Descárgate la app
Ana Ollok harrera egin dio Raji Souraniri Gazako Giza Eskubideen Palestinako Zentroko (PCHR) zuzendariari eta sortzailekideari
2024ko urtarrilaren 19a
Ana Ollok harrera egin dio Raji Souraniri Gazako Giza Eskubideen Palestinako Zentroko (PCHR) zuzendariari eta sortzailekideari
Bigarren lehendakariorde eta Memoriaren eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak, Ana Ollok, Raji Souraniri harrera egin dio Nafarroako Jauregiko bulegoan. Sourani Giza Eskubideen aldeko aktibista eta Gazako Giza Eskubideen Palestinako Zentroko (PCHR) abokatua, zuzendaria eta sortzailekidea da. Bileran, Ollok gerraren ondorioak eta Gazako biztanleria zibilaren egoera zuzenean ezagutzeko aukera izan du, Giza Eskubideen arloan.
Nafarroako Gobernura egindako bisitan Raji Souranirekin batera Lidón Soriano, "Yala, Nafarroa Palestinarekin" plataformakoa eta Jokin Orozko "Su Etenaren Aldeko Irakasleak" taldekoa izan dira; Europan Palestinako biztanleen egungo egoera ezagutzera emateko egiten ari den biran kokatzen da, eta bertan hainbat bilera egin ditu Nafarroako erakundeetako ordezkariekin.
Ollo lehendakariordeak gatazka armatu baten aurrean biztanleria zibilak bizi duen kalteberatasun-egoerarekin eta giza eskubideekiko kezkarekin enpatia agertu du, Nafarroako Gobernuak Giza Eskubideen eta Bizikidetzaren arloan dituen politiken ildotik.
Raji Sourani
Gazan jaio zen 1953ko abenduaren 31n, eta Gazako Giza Eskubideen defendatzaile den abokatu bat da Sourani. 1985ean Amnesty Internationalen kontzientzia-preso eta 1988an EXCO eta IDAL EXCO Legelarien Nazioarteko Batzordeko kide eta Giza Eskubideen aldeko Nazioarteko Federazioko presidenteorde izan zen. 1991n, Robert F. Kennedy Human Rights sari ospetsua jaso zuen, urtero giza eskubideen defentsan nabarmendu den pertsona bati ematen zaiona hain zuzen ere. 1995ean, Giza Eskubideen Aldeko Palestinako Zentroa sortu zuen eta bertako zuzendaria da.
Souranik aktiboki parte hartu du deportazioari aurre egin behar zioten palestinarren kasuetan, bai eta Israelgo espetxeen eta atxiloketa-zentroen baldintzen zaintzan ere. Palestina-Israelgo gatazkan bi alderdiek egiten dituzten giza eskubideen urraketen baldintzarik gabeko kritikoa izaten jarraitzen du.
2003an, Sourani Oak Institute for Human Rights erakundearen ikerketa-bekarako hautatu zuten Colbyko Unibertsitatean, Watervillen (Mainen, Estatu Batuak). Hala ere, une hartan ezin izan zuen Estatu Batuetara bidaiatzeko bisatua lortu. 2008ko irailean ere ukatu egin zioten Souraniri Gazatik irteteko baimena, giza eskubideen konferentzia batera joateko.
2013ko irailaren 26an, ‘Right Livelihood’ saria jaso zuten bi saridunetako bat izan zen Sourani, Nobel sari alternatiboa deiturikoa, "egoera bereziki zailetan legeari eta giza eskubideei ezin hautsizko dedikazioa emateagatik”. 2022an, Espainiako Giza Eskubideen Aldeko Elkarteak Giza Eskubideen Saria eman zion, nazioarteko kategorian.
2019an, Israelen aurkako salaketa Nazioarteko Zigor Auzitegian aurkeztu zuen abokatu palestinarretako bat izan zen Raji Sourani.
2023ko urriaren 22an, Souranik eta haren familiak bizirik iraun zuten Israelgo aireko bonbardaketetan, beren etxea suntsitu ondoren.