboratiboko bost prozesu jaso ditu Nafarroako landa-eremuan

Arbontze, Bargota, Garde, Melida eta Puiuko udalerriek Ioana Hernández, Marta Elía Aldave, Asier Gogortza, Jara Calvo eta Carmen Parrado Gilen proiektuak hartu dituzte urrira arte
‘Mirar el territorio con las manos’ lanarekin Ioana Hernández Arriaga 
artistak Arbonieseko lurraldearen ezaugarri zeramikoak ikertu ditu
‘Mirar el territorio con las manos’ lanarekin Ioana Hernández Arriaga artistak Arbonieseko lurraldearen ezaugarri zeramikoak ikertu ditu  Deskargatu irudia Irudi galeria

Landarte programaren bederatzigarren edizioa bigarren fasean dago; berau, ekainetik urria amaitu arte eginen da Nafarroako landa-eremuko bost herritan. Programaren barnean, sortzaileak sorkuntza garaikideko prozesu parte-hartzaileak gauzatzen ari dira. Programari amaiera emateko, hainbat bilera eginen dira artistekin eta herriekin, bost proiektuetan egindako lana ebaluatze aldera.

Ioana Hernández Arriaga artista Arbontze udalerrian dago, ‘Lurraldea eskuez behatu’ proiektuarekin; Marta Elía Aldave sortzailea, Bargotan, ‘Ez zazpiak baino lehen’ proiektuarekin; Asier Gogortza argazkilaria, Garden, ‘Intxaurrondoak’ proiektuarekin; Jara Calvo kazetari eta idazlea, Melidan, ‘Melidako korronteak’ proiektuarekin; eta Carmen Parrado Gil diseinatzailea, Puiun, ‘Ziertzoa Puiun’ proiektuarekin.

Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak antolatuta, Landarte 2025 martxoan eta apirilean abiatu zen, programaren talde koordinatzaileak hautatutako herriak bisitatuz. Ondoren, sortzaileek prospekzio-lanari heldu zioten, urrira arte lan eginen duten herriekin loturak ezarriz.

Aurreko edizioan bezala, prozesuen dokumentazioa sortzaileek berek eta sortzaile horiek beraiek aukeratutako laguntzaileek landuko dute. Horrela, herrietan aurkitzen dituzten proposamenen, hurbilketen eta errealitateen aniztasuna erakusten duten materialak sortzen ari dira, garatzen ari diren prozesuetatik hurbilago dagoen ikuspegi batetik. Sortutako materialak eta informazioak programaren webgunea eta Kultura Zuzendaritza Nagusiaren sare sozialak elikatzen dituzte.

Horrez gain, programak Landarte Podcasta garatzen jarraitzen du, edizio honetan Nyamnyam kolektiboarekin. Lan-ildo honek Landartek egiten duen proposamenarekin nolabaiteko oihartzuna duten eta, beraz, Landarteren planteamendu metodologikoa birpentsatzen lagun dezaketen hausnarketak ekar ditzaken arte- eta kultura-eragileak gonbidatzen ditu.

Landarterentzat prozesu sortzaileak hausnarketarako eta ekintza kolektiborako ariketa txikiak dira; horiek prozesu osoan zehar presentzia aktiboa eta arretatsua izatea eskatzen dute, kontzepziotik eta metodologia-diseinutik hasi eta produkzio-faseraino. Proiektuak ez dira herriaren enkargu bat, eta, halaber, ez dira sortzailearen ekimen indibidualetik sortzen. Partaideen arteko etengabeko elkarrekintzak osatzen ditu proiektu horiek. Ildo horretan, prozesuak irekiak dira, aurrez jakin ez daitezkeenak, bai erkidegoentzat eta sortzaileentzat, bai talde koordinatzailearentzat.

Proiektuak

‘Lurraldea eskuez behatu’ proiektuarekin, Ioana Hernández Arriaga artistak Arbontze lurraldea osatzen duen lurraren ezaugarri zeramikoak ikertzen ditu. Proiektuak, aldi berean, herriko plaza aktibatu nahi du ikerketa hori gertatuko den agertoki gisa, eta helburua du lurraldeari begiratzeko modu berri bat ematea eta, ondorioz, bertako biztanleei lurraldearekin harremanak izateko beste modu bat eskaintzea.

Marta Elía Aldave sortzaileari dagokonez, ‘Ez zazpiak baino lehen’ proiektuak funtsezko bi ardatz ditu: gaur egun Bargotan dauden emakume-taldeak aztertzea, betetzen dituzten espazioak identifikatzea, antolaketari buruz hausnartzea eta horien erabilerari eta beharrei erantzuten saiatzea. Eta bestetik, ahozko transmisiorako eta, ondorioz, herriaren oroimen, izaera eta nortasunerako giltzarri izan diren jardun historiko horiek ikusaraztea eta horien inguruko ikerketa-ildo bat zabaltzea.

Bestalde, Asier Gogortza argazkilariak Garde herrian ari da lanean, eta bertan garatzen ari da ‘Intxaurrondoak’ proiektua; horren bidez, iragana, oraina eta etorkizuna barne hartzen dituen begirada bat proposatzen du, helburua izanik intxaurrondoek Gardeko paisaia geografiko eta afektiboan duten garrantzia aztertzea, interpretatzea eta birpentsatzea.

Jara Calvo kazetari eta idazleak ibilbide eszeniko kolektibo bat egitearen aldeko apustua egin du Melidan, herritarrei irekia, topaketarako une desberdinekin. ‘Melidako korronteak’ proiektuarekin helburua du parte-hartzaileek formatu desberdinak partekatzea, eta komunikazio- eta transmisio-ariketa bat egitea aurretiazko esplorazio-fasean identifikatu diren hainbat alderdiren inguruan. 

Azkenik, Carmen Parrado Gil diseinatzaileak, ‘Ziertzoa Puiun’ proiektuarekin, ziertzoak egunerokotasuna nola zeharkatzen eta konfiguratzen duen hausnartzen du. Herriarekin batera entzuteko, behatzeko eta biltzeko prozesu kolektibo bat ireki nahi da, esaten direnak, gogoratzen direnak edo aurkitzen direnak lanaren norabidea erakuts dezan utziz.