2025ko abenduaren 12a

Memoriaren Nafarroako Institutuak Ramon Bengaray Zabalza Fronte Popularreko presidente eta Osasunako ordezkariaren eta Dionisio Gutierrez Ijalbaren gorpuak identifikatu ditu, 1936ko kolpe militarraren ondoren eraildakoak

Musikaria, kazetaria eta kirolaria izateaz gain, Ezker Errepublikarreko militantea Bengarayren gorpuzkiak Muniain Guesalatzen atera zituzten uda honetan, Iruñeko beste bizilagun Gutierrezen gorpuzkiekin batera
Irudi galeria

Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuak, Memoriaren Institutuak eta Nafarroako Gobernuko DNA Bankuak egindako lanaren bidez, joan den udan Muniain Guesalatzen desobiratutako bi nafarren gorpuzkiak identifikatzea lortu du, horietako bat 1936an kolpistek hildako errepublikar izen nagusietako bat izanik. Ramon Bengaray Zabalza da, Izquierda Republicanako buruzagi eta Nafarroako Fronte Popularreko presidentea, musikaria, kazetaria eta kirolaria, eta Osasuna Klubeko zuzendaritzako kide izatera iritsi zena 30eko hamarkadan. Bengarayren gorpuzkiekin batera, Aurizberriko Dionisio Gutiérrez Ijalbari zegozkionak ere aurkitu ziren. Horiek ere senideen lagin genetikoei esker identifikatu dira, eta funtsezkoa izanda da Nasertic enpresa publikoaren euskarri teknikoa.

Nafarroako Gobernuko lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilari Ana Olloren arabera, identifikazio bikoitz horrek garrantzi berezia du hainbat arrazoirengatik. "Lehenik eta behin, Bengarayk eta Gutierrezek ondo irudikatzen dituzte matxinatuen izu-kanpainak eragin zituen bi profilik ohikoenak: elite politiko errepublikarra, batetik, eta oinarrizko militanteak eta ezkerreko jarraitzaileak, bestetik".

Kolpistek, II. Errepublikarekin zerikusia zuen guztia ezabatzeko estrategia sistematikoan, ahalegin berezia egin zuten beren erreferente publikoekin amaitzeko, Nafarroari belaunaldi abangoardistak kentzeaz gain, izua zabalduz edozein eremu eta herritako oinarri osoa suntsitzeko.

Era berean, Ollo lehendakariordeak adierazi duenez, "haien istorioak eta inguruneak ezagututa, egiaztatu da errepresio horrek kate-efektua izan zuela, eta horrek eragina izan zuela haien familietan; izan ere, emakumeen papera funtsezkoa izan zen, eta erbesteko egoerak ere sortu zituen. Genero-ikuspegia eta erbestea dira, halaber, gure departamentuaren funtsezko bi lan-ildo. Azkenik -amaitu du Ollok-, kasu horiek erakusten digute Memoriaren Nafarroako Institutuaren estrategia egokia izan dela (Desobiratze Plana, hobien mapa, identifikazio-sistema, dibulgazio-politika, elkarteekiko lankidetza...), familiei egin beharreko erreparazioaz gain, horrelako aurkikuntzak egiteko aukera eman digulako, eta, horri esker, inoiz gertatu behar ez zen eta are gutxiago isilarazi behar ez zen Nafarroako historiaren zati hau berregiten joan gaitezke. Gaur egungo garai konplexuetan, ultraeskuinaren gorakadarekin eta negazionismoarekin, identifikazio hori eta bi gizon hauek bezalako figurak gogoratzea etorkizuneko ikasgaia da".

DNA Bankuaren, familien, ikertzaileen eta Argentinako diasporaren funtsezko parte-hartzea
Ramon Bengarayren gorpuzkiak duela urte batzuk Argentinan bizi zen bere biloba bati hartutako lagin genetikoei esker identifikatu ahal izan dira. Esther Aldave historialariak, Bengarayren biografia argitaratu zuenak, gidatutako ikerketa-taldeak jarri zuen harremanetan haren biloba. Dionisio Gutierrezen gorpuzkiak bere seme Jose Luisek emandako laginei esker identifikatu dira. "Ez zegoen dokumentu-zantzurik bi pertsona horien heriotza Muniainen kokatzeko", Nafarroako Memoriaren Institutuko taldeak azaldu duenez.

Izan ere, Bengaray 1936ko abuztuaren 21eko goizaldean atxilotu zuen guardia zibilak, Burutain eta Olague artean; izan ere, albistea tokiko prentsan argitaratu zen, "deigarria, ezohikoa delako", ikerketako iturrien arabera.

Hala ere, ez zekiten atxiloketa-zentroren batera eraman zuten edo zuzenean erailtzeko lekualdatu zuten, ezta Dionisio Gutierrez atxilotu eta Muniainera eraman zuten inguruabarrak ere. Bietako inork ez du espetxe-espedienterik, ez Nafarroako hiriburuko Probintziako Espetxean, ez San Kristobal Gotorlekuan. "Bere heriotzak epaitegian inskribatu ahal izan zituztenean, Bengarayren alargunak abuztuaren 24ko data adierazi zuen, eta Gutierrezenak, berriz, bost egun lehenago, hilaren 19an", adierazi dute Institututik.

Egun horiek bateragarriak dira lurpetik ateratzeari buruzko informazioarekin; izan ere, litekeena da egun berean edo banaka hil izana, egun desberdinetan. "Gogoan izan behar da – gaineratu dute Memoriaren Nafarroako Institututik – garai hartan 1936ko uztailean hasitako "garbiketa politikoa" gorantz ari zela. Ez dago hiltzaile zehatzak nortzuk izan ziren jakiterik, baina ezaguna da garai hartan errepresioan jarduten zutela bai polizia-gorpuek bai karlismoarekin eta Falangearekin lotutako talde paramilitarrek".

