Descárgate la app
Alokairu eskuragarriaren modalitate berrirako etxebizitza-eskatzaileen erroldan izena emateko epea irekiko da abenduaren 5etik aurrera
2025ko azaroaren 27a
Alokairu eskuragarriaren modalitate berrirako etxebizitza-eskatzaileen erroldan izena emateko epea irekiko da abenduaren 5etik aurrera
Hirugarren lehendakariordea eta Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilaria den Begoña Alfarok gaur goizean aurkeztu du etxebizitza babestuaren eskatzaileen erroldan izena emateko prozesuari buruzko informazio-kanpaina, alokairu eskuragarriaren modalitate berrirako. Horrela, “gero eta biztanle gehiagoren” beharrei erantzutea espero da. Izen-ematea abenduaren 5ean irekiko da, eta Nafarroako Gobernuaren Etxebizitzaren web gunean egin ahal izango da.
Lehendakariordeak azaldu duen moduan, modalitate berri hori “gauzatu ahal izango da pasa den ekainean Etxebizitza Eskuragarriei buruzko Foru Lege berria onartu zelako”, eta, horren bitartez, “biztanleria-geruza batzuetara iritsi nahi da, alokairu sozialarekin horietara ez gara heltzen-eta; kalteberatasun-egoeran aurkitzen diren pertsonei zuzentzen dira gehiago”, azpimarratu du. Era berean, nabarmendu du alokairu eskuragarriarekin Nafarroako Gobernuak “alokairu sozialeko errentak bezain txikiak ez dituzten baina alokairuaren merkatu librera iristeko zailtasunak dituzten pertsona guztiak” bilduko dira.
Zehazki, modalitate berria SARA indizeko 2,5 eta 4,5 arteko urteko errentak dituztenentzat da; 2025eko ekitaldirako 10.919 eurokoa izango da. Alegia, gutxi gorabehera, pertsona baten familia-unitate bati dagokionean, urteko errenta gordina 28.000 eta 50.000 euro artekoa izan behar du; bi pertsonako familia-unitatea bada, 37.000 eta 67.000 euro artekoa; hirukoaren kasuan, 40.000 eta 72.000 euro artekoa; eta lau kideko familia-unitatearentzat, 42.000 eta 76.000 euro artekoa.
Modalitate berri hori ezagutzera emateko, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuak informazio-kanpaina bat diseinatu du, kartel eta iragarkiekin, eta datorren astetik aurrera jarriko dira markesina, mupi, olana, irrati generalista eta sare sozialetan.
Gaur egun, Alfarok esan bezala, guztira 3.193 familia-unitate daude izena emanda etxebizitza babestuaren eskatzaileen erroldan, eta horien Familiako Diru-sarrera Haztatuak SARA indizeko 2,5 eta 4,5 artekoak dira. “Azken urtean erroldan nabarmen hazi den biztanleria-sektorea da, duela urtebete 2.293 unitatekoa baitzen; hau da, %37 gutxiago”. “Igoera ia osoa aurtengo hirugarren hiruhilekoan gertatu da, errenta ertainei zuzendutako alokairu eskuragarriaren kontzeptu berria iragarri zenean”, nabarmendu du kontseilariak.
Ildo horretan, “alokairu sozialean izena emanda daudenek eta biztanleria-talde horretakoak direnek alokairu eskuragarriaren modalitatean eman beha dute izena abenduaren 5etik aurrera; izan ere, ezin dute alokairuaren bi modalitateetan izena emanda egon, eta esan behar da errenta-tarte horretan mugitzen diren pertsonek ez direla inoiz alokairu sozialaren onuradun izango, baina alokairu eskuragarriaren onuradun izan daitezkeela”.
3.139 familia-unitate horietan 4.327 eskatzaile daude, %50 gizonak eta %50 emakumeak. Pertsonen batez besteko adina 38,1 urtekoa da, apur bat handiagoa gizonen kasuan, batez beste 39,2 urte, eta emakumeen kasuan 37,5 urte.
Eremuen arabera, pertsonen %85 Iruñerrian erroldatuta daude, eta gainerako %15 Nafarroako gainerako lurraldean banatzen da. Tutera (%5,3) eta Ipar-mendebaldea (%3,2) dira eskari handiena duten eremuak.
338 etxebizitza berri modalitate honetarako
Alokairu eskuragarriko etxebizitzen eskatzaile-kopuruarentzat eskaintza handiagoa izateko, Nafarroako Gobernuak EtxeON Navarra programa berrian modalitate horretara bideratutako 338 etxebizitza eraikitzea aurreikusi du. Marka berri horren babesean 2.500 etxebizitza inguru eraikiko dira datozen urteetan. Aipatu behar da etxebizitza horien eraikuntza-lanak etorkizuneko enpresa mistoaren kontura izango direla, gaur egun lizitazio-prozesuan dagoena.
Alokairu eskuragarriko 338 etxebizitza horietatik 54 Arangurenen kokatuko dira eta 60 Iruñean. Etorkizuneko enpresa mistoak, berriz, beste 120 sustatuko ditu Eguesen eta 104 Zizur Nagusian.
Alfaro lehendakariordeak gaur gogoratu du, Etxebizitza Eskuragarriei buruzko Foru Lege berriarekin, alokairuko etxebizitza publikoaren esleipena aldatuko dela, eta orain zozketa bidez egingo dela eta ez baremoz, “nahiz eta “kolektibo ahulenentzako erreserbak logikoki mantenduko diren, legeak ezartzen duen bezala”. Ildo horretan, sustapen guztietan, %20ko erreserba bereziak egongo dira gizarteratzeko etxebizitzen beharra duten pertsonentzat, desgaitasuna dutenentzat, familia ugarientzat edo genero-indarkeriaren biktimentzat (horiek baremoaren arabera arautuko dira), eta gainerako %80 zozketa bidez esleituko da.
Zozketa horiek publikoak izango dira, eta telematikoki eta notario aurrean egingo dira. Beraz, era horretan, “sustapenetan errenta-tarte desberdinak txandakatu nahi dira, familia eta gizarte tipologia desberdinak, eta, horrela, bizikidetza hobetu nahi da”, zehaztu du Alfarok.