Descárgate la app
Doneztebeko Mendaur BHI-ko “Joaldunak” lana publikoaren saria jaso du “Arnasetik” bideosormen lehiaketaren bigarren edizioan
2023ko azaroaren 23a
Doneztebeko Mendaur BHI-ko “Joaldunak” lana publikoaren saria jaso du “Arnasetik” bideosormen lehiaketaren bigarren edizioan
Doneztebeko Mendaur BHI-ko ikasleek burututako “Joaldunak” lana, asteazkenean Zarautzen ospatutako Arnasetik sormen lehiaketaren bigarren edizioko sari banaketan, publikoaren saria jaso du.
Beste lau lan daude finalisten artean: Arbizuko herri eskolako “Arbizu eta euskara”, Iturengo Pulunpa ikastetxeko “Pulunpa-rapa”, Leitzako Amazabal Institutuko “Esamoldek, aspaldiko gurek” eta “Gaur egungo gazte hok” lanak.
Arnasetik Arnasa Gara egitasmoak 10-16 urte bitarteko gazteentzat antolatutako lehiaketa da,
euskarazko sormena sustatu nahi duena, nerabe horien artean hizkuntza-ohiturei buruzko hausnarketa bultzatzeaz gain. Arnasa Gara 2019an abiatu zuten elkarlanean UEMAk, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak, euskararen arnasguneak hizkuntzaren bizitasunerako duten garrantzia jendarteratzeko. Martin Aramendi, UEMAko lehendakariak nabarmendu zuen Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearentzat giltzarria dela “gure herriek euskararentzat duten garrantzia ikusaraztea”. Euskararen arnasguneak euskararen ezagutza eta erabilera maila oso altuak dituzten udalerriak dira. Hizkuntza biziberritzerako funtsezkoak dira, bertan modu naturalean bizi ahal delako euskaraz, arnasgunearen inguruak euskararen transmisioa bermatzen duelako eta hizkuntzaren hedapenean ere laguntzen dutelako.
Arnasetik sormen lehiaketaren bigarren edizioa helmugara iritsi da, aurreikuspen guztiak gaindituz, lehen edizioan jasotako lan kopurua gainditu zen eta sormenezko 112 lan aurkeztu dituzte. Zarauzko Modelo aretoan antolatutako sari banaketa ekitaldia Nahia Sillero influenzerrak aurkeztu zuen, eta besteak beste Deñe musikariaren emanaldiaz gozatu ahal izan zuten bertaratutakoek. Arnasetik lehiaketan arnasguneetako ikastetxeek hartu dute parte, bai eta arnasguneetako udalerri txikietako ikasleak jasotzen dituzten zenbait ikastetxe handiagok ere.
Bestalde, Paula Kasares Euskarabidea - Euskararen Nafar Institutuko Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuko zuzendariak Nafarroako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta UEMAk elkarlanean egindako lana goraipatu zuen ekitaldiaren hasieran: “Hizkuntza politikoa eraginkorragoa da baldin eta elkarlanean ari baldin bagara”. Egitasmoari dagokionez, Kasaresek lau alderdi azpimarratu zituen: hizkuntza ohituren inguruan hausnarketa egitea, hori sormen lan baten bidez adieraztea, teknologia berriak erabiltzea, eta batez ere gazteen parte hartzea. Kasares publikoan zeuden gaztetxoei zuzendu zitzaien: “Zuek zarete lehiaketa honetan osagarririk garrantzitsuena”. Josune Zabala Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Ikerketa eta Koordinazioko zuzendariak ere eskerrak eman zizkien lehiaketan parte hartu duten guztiei. Zabalak azaldu zuen “pozik eta gogotsu” jaso zituztela lanak. “Aurtengoan bideo sormen gehiago izan dira, eta zuen ziri eta irriekin gozatu egin dugu, arnastu dugu zuen aire berria, indartsua”.
500 euroko sariak
Zarauzko sari-banaketan, kategoria bakoitzeko lan onenek eta publikoaren sariaren irabazleek 500 euroko sariak lortu dituzte, eta sari hori trukean erabili ahal izango dute Irrisarri Land-erako sarreretan, Durangoko Azokako denda birtualean edota EITB-ko Goazen! eta Irabazi arte! telesailen merchandising-ean gastatzeko. Hauexek izan dira sarituak: Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. ikasmailen kategorian, Euskara ikasteko gomendioak, Samaniego ikastetxea (Tolosa-Idiazabal, Gipuzkoa); Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. maila kategorian, “Azkoitxiko epaitegia”, Azkoitia BHI (Azkoitia, Gipuzkoa); Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. mailei dagokien kategorian “New Yorketik Euskal Herrira”, Beasain BHI (Beasain, Gipuzkoa).
Publikoaren sariari dagokionez, 1.000 lagun baino gehiagok eman dute bozka Internetez, eta boto gehien jaso dituen lana hauxe izan da: “Joaldunak”, Mendaur BHI (Doneztebe, Nafarroa). Sari banaketa ekitaldia Zarautzen antolatu eta Zarauzko Udala galaren sustatzaileetako bat izan den heinean Zarauzko lanentzako sari banaketa berezi bat egon zen.
Gazteek egin beharrekoak
Lehiaketan hiru kategoria bereizi dira, adinaren arabera. Kategoria bakoitzean erronka bati erantzun behar izan zioten. Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. ikasmailetako ikasleen kategorian, formatu librean azaldu behar izan zuten (marrazki, olerki, bertso, bideo, abesti…) beraien herria nolakoa den, zer egin daitekeen bertan eta, garrantzitsuena, zergatik den egokia euskara maila hobetzeko. Guztira 34 lan jaso ziren kategoria honetan.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. ikasmailetako ikasleen kategorian, nerabeek beraien herriko esamolde berezienak eta beraien esanahia azaldu umorezko bideo batean. Kategoria honetan 63 lan jaso ziren.
Azkenik, derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. ikasmailetako ikasleen kategorian, gaztetxoei Nahia Sillero influenzerraren bideo bat eman zitzaien erreferentzia bezala. Nahia Silleroren bideoa ikusita bideo bat modu sortzailean garatzea izan zen beraien egitekoa; euskal kultura, musika eta ekimenak balioan jarriz plan erakargarri bat proposatuz. 15 lan jaso dira kategoria honetan.
Informazioa, argazkiak, bideoak eta gehiago, www.arnasagara.eus webgunean.