Joan den udan, Txinparta eta Affna 36 elkarteen lankidetzari, Aranzadi Zientzia Elkartearen laguntza teknikoari zein herriko bizilagun baten (Domingo Zabalza) testigantzari esker, identifikatu gabe zeuden bi gorpu aurkitu zituzten departamentuaren urteko planean egindako desobiratzeetako batean. Orduan, hainbat hipotesi zabaldu ziren, eta, azkenean, Nafaroako Gobernuko DNA Bankuak argitu ditu zalantzak: Bengaray eta Gutierrezen gorpuzkiak dira.

Bengarayren biloba harrituta eta pozik agertu da aurkikuntzarekin, eta Gutierrezen bilobak adierazi duenez, "89 urtez bilatzen eta isilik egon ondoren, gaur, hiru belaunaldi geroago, presentzia askatzailea sentitzen hasi gara".

Los Irunshemes, Los Amigos del Arte eta Larraina Klubaren bazkide sortzailea
Ramón Bengaray Zabalza Nafarroako Gobernuko DNA Bankuak orain arte identifikatutako nortasun politiko garrantzitsuenetariko bat da. Garraldan jaio zen 1896an, eta Iruñean bizi zen 1905etik. Kazetari gisa lan egin zuen lehenik, eta inprimatzaile gisa gero. Hiriko bizitza sozial eta kulturalean aktiboki parte hartu zuen. Iruñeko Orfeoiaren baritono bakarlaria izan zen, "Los Irunshemes", "Los Amigos del Arte" eta Larraina klubaren bazkide sortzailea ere.

Halaber, Bengaray pilotari, futbolari eta C.A. Osasunako zuzendaritzako kidea izan zen 1931 eta 1935 artean. Memoria eta Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara departaementuak duela bost urte futbolaren munduko errepresio kolpista omentzeko ekitaldia egin zuen, zehazki Osasunarena, eta bertan izan ziren, besteak beste, Natalio Cayuela, Fortunato Aguirre, Ramón Bengaray, Florencio Alfaro, Alberto Lorenzo, Leandro Villafranca, Jesús y Carmelo Monzón, Andrés Jaso, Francisco eta Vicente Reyren senideak.

Bengaray Ezker Errepublikarreko kide nabarmena izan zen eta, Nafarroako Fronte Popularreko presidente gisa, 1936ko hauteskunde orokorretarako hautagai bezala aurkeztu zen. 33.719 boto lortu zituen. Uztaileko kolpe militarrari aurre egiteko ezintasunaren ondoren, klandestinitatera igaro zen, xehetasunak jakin gabe. Abuztuaren 21ean aurkitu eta atxilotu zuten. Eraila izan arren, Ondasunak Konfiskatzeko Batzordeak espedientea ireki zion 1937ko urriaren 25ean, eta 250.000 pezetako zehapenarekin ebatzi zen 1938ko urriaren 13an.

Haren ondasunak enbargatuta geratu ziren, batez ere familiaren negozioaren inprenta. Bere alargunak, Ramona Zapaterok, errepublikar eremura igarotzea lortu zuen, eta ondoren erbesteratu egin zen, baina Amerikara ontziratzea lortu ez zuenez, Iruñera itzuli behar izan zuen. Nafarroako hiriburutik familia ondasunak berreskuratzeko borroka gogor eta desorekatu bati ekin zion, eta berrikuspen errekurtso bat jarri zuen Erantzukizun Politikoen Auzitegi Nazionalean, zigorra 20.000 pezetara jaitsiz. "Ramona Zapatero – Memoriaren Nafarroako Institututik adierazi dutenez –, oso baldintza txarretan, legeak eta diktadurak uzten zituzten tarte estuetan borrokatu zen, senarraren memoria eta familiaren etorkizuna defendatzeko".

Dionisio Gutiérez Ijalba, ezkertiarra
Dionisio Gutiérrez Ijalba 32 urteko mekanikaria zen, Aurizberrin jaioa eta Iruñeko bizilaguna. Maria Concepcion Perez Martinezekin ezkonduta zegoen, eta harekin seme bat izan zuen, Jose Luis. Bere jarduera politiko publikoa kontrastatu ezin izan den arren, familia ezkertiar batetik zetorren: bere anaia Zósimo karabineroa izan zen Lesakan, eta estatu-kolpeari eta eremu errepublikarrean emandako zerbitzuei aurre egiteagatik 1939an betiko espetxeratzeko kondena eta ordaindu ezin izan zuen 10.000 pezetako zigorra ezarri zizkion Erantzukizun Politikoen Auzitegiak. Gainera, bere arreba Juana erbestera joan zen Oloronera Marcos Manrique senarrarekin eta seme-alabekin.

Nafarroako Gobernuaren DNA Bankuak ahalik eta biktimen senideen profil genetiko gehien izatea oso garrantzitsua dela erakusten du Identifikazio horrek, nahiz eta zaila izan horiek aurkitzea eta eskura dagoen dokumentazioa eskasa izatea. Batzuetan, emaitzak berandu iristen dira; kasu honetan, esaterako, hobia aurkitu gabe zegoen, eta ez zen aurreikusten Bengarayren eta Gutierrezen gorpuzkiak izango zituenik. Horregatik guztiagatik, Memoriaren Nafarroako Institutuak informazioa emanez parte hartu nahi duten senideei dei egiten die inm@navarra.es  posta elektronikoaren bidez harremanetan jartzeko.