Descárgate la app
Hezkuntzak Iruñetik egun berean joan-etorria egiteko autobus-zerbitzua eskaini die Erriberako LHko ikasleei
2025ko abenduaren 2a
Hezkuntzak Iruñetik egun berean joan-etorria egiteko autobus-zerbitzua eskaini die Erriberako LHko ikasleei
Hezkuntza Departamentuak eskola-garraioko bi ibilbide berri abian jarriko ditu Tuterako eta Erriberako ikasleentzat; hots, gaur egun, Iruñeko eta Iruñerriko LHko ikastetxeetan lanbide heziketako erdi eta goi mailako zikloak ikasten dabiltzanentzat. ‘Adar’ berri horri esker, Iruñera eta Iruñerrira joan ahal izango dira ikastera, eta egun berean etxera itzul ahal izango dira.
Neurri horren bitartez, lurraldea egituratzen lagunduko da, Erriberan gazteen presentzia sendotu ahal izango da, eta hezkuntzarako-sarbidea berdintasun-baldintzetan izateko bermeak hobetuko dira. Gaur egun, Tuterako eta Erriberako beste herri batzuetako familia batzuk behartuta daude Iruñean beren seme-alaben asteko ostatua eta mantenua ordaintzera, Tuteratik eta inguruko herrietatik ikastetxera garaiz iristea bermatuko dien garraiorik ez izateagatik. Hain zuzen ere, Tuterako eta Erriberako ikastetxeetan eskaintzen ez diren irakaskuntzak egin behar dituzten ikasleak dira, edo, izena eman ondoren, eskatutako irakaskuntzetan azkenean plazarik lortu ez dutenak.
Hori dela-eta, eta eskaria dagoela ikusita, 2026ko urtarriletik aurrera, bi autobus-linea berri jarriko dira martxan, eta bakoitzak 55 ikasle garraiatu ahal izango ditu. Horrela, eskubidea duten ikasle guztiak garraiatu ahal izango dira, araudiaren arabera, eta plaza hutsak erabiltzea eskatzen dutenak ere bai, ikasleek eta familiek inolako kosturik ordaindu behar izan gabe.
Onartutako neurriak 2025/2026 ikasturtean abian jarriko da proba pilotu gisa, eta hurrengo ikasturteei begira finkatu egin nahi da, zerbitzuak benetan duen eskaera kontuan hartuta.
Eskainitako bi ibilbide berriak ibilbide hau egingo dute:
1. Ibilbidea. Cintruénigo - Iruñea
Cintruénigotik irten, eta Corellan, Alesbesen eta Martzillan geratuko da, eta 55 plaza eskainiko dira.
2. Ibilbidea. Tutera – Iruñea
Tuteratik irten eta Arguedasen, Valtierran eta Caparroson geratuko da, eta 55 plaza eskainiko dira.
Eskola-garraioko zerbitzu berriaren onuradun izango diren ikasleek ikastetxe hauetan egiten dituzte ikasketak: Imarkoaingo CISER, Donapea IIP, Nafarroako osasun Eskola Tekniko Profesionala, Hezitzaileen Eskola II, Nekazaritza eta Basogintzako II, Maria Ana Sanz II, Virgen del Camino IIP eta Burlata II.
Gaur egun, eskaintza akademikoa handia denez eta Nafarroako Foru Komunitateko Lanbide Heziketako irakaskuntzetan matrikulak etengabe hazten ari direnez, Hezkuntza Departamentuak eskola-garraioko hainbat ibilbide (adarrak) kudeatzen ditu, ikasleak Baztan, Agoitz, Altsasu, Lizarra, Tafalla/Erriberri eta Zangoza/Irunberritik Iruñeko ikastetxeetara hurbiltzeko. Urtarriletik aurrera, Cintruénigo-Iruñea eta Tutera-Iruñea ibilbide berriak gehituko zaizkio tipologia horri.
Aldi berean, Iruñean eta Arroan bizi diren ikasleentzat ere Lizarra, Baztan, Altsasu eta Irunberriko lanbide heziketako ikastetxeetara joateko ibilbideak eskaintzen dira.
15.000 ikasle inguruk egunero erabiltzen dute Hezkuntza Departamentuak kudeatutako eskola-garraioko zerbitzua, Haur eta Lehen Hezkuntzan, Bigarren Hezkuntzan, Hezkuntza Berezian, Lanbide Heziketan, Lanbide Heziketa Berezian eta Batxilergoan.