Descárgate la app
Euskarabideak, 34 toki entitatek eta gizarte eragileek "Euskera ahora" kanpaina berriz plazaratu dute helduek euskaraz ikastea sustatzeko
2025ko abuztuaren 29a
Euskarabideak, 34 toki entitatek eta gizarte eragileek "Euskera ahora" kanpaina berriz plazaratu dute helduek euskaraz ikastea sustatzeko
Ollo lehendakariordearen, Jabier Arakamaren (Euskarabideko zuzendari kudeatzailea), Aitor Larrazaren (Sakanako Mankomunitateko lehendakaria) eta Beatriz Buldainen (AEK euskaltegietako ordezkaria) adierazpenak, euskaraz
Nafarroako Gobernuaren Memoria eta Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara Departamentuak, Euskarabidea – Euskararen Nafar Institutuaren bidez, "Euskera ahora" urteroko kanpaina antolatu du, helduek euskara ikas dezaten sustatzeko. Egun, 5.500 helduk euskara ikastaroak egiten dituzte. Ikasturte honetan, A1 mailan batez ere, euskararen irakaskuntzaren doakotasunean urrats handiak egin dira.
Kanpaina antolatzeko 34 toki entitate eta helduei euskara irakasteko alorreko eragileak aritu dira elkarlanean Euskarabidearekin: Zubiarte euskaltegi publikoa, hizkuntza-eskola ofizialak eta AEK, IKA eta bai&by erakundeetako euskaltegiak. Iazko bidean jarraiturik, “Euskera ahora” leloaren bidez, euskara jakiteak eskaintzen dituen bizipen berriak eta ematen dituen aukerak azpimarratu nahi dira.
Kanpainaren aurkezpenean hizlari aritu dira Ana Ollo bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara Departamentuko kontseilaria; Javier Arakama Euskarabideko zuzendari kudeatzailea; Aitor Larraza, Sakanako Mankomunitateko lehendakaria, toki entitateen izenean; eta Beatriz Buldain AEK-ko ordezkaria. Aurkezpenean hizlariekin batera izan dira, halaber, kanpaina honetan elkarlanean aritu diren erakundeetako ordezkariak: Ainhoa Madariaga, Zubiarte euskaltegi publikoaren izenean; Joxerra Olano, Iker Mundiñano eta Aitziber Garralda IKAko ordezkariak; Xabier Garcia Castell, AEKren ordez; eta Carol Saez de Albeniz eta Santi Leoné, Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialaren ordezkariak.
Sustapen kanpainak irail osoan iraunen du. Horretarako, iragarkiak txertatuko dira sare sozialetan, markesinetan, NUPen Arrosadiko Campusean, egunkarietan nahiz tokiko aldizkarietan; eta informazio-orriak banatuko. Aurten, kanpainaren gaineko informazioa atzerriko hizkuntzetan eman da, zehazki, ingelesez, frantsesez, arabieraz eta bulgarieraz, kanpoko jatorria duten herritarrak ere erakartzeko xedez. Izen ematea sustatzeko bideoak ere zabalduko dira. Kanpaina honetan 45.000 euro inguruko inbertsioa egin da.
Toki entitateekin eta gizarte erakundeekin lankidetzan
Ana Ollo Memoria eta Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara Departamentuko kontseilariak helduen euskalduntzearen sustatzea, euskararen hiztun berriak irabazteko beste lan ildo batzuekin batera, Nafarroako hizkuntza bereki hau berreskuratzeko hizkuntza politikaren gakoetako bat dela adierazi du. Bigarren lehendakariordearen hitzetan: “Hori guztia, 2015ean, Euskarabidea euskararen hizkuntza politika publikoak koordinatzeko erakunde bihurtu zenean, hasi zen elkarlana da. Harrezkero, toki entitateekin eta gizarte erakundeekin elkarlanean aritu nahi izan dugu, gure hizkuntzaren, euskararen, ezagutza eta erabilera indartuko duten hiztun berriak irabazteko. Nafarroako Gobernuak azken urteotan hartutako konpromisoa da, eta urtero gauzatzen da gaur aurkezten dugun kanpainan, bai eta helduek euskara doan ikasteko bidean aurrera egiten dugun lanean ere. Horretarako, baliabideak bideratzen dira, Euskarabidearen bitartez. Lan honen fruituak aukera ematen digu esateko Nafarroako egoera soziolinguistikoa ez dela duela hamarkada batzuetako bera. Azken urteotan, Nafarroan euskaraz dakitenak gero eta gehiago dira eta horrek euskara lurralde osoko bizikidetzarako eta kohesiorako elementua izatea indartu du”.
Ildo beretik, Sakanako Mankomunitateko lehendakari Aitor Larraza, toki-entitateen ordezkariak, hitza hartu eta nabarmendu du euskara ikasteak pertsonen sozializazioan, euskal kulturarako sarrera izaten eta helmuga akademikoak eta lanekoak zabaltzen laguntzen duela. Horretarako, udalek, mankomunitateek eta batzar nagusiek, euskara zerbitzuen bidez koordinatuta lan egiten dutela euskararen erabilera normalizatzeko eta sustatzeko. Izan ere, Larrazaren hitzetan erantzukizuna eta konpromisoa dute herritarrek euskara ikas dezaten bultzatzeko, ahalik eta esparru gehienetan erabil dadin sustatzeko eta hizkuntzarekin harremanik izan ez duten bizilagunak sentsibilizatzeko.
