Descárgate la app
Nafarroako Museoak Pompeloren estatua togadunari buruzko azken ikerketak aurkeztu ditu
2025ko martxoaren 17a
Nafarroako Museoak Pompeloren estatua togadunari buruzko azken ikerketak aurkeztu ditu
Iruñeko brontzezko estatua togadunak neskato bat irudikatzen du, eta ez gizon bat, duela hilabete batzuk uste zen bezala. Ondorio hori atera du Vianako Printzea Erakundeko Kultura Zuzendaritza Nagusiak Carmen Marks-Jacob aditu alemaniarrari eskatutako aurretiazko txosten batek.
Rebeca Esnaola Bermejo Kultura, Kirol eta Turismo kontseilariak Pompeloren estatua togadunaren interpretazio bira honen, berri eman du astelehen honetan, Nafarroako Gobernuak 2023an eskuratu zuen brontze horren inguruan espezialistek duten iritzia ikusita. Era berean, Esnaola kontseilariak aurreratu du Nafarroako Museoak, aurten obrengatik hainbat areto itxiko dituenak, berriro erakutsiko duela pieza Beheko Solairuan, Marcks-Jacobsen ikerketa berriaren eta Hans Rupprecht Goette antzinate klasikoko estatuagintzan adituaren ekarpenen berri ematen duen museografia berriarekin. Horrela, Pompeloko Togadunaren erakusketa-proposamen berriarekin batera, haren inguruko azterlanen egoera laburbiltzen duen testu bat agertzen da, eta denboraren lerro bat, piezak 1895etik 2022ra bitartean Iruñetik New Yorkera egindako bidaia historikoa islatzen duena, baita XIX mendean Ceres jainkosa erromatarrarekin identifikatu zenetik gaur egun arte egindako interpretazio desberdinak ere.
Erakusketa astelehen honetatik aurrera bisitatu ahal izango da eta bisitarientzako bitartekaritza edo areto bat egongo da martxoaren 22an, larunbata, eta 23an, igandea, Museoaren ordutegian, Aitziber Guembe arkeologoaren eskutik, zeinek publikoak egin ditzakeen galderak erantzungo dituen.
Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren asmoa da foru-museoetako bildumen gaineko ikerketa bultzatzea eta haiek elikatzen dituzten diziplinen ezagutzan aurrera egiteko eztabaida zientifikoa bultzatzea, eta, beraz, pieza garrantzitsu horri buruzko ikerketek eta argitalpenek aurrera jarraituko dute. Hori dela eta, Esnaola sailburuak pieza honen kokapen berria aurkeztu du. "Eskultura eskuratzeak, haren zabalkundea, kontserbazioa, azterketa eta ikerketa sustatzen jarraitzeko konpromisoa dakar berarekin. Eta konpromiso horren emaitza da, hain zuzen ere, pieza honen inguruan eta begirada berri baten pean hemen berriro elkartzen gaituena; izan dituen ikerketa berrienek ematen digutena”, adierazi du.
Esnaolak azaldu duenez, orain arte “Pompeloko togaduna” deiturikoa 10 eta 12 urte bitarteko neskato baten irudikapena izango litzateke, erromatar herritarra dela erakusten duen praetexta toga jantziz, eta eskuineko eskuan galburu sorta bat eramanez, etorkizuneko emankortasunaren ikur gisa. Ikerketa horiek, gainera, brontzezko genero horrek munduan duen irudikapen bakartzat hartzen dute, eta aurretik datatutakoa baino antzinatasun handiagoarekin, zehazki, mende bat gehiagoren antzinatasun batekin” azaldu du.
Navarreria kaletik New Yorkera eta Nafarroako Museora
2015ean jakin zen “Pompeloko Togaduna”, 1895ean Navarreria kalean aurkitutako brontzezko eskultura erromatarra, 1906tik desagertutzat emana zena eta ordura arte soilik 1911n argitaratutako zuri-beltzeko argazki batengatik ezagutzen zena, New Yorkeko bilduma berezi baten parte zela. Vianako Printzea Erakundeko Kultura Zuzendaritza Nagusiak, Museoen Zerbitzuaren bitartez, Iruñera itzultzea kudeatu zuen 2022an, bi urtez aldi baterako mailegu gisa, Nafarroako Museoan erakusteko eta aztertzeko.
