Descárgate la app
Ollo lehendakariordeak ‘Muga gotortua nafar Pirinioan’ programako bunkerrak aurkitu eta berreskuratzeko lanak bisitatu ditu
2025ko abuztuaren 6a
Ollo lehendakariordeak ‘Muga gotortua nafar Pirinioan’ programako bunkerrak aurkitu eta berreskuratzeko lanak bisitatu ditu
Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilari Ana Ollo frankismoko bunkerrak aurkitu eta berreskuratzeko lanetan izan da gaur goizean Beran, Nafarroako Gazteriaren Institutuak eta Memoriaren Nafarroako Institutuak antolatutako ‘Frontera fortificada en el Pirineo Navarro/Muga gotortua’ programaren bitartez, Berako Udalaren laguntzarekin.
Beran eta Gorramendi-Otsondon (Baztan) garatuko da aurten ekimena, beste 25 gazterekin batera, eta "Memoria duten Eskolak" programaren barruan kokatzen da. Helburua Nafarroako Pirinioetan frankismoan eraikitako eta erabilitako bunkerrak berreskuratzea da, gazteen boluntariotzako kanpamentuen bidez. Eremu horiek, aldi berean, errespetuzko, bakezko, berdintasuneko, elkartasuneko eta ekologiako balioak elkar-trukatu eta lantzeko gune gisa balio dute. José Miguel Gastón, Nafarroako Memoriaren Institutuko zuzendaria eta Txema Burgaleta, Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendaria, izan dira bisitan Ollo lehendakariaordearekin batera, baita Berako alkate Aitor Elexpuru ere.
Nabarmentzekoa da uda honetan, aurrenekoz, Nafarroako Gazteriaren Institututik boluntariotzaren alorrean eskuratutako gaitasunak aitortuko direla gazteen enplegagarritasunerako ziurtagiri baten bidez, non talde-lana, entzute aktiboa edo arazoak konpontzea bezalako gaitasunak ebaluatzen diren Red Reconoce- ren bidez.
Ana Ollo lehendakariordeak belaunaldi gazteenei memoria helaraztearen garrantzia azpimarratu du, muga gotortuaren moduko espazioak berreskuratzeko lanetan aktiboki parte hartuz. Era berean, gazteek erregimen frankistaren bidegabeko indarkeriaren memoria bizirik mantentzeko konpromisoan izan behar duten protagonismoa nabarmendu nahi izan du, gaur egun terrorearen politika haiek legitimatu nahi dituzten faszismoen eta faszismo ondoko mugimenduen gorakadaren testuinguruan. "Memoria etorkizuneko balioa da, eta gizarte demokratiko zein anitza eraikitzea ezin da estremismoan, faxismoan, indarkerian eta desmemorian oinarritu ", adierazi du.
Berako lan-eremua
Beran (Bortziriak) garatzen ari den boluntariotza lan-eremua Nafarroatik nahiz beste autonomia erkidego batzuetatik datozen 15 eta 17 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago. Abuztuaren 1etik 15era Nafarroako Pirinioetan, Ibardin mendatearen eta Gartzin (406m) mendiaren inguruan, Bera eta Xareta arteko mugan garatutako frankismoaren erresistentzia-zentroetako bunker batzuk berreskuratzeko lanean ari dira. 24 gazteak Andaluzia, Aragoi, Gaztela eta Leon, Katalunia, Euskadi, Madril, Nafarroa eta Valentziako Komunitatetik etorri dira.
Hala, gazteak gotorleku horietako batzuen garbiketan, berreskuratzean eta dokumentazioan murgilduta daude. Bunker horiek Espainia eta Frantzia arteko muga zein Bidasoa ibaiko inguruak kontrolatzen zituzten. Lan horren osagarri, gotorleku horien guztien eraikuntzari buruzko azalpenak, garaiko dokumentazioa, arkeologia-erregistroaren oinarrizko nozioak eta aisialdiko bisita eta jarduera desberdinak daude.
Aurtengo lanak 2020an egindakoen osagarri dira, orduan garbitu baitzen Peñarratako behatokia Gartzin mendian bertan, Ibardingo mendatearen ondoan. Sortutako ibilbidearen barruan, ‘Hormigoizko Mugak Ibilbideak’ izenekoetan bilduta, aipatutako behatokiaz eta eraikuntzari lotutako barrakoiez gain, gutxienez hamar metrailadore-habia txiki batzuk sartu ziren, muga-lerroan zehar. Hauek dira aurten berreskuratzen ari direnak.
Nafarroako Gobernuak gazte horien ahalegina aitortzen du, beren borondatezko lanarekin jatorri desberdinetako pertsonen arteko elkartrukerako eta topaketarako gune bat baitute, interes komunitarioko proiektu bat garatzeko, non ikaskuntza, jarduera ludikoak eta kulturalak partekatzeaz gain, bizikidetzaren, elkartasunaren eta tolerantziaren balioetan esperientzia baten protagonista izateko aukera duten.
"Muga gotortua" proiektuaren bidez, 2017az geroztik hainbat bunker eta barrakoi egokitu dira Burguete, Igal, Erratzu, Bera, Lesaka, Eugi edo Izaban. Gainera, abuztuaren 16tik 30era, antzeko boluntariotza kanpaldi bat egingo da Baztango Gorramendin eta Otsondoko mendatean. Lan horren emaitzak "Hormigoizko mugak" proiektuaren parte dira.
"Hormigoizko mugak" proiektua
"Hormigoizko mugak" proiektua Memoria Demokratikoaren Estatu Idazkaritzarekin egindako lankidetza-hitzarmen baten esparruan garatu da, eta Pirinioetako mugaren gotorlekuaren testuinguruan (frankismoaren proiektu megalomanoa) bortxazko eskulan bidez eraikitako defentsa-egiturak egokitu, garbitu, mantendu, seinaleztatu eta balizatzean datza.
"Hormigoizko Mugak" erakusketa Bigarren Mundu Gerran eraikitako bi defentsa-azpiegituratan zehar memoria-ibilbide bat proposatzen duen erakusketa batekin hasi zen. Azpiegitura horiek ia ukitu ere egiten dira Bidasoaren bokalean: Atlantikoko Harresia eta
Pirinioetako Gotorlekua. Jendearentzat erakusketa Iruñean, Beran, Elizondon, Lizarran, Izaban, Martzillan, Otsagabian eta Zizur Nagusian, NUPez eta beste ikastetxe batzuez gain; baita Bruselan, Portboun, Maulen, Baionan eta Oloron-Sainte Marie-n ere izan da. Abuztuaren bigarren hamabostaldian, Eugiko Ereferentzia Historikoko Olondo Zentroan erakusketa ikusgai egongo dela aurreikusi da.