Descárgate la app
Nafarroako Gobernuak digitalizazioari, adimen artifizialari eta hizkuntzei buruzko nazioarteko campus batean parte hartu du
2024ko azaroaren 15a
Nafarroako Gobernuak digitalizazioari, adimen artifizialari eta hizkuntzei buruzko nazioarteko campus batean parte hartu du
Nafarroako Gobernuak, Euskarabidea – Euskararen Nafar Institutuaren bitartez, "Digitalization, artificial intelligence and languages: overview and opportunities" (Digitalizazioa, adimen artifiziala eta hizkuntzak: panorama eta aukerak) campusean parte hartu du, azaroaren 14an eta 15ean, Bartzelonan, NPLD Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Europako Sareak eta Coppieters Fundazioak antolatuta.
Javier Arakama Euskarabideko zuzendari kudeatzaileak NPLD-Coppieters 2024 campusean parte hartu du. Erakunde antolatzaileen hitzetan, Campusak "NPLD osatzen duten Europako 22 hizkuntza-komunitateetako erakunde publikoen eta gizarte zibilaren arteko eztabaida-foroa izan nahi du".
Campusaren programa Europako hainbat hizkuntzatako teknologien garapenari buruzko hitzaldi sorta batek osatu du. Hizkuntza horien artean euskara dago. Hitzaldiak Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Europako Sarea osatzen duten erakunde publiko eta akademikoek aurkeztu dituzte, eta beren hizkuntzetan teknologiak garatzearen garrantzia azpimarratu dute.
Besteak beste, programaren barruan, Nafarroako Gobernuak sustatu duen ekimen bat aurkeztu da: GAITU.EUS ekimena, ahots publikoen banku bat, ekimen publiko eta pribatuei euskarazko aplikazioak garatzeko aukera emango diena.
Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Europako Sarea (NPLD)
NPLD (Network to Promote Language Diversity) Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Europako Sarearen helburua Europan hizkuntza-aniztasuna sustatzea da, maila guztietako informazioa eta esperientziak partekatuz, aniztasun hori errazago ulertzeko eta nazioartean gehiago aintzatesteko.
Nafarroa eskubide osoko kidea da 2010az geroztik, eta Euskarabidearen bidez parte hartzen du Sareko jardueretan. Estatuetako eta eskualdeetako gobernuekin lan egiten du normalean, bai eta hizkuntza-plangintzan diharduten beste erakunde batzuekin ere. Sare horretan Europa osoko erakundeak daude ordezkatuta, hala nola tokiko agintariak, ikerketaguneak, unibertsitateak eta gobernuz kanpoko erakundeak.
Nafarroako Gobernuarekin batera, eskubide osoko kide dira Bizkaiko Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, Kataluniako Generalitatea, Valentziako Generalitatea, Balear Uharteetako Gobernua eta Galiziako Xunta. Eta Europa mailan, Galesko Gobernua (Llywodraeth Cymru) eta Frisiakoa (Provinsje Fryslân), besteak beste.