Descárgate la app
Nafarroako Gobernuak lehen ekitaldia antolatu du eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimei errekonozimendua eta erreparazioa emateko
2024ko maiatzaren 15a
Nafarroako Gobernuak lehen ekitaldia antolatu du eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimei errekonozimendua eta erreparazioa emateko
Baluartek maiatzaren 30ean, osteguna, 19:00etan, eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek motibazio politikoko indarkeriaren biktimei errekonozimendua eta erreparazioa emateko lehen ekitaldi publikoa hartuko du, martxoaren 26ko 16/2019 Foru Legearen babesean.
Ana Ollo bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilaria buru dela, duela gutxi errekonozituak izan diren biktimek eta haien familiek parte hartuko dute, baita arlo horretako erakundeen eta elkarteen ordezkariek ere. Gainera, Errekonozimendu eta Erreparazio Batzordeko kideak ere bertan izango dira. Aipatutako legearen arabera, batzorde horrek eman ditu ebazpen horien aldeko txostenak, eta, aldi berean, espediente berrietan lan egiten du.
Guillermo Múgica pentsalari eta giza eskubideen munduko erreferentea – Gogoa Foroko kidea eta "Bakearen Nazioarteko Eguna 2021" saria- izango da ekitaldiari hasiera emango diona. Bertan, errekonozimendua jaso duten biktimen ordezkaritza batek eta Memoria eta Bizikidetzako zuzendari nagusi Martín Zabalza Batzordeko lehendakariak ere hartuko dute hitza.
Biktima guztiak aitortzearen aldeko apustu integrala
Horrela, Nafarroako Gobernuak – "ikuspegi integral batetik, parekatzerik eta diluziorik gabe" – aurrera egiten du biktima guztien errekonozimenduan eta erreparazioan, beren testuinguru biktimologiko desberdinak kontuan hartuta eta bizikidetzaren eta memoria demokratikoaren aldeko eta bakean oinarritutako gizartearen eraikuntzaren aldeko apustu global eta koherentearen barruan.
Ildo horretan, jakina denez, Gobernuak jada aplikatzen zituen bai Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko apirilaren 28ko 9/2010 Foru Legea, bai 1936ko kolpe militarraren ondorioz eraildako eta errepresioaren biktima izan ziren Nafarroako herritarrei errekonozimendua eta erreparazio morala emateari buruzko azaroaren 26ko 33/2013 Foru Legea.