Descárgate la app
Manuel Torres Nafarroako berrikuntzaren eta ekintzailetzaren erreferente gisa baloratu du Chivite Lehendakariak
2025ko abenduaren 3a
Manuel Torres Nafarroako berrikuntzaren eta ekintzailetzaren erreferente gisa baloratu du Chivite Lehendakariak
Maria Chivite Navascues Nafarroako Lehendakaria Nafarroaren Eguneko ekitaldi nagusiaren buru izan da asteazken honetan, eta hil osteko Nafarroako 2025eko Urrezko Domina Manuel Torres enpresaburuari eman dio. Chivitek bere hitzaldian, “haren etengabeko jakin-mina, ikasteko jarrera, usteak zalantzan jartzekoa eta bide berriak aztertzeko jarrera” baloratu ditu, haren irudia “berrikuntzaren eta ekintzailetzaren” erreferente gisa nabarmentzearekin batera.
Chivitek adierazpen horiek egin ditu Nafarroako agintari eta ordezkaritza nagusiei egindako harreran, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuaren Isabeldar Klaustroan.
“Manuelek bi alderdi horiek batzen jakin izan zuen egun munduan erreferentea den enpresa-proiektu batean”, azpimarratu du, eta enpresaburuak zuen gaitasuna nabarmendu du “hanka sartzea ikaskuntzaren parte dela eta ez porrota ulertzeko”, “ospitaleko ohatilan egonda ere hobekuntzak proposatzeko”, “jarraibideen zain egon gabe iniziatiba hartzeko”, eta “aldaketa teknologikoetara egokitzeko”. Halaber, Torres pertsona “sortzailea, erresilientea eta gure lurraldean balio sortzeko gai zena” zela adierazi du, eta harentzat berrikuntza “bizitzeko modu bat” izan zela.
Era berean, Chivitek foru lurraldean zuen errotzea azpimarratu nahi izan du, enpresariarena nahiz konpainiarena. Ildo horretan, Manuel Torresek, “jaiotzez murtziarra eta adopzio eta hautapen propioko nafarra” zenak, bere ibilbidearekin “nortasuna eta bertakoa izatearen sentimendua mugak gainditzen dituen lotura bat direla erakutsi du, eta konpromiso pertsonaletik zein, kasu honetan, enpresarialetik eraikitzen dela”.
Hazkundea erresilientzia eta esentziatik
Ibilbide horren esparruan, Lehendakariak esan du Foru Komunitateko sari nagusia Manuel Torresi ematea erabakitzeko orduan epaimahaiak haren “benetako borondate berritzailea, lanerako bokazioa eta enplegu teknologikoa sortzeko eta nazioartekotzeko zuen ikuspegi aparta” baloratu dituela.
Lehendakariak, halaber, MTorres saridunak sortutako enpresaren lorpenak errepasatu ditu, eta “aeronautika, eolikoa edo material konposatuen sektoreetan liderra” dela esan du. Enpresa hori ezaguna da industriari automatizazio-soluzio berritzaile eta adimendunak emateagatik (paperarekin hasi eta beste sektore batzuetan jarraitu zuen). Apustu ausarta izan zen, eta, horri esker, gaur egun, taldeak 500 langile baino gehiago ditu, 180 patente baino gehiago eta 70 herrialdetan 700 bezero baino gehiago”.
Chivitek baieztatu du datu horiek erakusten dutela nola familia-enpresa batetik hazi eta mundu osora iritsi daitekeen, eta nola “esentzia alde batera utzi gabe, erresilientziatik” egin daitekeen. Beraz, azpimarragarritzat jo du enpresa batek, etekin ekonomikoak lortzeari uko egin gabe, lurraldearen aurrerapenari laguntzea. “Manuel Torresek jakin bazekien enpresa onek beren herriari lagundu behar diotela”, nabarmendu du.
Edizio honetako sariduna, Manuel Torres Martinez, Aljucerren (Murtzia) jaio zen 1938. urtean. 1975ean MTorres Diseños Industriales enpresa eratu zuen Nafarroako Dorre Elortzibar herrian, Konpainia, hurrengo hamarkadetan, zabaldu egin zen, eta egoitza berriak izan zituen Fuente del Álamon (Murtzia) edo Santa Anan (Kalifornia). Esperientzia zabalari esker, enpresariak hainbat errekonozimendu jaso ditu bere bizitzan zehar; hala nola, Berrikuntzako Sari Nazionala, Karlos III.a Noblearen Gurutzea, Murtziako Eskualdeko Urrezko Domina eta Nafarroako Enpresarien Konfederazioaren Urrezko Domina.
Ekitaldiaren garapena
Ekitaldia 12:00etan hasi da, segizio presidentzialaren sarrerarekin, Armen Erregina eta mazolariak buru zirela. Horien atzean kokatu dira Foru Komunitateko agintari nagusiak: Chivite Lehendakaria, Parlamentuko lehendakaria den Unai Hualde, Nafarroako Gobernuko ordezkaria den Alicia Echeverria eta Felix Taberna lehen lehendakariordea eta Lehendakaritzako eta Berdintasuneko kontseilaria.
Nafarroako Ereserkia zutik entzun ondoren, Garun Paralisia Laguntzeko Nafarroako Elkarteko (ASPACE Nafarroa) lehendakaria den David Ericek hitz egin du, elkarte horrek proposatu baitu sari hori Manuel Torresi ematea. Ericek saridunaren enpresa-gaitasuna nabarmendu du, baina, batez ere, “pertsonei begiratzeko eta berrikuntza guztion onerako jartzeko zuen gaitasuna. ASPACEn lehen pertsonan bizi izan dugu. Manuel Torresek eta haren familiak ekimen erabakigarriak bultzatu dituzte garun-paralisia duten pertsonen eta haien familien bizitza hobetzeko”, azpimarratu du.
Ericeren hitzaldiaren ondoren, 2025eko Urrezko Domina banatu da, eta Amparo Lusarretak, MTorres enpresako presidente eta enpresariaren emazteak jaso du. Era berean, Eduardo Torres semeak ere hitz batzuk esan ditu, eta, hunkituta, aitak lur honekiko zuen debozioa nabarmendu du. Torresek eskerrak eman dizkio Foru Gobernuari sariarengatik. Gainera, “MTorres Fundazioaren 50. Urteurrenean heldu da”, eta, adierazi duenaren arabera, “sinbolismo berezia du”, sarituak Nafarroako patroi San Frantzisko Xabierkoari zion debozioa dela-eta.
Maria Chivitek amaiera eman dio ekitaldiari.
Musikaz Orkestra Sinfonikoa eta Aizaga Ganbera Abesbatza arduratu dira, Javier Echarrik zuzenduta. Jose Luis Sola tenoreak ere emanaldia eskaini du.