Urtebete geroago, 2023ko ekainean, Nafarroako Gobernuak pieza garrantzitsu hori erosi zion jabeari 572.610,88 euroren truke. Joan den azarora arte, hau da, eraginkortasun energetikoko obrengatik Museoaren erakusketa iraunkorra aldi baterako itxi zen egunera arte, eskultura 1.5 aretoan jarri zen ikusgai, Luis Romero Novellak 2015ean proposatutako interpretazio eta kronologiarekin: brontzezko gizonezko estatua bat, mundu osoan kontserbatu diren 13 pertsonaietako bat, Ca de Goette motakoa, K.o. II. mendearen erdian datatua eta interpretatzeko zaila den atributua daramana, behar bada isipu edo aspergillum bat bere eskuineko eskuan.
2022ko maiatzaren 12an Iruñera iritsi zenetik, eskulturari azterketa zientifikoak egin zaizkio; arlo teknikoan, historikoan eta artistikoan, ondasun kultural garrantzitsu hori ahalik eta ondoen ezagutzeko.
2024ko urriaren 17an, Nafarroako Museoak Hispaniako Erromatar Eskulturaren XI. Bileraren lehen saioa hartu zuen, nazioarteko eta bi urteko topaketa espezializatua, Nafarroako Unibertsitateko Filosofia eta Letren Fakultateko Historia, Artearen Historia eta Geografia Departamentuak antolatua, “Pompeloko Togaduna” Hispaniako erromatar eskulturako aditu gorenei aurkezteko. Helburua zen Erromako estatuagintzan adituak ziren nazioarteko komunitateak eskultura zuzenean ezagutu ahal izatea eta piezari buruzko bere ezagutzak aretoan bertan ikustea. Topaketa horretan parte hartu zutenen artean, aipatzekoa da Hans Rupprecht Goette doktorearen presentzia, Antzinate klasikoko estatuagintzan munduko autoritate gisa aitortua, bereziki togadunena, bera baita 1990ean argitaratutako Studien zu römischen Togadarstellungen tratatuaren egilea, mota horretako antzezpenen sailkapen tipologikoa egiten duena.
Aditu horrek Museoko arduradunei jakinarazi zien ziur zegoela Pompeloren estatua ez zela gizonezko pertsonaia togaduna, eta, horregatik, Berlingo Humboldt Unibertsitateko Carmen Marcks-Jacob espezialistarekin harremanetan jartzeko gomendioa egin zuen; izan ere, 2005ean, pieza horren interpretazio desberdina jasotzen zuen artikulu baten egilea izan zen, eta hura Iruñera joan zen 2024ko abenduan, berak zuzenean aztertzera.
Bere ustez, 10 eta 12 urte bitarteko neskato bat irudikatzen duen figura bat da, erromatar herritarra dela erakusten duen praetexta toga janzten duena, eta eskuineko eskuan galburu sorta bat darama, etorkizuneko emankortasunaren sinbolo gisa, K.o. I. mendearen lehen erdian arrazoi estilistikoengatik datagarria. Munduan brontzezko genero honek duen irudikapen bakarra litzateke. Marcks-Jacobsen arabera, hileta-esanahia izan zezakeen edo familiako eskultura-talde bateko kide izan zitekeen.
Nafarroako Museoak azterketa espezializatu bat eskatu zien bi aditu alemaniarrei, une honetan abian dagoena, baina aldez aurrek txosten bat dago, identifikazio ikonografiko hori berresten duena eta mende batean eskulturaren kronologia aurreratzen duena. Nafarroako Museoak martxoaren 17, 18 eta21erako antolatu duen Arkeologiari buruzko Gaurkotasunari buruzko I. Ikastaroaren lehen saioa izango da, eta azterketa honek, Kultura Zuzendaritza Nagusiko Ondare Historikoaren Zerbitzuaren zuzendaritza teknikoaren pean 2022 eta 2024 bitartean eskulturan egindako analisi teknikoen emaitzekin batera, zaharberritutako lanen jatorrizko zatiak oso ondo identifikatu baitituzte.
