Descárgate la app
Nafarroako Gobernuak diru-laguntza eman dio Goizuetako Udalari, alokairuko sei etxebizitza egokitzeko
2025ko urriaren 10a
Nafarroako Gobernuak diru-laguntza eman dio Goizuetako Udalari, alokairuko sei etxebizitza egokitzeko
Nafarroako Gobernuko hirugarren lehendakariordea eta Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilaria den Begoña Alfarok eta Goizuetako alkatea den Unai Mirandak 300.000 euroko diru-laguntzaren hitzarmena sinatu dute ostiral honetan, herriko eraikin bat, “Asilo Hospital de San Miguel” izenekoa, birgaitzeko.
Diru-laguntza horri esker, Santa Maria kaleko 21. zenbakian dagoen eraikina birgaituko da; era horretan, sei etxebizitza egitea espero da, eta babes publiko iraunkorreko kalifikazioa duen errentamendurako erabiliko dira. Etxebizitza horien gehieneko errenta ezingo da izan errentamendu-erregimenean kalifikatutako babes ofizialeko etxebizitzetarako onartutako zenbatekoa baino handiagoa. Sinatutako hitzarmenaren oinarrietan adierazten den moduan, diru-laguntza jasotako jarduera 2025. urtean hasi eta 2027ko azaroaren 1a baino lehen amaitu beharko da.
Nafarroako Gobernuko Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuaren helburua da udalerri horri eta beste batzuei arrazoizko prezioko etxebizitza-parke publiko bat ematea, despopulazioa saihestu eta bizilagun berriak erakartzeko edo horiek ez alde egiteko, etxebizitza duin eta eskuragarria lortzeko ezintasunarengatik.
Egurrezko egitura harrizko hormen barruan
Obra honen berrikuntza nagusietako bat eraikinaren egungo harrizko hormen barruan egurrezko egitura kontralaminatua sortzea izango da, eta horrek isolamendu handiagoa emateaz gain, energetikoki eraginkorragoa eta ingurumena errespetatuko duen eraikuntza egitea ahalbidetuko du.
Birgaitze-proiektuaren proposamenaren arabera, eraikinaren barruan egurra erabiltzeak aukera emango du proiektuari kalitate bikoitza emateko. Alde batetik, kanpoko bolumenarekiko independentea den egitura izango du; eta, bestetik, eremu batzuetan bistako elementu gisa erabili ahal izango da, multzoaren kalitate arkitektonikoa handituz.
Eraikuntza mekanizatuko prozesu bat da, eta eraikina sendotzeko lehen fase horren egikaritze-denborak minimizatu ditu eta, aldi berean, etxebizitzei kalitate handiagoa emango die.
Modu horretan, eraikuntza-prozesuak bi fase izango ditu. Lehen fasean eraikina osorik hustuko da, fatxadak saneatu eta finkatuko dira, barruko isolamendua egingo da, egurrezko egitura muntatuko da, eta estalkia osorik egingo da. Bigarren fasean, berriz, etxebizitzen banaketak, arotzeriak, instalazioak, eta akaberak egingo dira eraikinaren barruan.
Horrela, eraikinak 55,44 metro karratuko zuzkidura-lokal bat eta antzeko ezaugarriak dituzten sei etxebizitza izango ditu: egongela/sukaldea, bi logela eta bainugela bat, Azalerak 46,49 metro karratu eta 56,18 metro karratu artekoak izango dira.