Descárgate la app
Egoitza zentroen % 75,8 ek langileen lan baldintzak hobetu ditu Nafarroako Gobernuaren kontratazio sistema berriak
2022ko abenduaren 28a
Egoitza zentroen % 75,8 ek langileen lan baldintzak hobetu ditu Nafarroako Gobernuaren kontratazio sistema berriak
El Departamento de Derechos Sociales, por medio de la Agencia Navarra de Autonomía y Desarrollo de las Personas (ANADP), ha puesto ya en funcionamiento el nuevo sistema de contratación abierto “Open House”, con el que el 75,8% de los centros residenciales y el 76,4% de centros de día han mejorado las condiciones laborales de su personal cuidador y aumenta en 679 el número de plazas concertadas.
Eskubide Sozialetako Departamentuak, Pertsonen Autonomia eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren bidez, abian jarri du jada Open House kontratazio irekiko sistema berria. Horren bidez, egoitza-zentroen %75, 8 ek eta eguneko zentroen %76,4k zaintzaileen lan-baldintzak hobetu dituzte.
Kontratazio-sistema berria duela gutxi sartu da indarrean, 4 urterako izango da, eta egoitzetan eta eguneko zentroetan plazak kudeatzeko aurreko esparru-akordioa ordezkatuko du. Indarrean sartu denetik lan- eta antolakuntza-arloan zenbait hobekuntza egin ditu, baita herritarrentzat ere oro har, eta gaur goizean aurkeztu dituzte Mª Carmen Maeztu Eskubide Sozialetako kontseilariak eta Ines Frances ANADPko zuzendari kudeatzaileak.
Kontratazio-sistema berriaren bidez Nafarroako Gobernuak lortu nahi duen funtsezko helburua da aurreko esparru-akordioarekiko ezarritako prezioak hobetzea. Ildo horretan, batez besteko kontzertu-moduluaren prezioa %12,7 hazi da mendeko pertsonentzako plaza itunduetarako, %7,89 mendekotasunik ez duten pertsonentzat, %14 Eguneko Egonaldietarako plazetarako, %12 eguneko zentroetako plazetarako eta %24,6 garraio egokituko plazetarako.
Kontzertu-moduluaren prezioen hobekuntzak, besteak beste, langile-ratioen igoerari nahiz sektorean lan egiten duten pertsonen lan-baldintzen hobekuntzari erantzuten dio. Modu horretan, “Open House” sistemara atxikitako 58 egoitza-zentrotatik 44k (%75,8) soldatak eta/edo ratioak hobetu dituzte, eta gauza bera gertatu da kontratazio-sistema berri honekin plazak eskaini dituzten 17 eguneko zentrotatik 13tan.
Aldi berean, horri esker, Arreta Integraleko eta Pertsonarengan Oinarritutako eredua eta praktika profesionalean dituen tresnak txertatzen jarraitu ahal izango da, honako hauek abian jarrita: bizi-historiak, erreferentziazko profesionalaren figura, ordutegien eta jardueren egokitzapena eta zeregin esanguratsuak eta egunerokoak elementu terapeutiko gisa.
Itundutako 679 plaza gehiago, 2.881 izan arte
Oraingoz, egoitzetan itundutako plaza-kopurua %22,6 gehitu da aurreko sistemarekin alderatuta, Foru Komunitate osoan aurreko esparru-akordioarekin itundutako 2.008 egoitza-plazatatik egun 2.461 izatera igaro baitira. Handitze horri esker, Maeztu kontseilariak adierazitakoaren arabera, “orain arte egoitza-zentroetan ordaintzen ari zirena baino gutxiago ordaindu ahal izango dute pertsona askok; izan ere, plaza itundu bat lortzeak Nafarroako Gobernuak ezarritako tarifa publikoa ordaintzea eskatzen du mendekotasun-mailaren arabera, eta ez egoitza bakoitzak ezarritako prezioak. Hobekuntza horrek eragin berezia izango du Iruñean eta Iruñerrian, prezio garestienak dituzten egoitza pribatuak bertan izateagatik”.
Halaber, eguneko egonaldietarako zentroetarako plaza itunduak gehitu dira (%11,8), eta 76 plaza izatetik 85 plaza izatera igaro dira. Eguneko zentroetarako plazak, berriz, %183,9 gehitu dira (118tik 335era). Horrekin guztiarekin 679 plaza itundu gehiago izango dira. Horrela, hiru modalitate asistentzialetan, guztira 2.881 plaza eskainiko dira.
