Descárgate la app
Garraioaren sektorerako 7,8 milioi euroko laguntza zuzenak Nafarroako 1.400 enpresak eskatu dituzte jada
2022ko abuztuaren 31a
Garraioaren sektorerako 7,8 milioi euroko laguntza zuzenak Nafarroako 1.400 enpresak eskatu dituzte jada
Nafarroako 1.400 enpresak eskatu dituzte jada garraioaren sektorerako laguntza zuzenak; Gobernu Zentralak Nafarroarako 7,8 milioi euro jarri ditu. Errepide bidezko garraio-sektorearentzat prestatutako zuzeneko laguntzen bigarren lerroa da hau, petrolio-produktuen kostuen igoeraren eragin kaltegarria arintzeko.
Nafarroako Gobernuak gaurko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, Ogasun eta Funtzio Publikoaren Ministeriotik datozen diru-sarrerak medio kreditua sortzeko aurrekontua aldatzea baimentzen da, 7.850.000,00 eurokoa Lurralde Kohesiorako Departamentuaren aurrekontuan.
Laguntza horiek eskuratu nahi dituzten enpresek eskaerak aurkezteko epea abuztuaren 5ean hasi zen, eta irailaren 30ean amaituko da.
Nafarroako Gobernuak maiatza eta uztaila artean jada ordaindu zuen errepide bidezko garraio-sektorearentzako zuzeneko laguntzen lehen lerroa, Espainiako Gobernutik etorritako beste 7,75 milioi eurokoa, 2.000 autonomo eta 550 enpresa eta sozietateren artean.
Laguntzen inguruko xehetasunak
Laguntza hauek eskuratu ahal izango dituzte autonomoek eta nortasun juridikoa duten sozietateek, Espainian eratutakoek, eta honako hauetakoren baten baimena dutenek: merkantzien garraio publikoa, autobusez bidaiariak garraiatzeko garraio publikoa, taxi bidezko garraioa, Gidaridun Garraio Ibilgailua, pertsonen osasun-garraio eta bidaiarien hiri eta hiri inguruko lurreko garraioa. Berrikuntza gisa, deialdi honetan aldaketa-zerbitzuak sartzen dira.
Laguntzaren banako zenbatekoa zehazteko, onuradun bakoitzaren ibilgailu-kopurua eta –mota kontuan hartuko dira: 1.250 euro kamioi bakoitzeko (merkantzia astunak), 500 euro furgoneta bakoitzeko (merkantzia arinak), 950 autobus bakoitzeko, 300 euro taxi eta GGI bakoitzeko eta 500 euro anbulantzia bakoitzeko. Ateratzen den zenbatekoa ezingo da inola ere 500.000 eurotik gorakoa izan.
Eskaerak inprimaki elektronikoaren bidez aurkeztu behar dira; bertan, ondorengo datuak agertuko dira nahitaez: eskatzailearen IFZ, izen-abizenak edo enpresaren izena edo izen soziala eta ordainketa egiteko bankuko kontu-zenbakia.
Lehen laguntza-deialdiarekin alderatuta, berritasun gisa, eskaerarekin batera erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu behar da, web orriko ereduaren arabera, enpresa eskatzaileak Ukrainaren inbasioaren ondorioak jasan dituela adierazteko eta aurrez jasotako laguntzak bertan jasotzeko.
Adostutako laguntza ordaintzeko, banku-transferentzia egingo da 2022ko urriaren 31tik abenduaren 31ra bitarteko tartean, eta emakida-akordioa jakinarazitzat emango da transferentzia jasotzearen ondorioz. Inprimakia aurkezteko epea amaitu eta hiru hilabetera ordainketa egin ez bada, eskaera atzera bota dela ulertuko da.