Tamaina handiko irudi batek Togadunak eskuineko eskuan daraman atributua nabarmentzen du, galburu sorta, eta IA teknikak erabiliz egindako argazki hiperrealista bat ere aurkezten da, I. mendearen lehen erdiko Iruñeko erromatar herritar hori nolakoa izan zitekeen hipotetikoki guregana hurbiltzen saiatzen dena.
Carmen Marcks-Jacobs
Carmen Marcks-Jacobs Humboldt-Universität zu Berlingo «Berlin Graduate School of Ancient Studies» graduondoko eskolako koordinatzailea da 2012tik. Arkeologia Klasikoa, Artearen Historia eta Antzinako Historia ikasi zituen Marburgo eta Koloniako Unibertsitateetan, eta Koloniako Unibertsitateko Arkeologia Klasikoko Institutuan doktoratu zen 2005ean, partikularrek Hispanian errepublika eta inperio garaietan izan zuten irudikapen estatutarioari buruzko tesi batekin. «Ancient sculptures in Sweden and the history of collecting in 17th and 18th century Europe» proiektu komun alemaniar-suediarrean parte hartu zuen. Doktoretza lortu ondoren, Koloniako Unibertsitateko Arkeologia Klasikoko Institutuan ikertzaile postua lortu zuen. 2008an, Berlingo Humboldt Unibertsitatera joan zen, eta bertan ikerketa-talde bateko kide izan zen, «Topoi -The Formation and Transformation of Space and Knowledge in Ancient Civilizations» ikerketa-taldearen baitan, 2011ra arte, espoliazioaren fenomenoan eta antzinateko objektuen eta materialen transposizioan oinarrituta. Ondoren, 2012ra arte elkartearen ikerketa-arlo baten koordinazioaren arduraduna izan zen, eta ikerketa-sare horren beraren beste proiektu batean parte hartu zuen, «Authorization of Early Christian knowledge claims in ancient Greece» izenburupean, 2019ra arte. Bere ikerketa-interes nagusiak Iberiar Penintsulako arkeologian, eskultura erromatarrean, bildumagintzan eta Antzinaroko harreraren historian eta espoliazioari buruzko ikerketan oinarritzen dira.
Hans Rupprecht Goette
Hans Rupprecht Goette Koloniako Dreikönigsgymnasiumean lizentziatu zen 1975ean eta Arkeologia Klasikoa, Filologia Latinoa eta Historia ikasi zituen Kolonia, Bonn, Munich eta Gotingako Unibertsitateetan 1975etik 1982ra. 1984an, 1990ean argitaratutako Studien zu römischen Togadarstellungen tesiarekin doktoratu zen. 1986an Alemaniako Arkeologia Institutuko Atenaseko departamentuko aholkulari nagusi izatera igaro zen, eta 1992an Eskualdeetako Ikerketa Historikoetako aholkulari eta bertako argazki-artxiboko buru izatera heldu zen. 1994an irakasle lanak egin zituen Marburgoko Unibertsitatean eta Kieleko Unibertsitatean. Giesseneko unibertsitatean gaitu zen 1997an, Ho axiólogos dēmos Sounion-i buruzko tesi batekin. 2002an, Alemaniako Arkeologia Institutuak Berlinen duen egoitzara (DAI) joan zen, liburuzain eta argitaratzaile gisa. 2004an Giesseneko Unibertsitateko irakasle elkartu bezala izendatu zuten. 2015ean, Goette Alemaniako Arkeologia Institutuak Berlinen duen egoitza nagusiko liburutegiaren buru jarri zuten.
Konferentziak eta hitzaldiak eman ditu Austrian, Suitzan, Grezian, Britainia Handian eta Estatu Batuetan. Goetteren ikerketa Greziako kokalekuen topografian eta arkeologian oinarritzen da, bereziki Atikan , Aeginan eta Eubean, antzinako arkitekturan, antzinako eskulturan, batze erromatar erretratuko eskulturan, eta marmolaren erabileran antzinatean.