Azkenik, gogorarazi du elaide.eus web orrian informazio zehatza ematen dutela euskaltegiei buruz eta eskura dauden dirulaguntzei buruz.
Gizarte ekimeneko erakundeen lana
Euskara irakasteko gizarte-ekimeneko ikastetxeen izenean, Beatriz Buldain AEK-ko euskaltegietako ordezkariak herritarrak animatu ditu bizitokitik edo lantokitik gertu dituzten euskaltegira jotzera. Bere hitzetan, “Bertan, dohainik edo ia dohainik ikasteko aukera izanen duzu, egunerokoan euskaraz bizi ahal izateko trebatuko zaituen metodologia komunikatiboaren bidez, eskarmentu handiko irakasleen laguntzaz, giro atseginean”.
Orobat, gogorarazi nahi izan du euskaltegiek bost hamarkada daramatzatela Nafarroan euskara irakasten, euskarazko hiztunak sortzen, nafarrak euskaraz bizi daitezen bultzatzen eta euskarazko kultura zabaltzen.
Euskara ikasteko bide berriak
Aurtengo berrikuntza nagusiak bi dira. Hasteko, kontseilariak INGURA plataforma digital publikoaren berri eman du. INGURAren bidez, euskara ikastea guztien eskura jarri nahi da. Egun A1 maila egiteko aukera dago. Horrez gain, euskaltegietan izena emanda, ikastaroa tutoretzapean egiteko aukera izanen da. INGURA webgunea EUSGUNEAK proiektuari esker garatzen ari da. Eusko Jaurlaritza, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren eta HABEren bidez, Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoa eta Nafarroako Gobernua, Euskarabidearen bidez EUSGUNEAK proiektua landu dute eta horren % 65 Europar Batasunak lagunduko du diruz, Interreg VI-A Espainia-Frantzia-Andorra (POCTEFA 2021-2027) programaren AFOMEF-POCTEFA deialdiaren bidez. POCTEFAren helburua Espainia-Frantzia-Andorra mugaren integrazio ekonomiko eta soziala indartzea da.
Jabi Arakama Euskarabideko zuzendari kudeatzailearen hitzetan, 5.500 ikasle inguru dira 2024-2025 ikasturtean Nafarroako euskaltegi eta ikastegietan euskara ikasteko hautua egin zuten herritarrak. Dena den, azpimarratu du Nafarroako Gobernuaren helburua dela ikasleen kopurua handitzen jarraitzea, eta, horretarako, bertako herritarrak zein etorri berriak erakartzeko ahalegina egiten jarraituko dutela.
Ikasturte berrirako dirulaguntzak
Kanpaina berriarekin batera, doakotasunaren alde egindako urratsak aurkeztu dira. Horri dagokionez, euskara ikasteko bideari heltzen dioten ikasleei eman zaie lehentasuna; hau da, ikastegi publiko zein euskaltegi homologatuetan A1 maila egingo duten ikasleei. Euskarabideak % 100era arteko laguntzak emanen ditu maila horretan. Gainontzeko mailetan, 475 eurora arteko dirulaguntzak jaso ahal izanen dituzte aurrez aurreko ikastaroetan, eta laguntza horiek bateragarriak izanen dira toki entitateek ematen dituzten laguntzekin.
Aurten, Euskarabideak 560.000 euro bideratu ditu banakako laguntzetara, iaz baino 210.000 euro gehiago, hau da, % 60 gehiago. Eta hori izan da, hain zuzen ere, azken urteetako joera: helduek euskara ikasteko laguntzak eta baliabideak areagotzea. Gainera, administrazioan lan egiten duten pertsonek laguntza orokor hauek ere jaso ahal izango dituzte, eta ez soilik orain arte zituzten laguntza espezifikoak. Bestalde, euskara-ikastaroen modalitate desberdinak lagunduko dira, hala nola iraupen laburreko ikastaroak, familien barnetegiak eta gaur egun euskaltegietatik egiten diren eskaintza berriak. Laguntza bi epetan ordainduko da, abenduan eta ikasturtea amaitzean.
Ikastaroen hasiera eta amaiera kontuan hartuta, laguntzak bi modalitatetan banatu dira. Lehendabizikoa, A modalitatea, 2025eko urtarrilaren 1etik abuztuaren 31ra bitartean hasi eta 2025eko irailaren 30ean amaitutako ikastaroak; bigarrena, B modalitatea, 2025eko irailaren 1etik abenduaren 31ra bitartean hasitako eta 2026ko ekainaren 30ean amaitutako ikastaroak izango dira.
B modalitatean eskaerak aurkezteko epea irailaren 1etik urriaren 31ra arte egonen da zabalik.