Descárgate la app
Nafarroako Gobernuak sexu- eta genero-aniztasunaren balioa aldarrikatu du LGTBI+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna dela eta
2024ko ekainaren 24a
Nafarroako Gobernuak sexu- eta genero-aniztasunaren balioa aldarrikatu du LGTBI+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna dela eta
Presentación de la campaña promovida por el Gobierno de Navarra ante el Día del Orgullo LGTBI+
‘Aniztasunean harro’ da Nafarroako Gobernuak LGTBI+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna dela eta abiatu duen kanpainaren leloa. Mezu horrekin, Foru Gobernuak aniztasunaren balioa aldarrikatzen du, eta pertsona guztiek beren gorputzaz eta nortasunaz erabakitzeko duten eskubidea defendatzen du, mugak eta ezarritako kategoriak alde batera utzita.
Felix Taberna lehen lehendakariordea eta Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariak aurkeztu du kanpaina, Patricia Abad Nafarroako Berdintasunerako Institutuko (NABI) zuzendari kudeatzailearekin eta Luna Martinicorena erakundeko zuzendariordearekin batera.
Felix Tabernak aitortu duenez, "azken hamarkadetan urrats garrantzitsuak eman dira LGTBI+ pertsonen eskubideen aitortzan, pertsonen eta kolektiboen lanaren ondorioz". "Gizarte gisa aurrera egin dugu aniztasunarekiko errespetuan, baita pertsona guztiek beren identitatea eta sexualitatea askatasunean eta eskubide-berdintasunean bizitzeko duten eskubidearen aitorpenean ere", nabarmendu du.
Hala ere, lehen lehendakariordeak aitortu duenez, "ezinbestekoa da elkarteen eta herritarren eskutik lanean jarraitzea LGTBI+ pertsonen eskubideak sustatzeko eta berdintasuna, aniztasuna eta sexu- eta genero-identitate eta -aukera guztien ikusgarritasuna defendatzeko, Nafarroa aniztasuna harrotasunez defendatuko duen gizarte inklusiboagoa izan dadin".
Hori dela eta, aurkezpen-ekitaldian LGTBI+ kolektiboen ordezkariak, Herriaren defendatzaile Patxi Vera eta ordezkari politikoak izan dira. Era berean, aurkezpenean izan dira Belen Irureta, Alysson Rodrigues eta Alizia Izal, aurtengo kanpainan irudia eman duten hiru protagonistak, Nafarroako LGTBI+ kolektiboen artean erreferenteak.
'Sailkaezina', 'Harrotasuna mugarik gabe' eta 'Naizena naiz' dira pertsona horiek gorpuzten dituzten mezuak, eta haien gorputzetan tatuaje moduan inskribatuta irakur daitezke. Horrela, kanpainak askotariko harrotasuna aldarrikatzen du, pertsona guztiek aske izateko eta bizitzeko duten eskubidea defendatuz.
Berrikuntza gisa, aurten Nafarroako Gobernuak abian jarritako E28 kanpaina INAI/NABIk hainbat elkarteren artean ideiak biltzeko egindako parte-hartze prozesu baten emaitza
da, horien artean aukeratutako leloa. Azken emaitza hiru irudik osatzen dute, bi ardatzen inguruan: harrotasuna eta aniztasuna, identitatea, autobaieztapena eta genero, gorputz eta sexu ahalduntzea bezalako kontzeptuei balioa transmititzeko.
Kanpaina kartelen bidez zabalduko da Iruñeko eta eskualdeko markesinetan, Tuteran, Lizarran eta Tafallan; halaber, lurralde osoan zehar banatutako tokiko aldizkarietan iragarkiak jarriko dira. Gainera, Nafarroako Jauregian olanak zabaldu dira mezu nagusiarekin.
E28, LGBTBI+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna 1969tik.
Ekainaren 28aren jatorria
Ekainaren 28an LGTBI+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna ospatuko da, sexu- eta genero-aniztasuna aldarrikatzeko eta gay, lesbiana, bisexual, transgenero eta intersexualen berdintasuna eta duintasuna eskatzeko.
1969ko ekainaren 28ko gauean New Yorken, Stonewallen, LGTBI+ komunitatearen topaguneetako batean izandako istiluetan du jatorria. Sarekada errepikarien eta poliziaren indarkeriaren aurrean, han zeuden pertsonek gau hartan erantzun zuten, eta egunetan zehar izandako istiluak eragin zituzten. Gertaera haiek ernamuina izan ziren LGBTI+ eskubideen aldeko lehen erakunde eta mugimendu aktibistak sortzeko.
Espainian, efemeride horren harira egin zen lehen manifestazioa Bartzelonan antolatu zen 1977an. Nafarroan, lehen mobilizazioa 1979an izan zen, Tuteran, Emakumeen Asanbladak antolatuta. Aipatzekoa da garai hartan oraindik indarrean zegoela Arriskugarritasun eta Errehabilitazio Sozialaren Legea, antisozialtzat jotzen zirenak jazartzen eta zigortzen zituena, horien artean prostitutak, etorkinak eta homosexualak. Lege hori 1995ean indargabetu zen.
Geroztik urrats garrantzitsuak egin dira LGTBI+ pertsonen eskubideen aitortzan, ez soilik Estatu espainiarrean, baita Nafarroan ere, aitzindaria baita LGTBI+ arloko legeak onartzen, hala nola 12/2009 Foru Legea, azaroaren 19koa, transexualak genero-identitateagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari buruzkoa, eta 8/2017 Foru Legea, ekainaren 19koa, LGTBI+ pertsonen berdintasun sozialari buruzkoa.
LGTBI+ eskubideak artearen bidez, larunbat honetan Burlatan
Efemeride honekin bat etorriz, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak hitzarmen bat sinatu du Burlatako Udalarekin, datorren larunbatean, ekainak 29, ospatuko den 'Lumak Travesti Fest' jaialdiaren III. edizioa antolatzen elkarlanean aritzeko.
Hitzarmena 18.000 eurokoa da, kulturaren bidez aniztasunaren balioa aldarrikatzera bideratutako ekitaldi hau finantzatzeko.
Jaialdi honen helburua da lesbianen, gayen, bisexualen, transexualen, transgeneroen eta intersexualen (LGTBI+) eskubideak ikusaraztea, garatzea eta bermatzea, pertsona
horiei diskriminazio- eta indarkeria-egoerak saihestea, eta Burlatan sexu- eta afektibitate-aniztasuna askatasun osoz bizi ahal izatea bermatzea.