Kontratazio-sistema honen funtsezko ezaugarria da erabiltzaileak paper garrantzitsua duela zentroa hautatzerakoan, berak erabakiko baitu zein zentrora jo, haren bizileku-eremuan dauden plazen arabera. Hori dela-eta, plaza itunduak gehituta, pertsonak nahi duen zentrora jotzeko aukera handiagoa da.
Zaintzaile gehiago arratsaldeko txandan
Zuzeneko arretako langileei dagokienean, esparru-akordio berri honen berrikuntzetako bat da arratsaldeko txandako zaintzaile-kopuruak ezin duela goizetan dagoen langile-kopuruaren %60 baino txikiagoa izan. Gainera, arratsaldeetan langile teknikoak ere behar dira, eta, gaueko txandarako, egoitza-zentro guztietan bi profesional izatea bermatzen da.
Modu berean, gaueko ordutegian profesionalen presentzia handitzen joango da zentro edo egoitzak duen plaza-kopuruaren arabera: 90 plazatik beherakoetan, 2 profesional egongo dira gaueko txandan; 91 eta 125 plaza arteko zentroetan, 3 profesional; 126 eta 200 arteko plazak dituztenetan, 4 profesional; eta 201 plazatik gorakoetan, 5 profesional, gehi beste 1 100 plaza bakoitzeko, 300 plazatatik aurrera.
Kudeaketa eta segimendua errazteko, asistentzia-modulua eta osasun-modulua bereizi dira. Asistentzia-moduluan honako hauek estaltzen dira: zaintza-programak, esku-hartze psikologikoa, fisioterapia, terapia okupazionala, arreta soziala nahiz mantenu-, garbiketa- eta mantentze-zerbitzu orokorrak eta zentroaren kudeaketan erabilitakoak. Horrez gain, osasun-moduluak erizaintzako eta medikuntzako arreta estaltzen du, langile propioak dituzten zentroetan.
Kontzertazio-sistema honek malgutasuna bultzatzen du eta zentro bakoitzak beharrezko baliabideak izatea, tamainaren, kokapenaren, artatzen dituen pertsonen beharren, eta abarren arabera. Hori dela-eta, atxikitako zentro bakoitzak egokitzat joateko figura teknikoak eduki eta langileak malgutasunez antolatu ahal izango ditu, premiari eta jarduerari erreparatuta eta eskatutako eta eskainitako ratioak beteaz.
Onartutako erakundeen zerrenda irekita egongo da prozedura osoan zehar
Kontratazio-sistema berri honen berrikuntza nagusietako bat da onartutako erakundeen zerrenda irekita egongo dela ezarritako irizpideak betetzen dituzten erakunde berriak sartzeko prozedurak irauten duen epe osoan zehar (4 urte). Era horretan, dagoeneko atxiki ez diren egoitza-zentroek edo eraiki berri diren eguneko zentroek sistema horri heldu ahal izango diote etorkizun hurbilean.
Oro har, kontratazio-sistema berrira aurkeztu ahal izango dute egoitza-zentroetako, eguneko zentroetako eta landako eguneko zentroetako erakunde titularrek, dagokien baimena badute; aldiz, autonomia sustatzeko zerbitzuak, aurretik esparru-akordioan jasotakoak, geroago lizitatuko dira.
Modu horretan, itundutako egoitza-plazak izan nahi dira Nafarroako gizarte-zerbitzuetako oinarrizko zona guztietan, beharra duten adineko guztiei arreta ziurtatu ahal izateko eta etorkizunean sortzen joango diren premiak artatu ahal izateko.
Kontratazio-zerbitzu horretara sartzeko, egoitzek, gutxienez, dituzten plaza baimenduen %25 itundu behar dituzte, 200 plazatik gorako zentroetan izan ezik, horien eskaintzak, gutxienez, lizitazioaren unean zerbitzuari lotutako prestazio-kopuru bera izan beharko baitu. Gainera, eskainitako 25 plaza bakoitzeko, gutxienez 1 mendekotasunik ez duten pertsonentzat izango da.
Era berean, egoitza-zentroetako erakunde titularrek eskaini eta Eskubide Sozialetako Departamentuaren eskura jarri ahal izango dituzte nahi dituzten plazak, baimenduta dituzten plazen mugaren barruan, horrekin Departamentuak hitzartzeko betebeharrik izan gabe, erabiltzaileen eskariaren eta hautaketaren arabera egingo baitu.