Descárgate la app
‘Ipar Eszena Bidea’ ekimenak egoitzak handitu eta luzapenak estreinatuko ditu seigarren edizioan
2024ko irailaren 2a
‘Ipar Eszena Bidea’ ekimenak egoitzak handitu eta luzapenak estreinatuko ditu seigarren edizioan
Rebeca Esnaola Kultura, Kirol eta Turismo kontseilariak ‘Ipar Eszena Bidea’ programaren seigarren edizioa aurkeztu du gaur. Nafarroan, Galizian, Asturiasen, Kantabrian eta Euskadin garatzen den arte eszenikoak trukatzeko programa da, eta aurten egoitza, agertoki, funtzio, jarduera eta lankidetza gehiago eskaintzen ditu.
Afektuaren aukera lelopean, programa areagotu egin da, eta iazko edizioan baino hamar egun gehiago izango dira; hau da, irailaren 13tik urriaren 27ra bitartean eskainiko da. Antzerki, dantza eta mugimenduko arteen 15 konpainia eta zirku berria izango dira, eta ikuskizunak eskainiko dituzte ´Konstelazioak Zikloa´ osatzen duten 60 egoitza baino gehiagotan. Oraingoan, lehen aldiz, programa ofizialaren datetatik kanpo bi emanaldi egingo dira, baita ikasleentzako beste bi emanaldi ere.
Halaber, lurralde guztietako programazioa handituko da, 57 egoitza izatetik 62 izatera igaroko da, eta eszenatokiak estreinatuko dira Iruñean, Fozen edo Zumaian. Berrikuntza gisa, Euskadin eta Nafarroan programazio ofizialetik kanpoko funtzioak izango dira; ´Bidezidorrak´ programa sendotuko da, eta haurrentzako eta familientzako ikuskizunen kasuan laguntza mantenduko da ´Te veo Elkartearekin´ lankidetzan.
Esnaola kontseilariak programa honen balioa nabarmendu du; izan ere, herritarrengana “beste lurralde batzuetako produkzio eszenikoak hurbiltzeko modua da, bestela eskura izango ez lituzketenak, arte eszenikoentzat eta gizarte osoarentzat oso aberasgarria den truke kultural batean”. Esnaolak Nafarroako Gobernuak proiektu honi ematen dion babesa ere erakutsi du, proiektua “eredugarria eta bakarra” baita. Ildo horretan, honela azpimarratu du: “gure konpromisoa da beti kulturaren aldeko ekimenak bultzatzea; hots, herritarrek programazio askotarikoa, anitza eta kalitatezkoa eskuratzea sustatzen eta errazten duten ekintzak, kasu honetan bezala”.
'Konstelazioak Zikloa'
Seigarren edizioko 15 ikuskizunek, autonomia erkidegoko bakoitzeko hiruk, 'Konstelazioak Zikloa' osatzen dute; hots, arte eszeniko orotarikoen programazio ibiltaria, hizkuntza, estetika eta formatu anitzak nagusi izanik. Programazioa haur zein helduentzat da, tartean, testu-antzerkiaren ekoizpenak, zirku berria, dantza eta mugimenduaren arteak, sorkuntza garaikidea, ikuskizun didaktikoak eta site-specific esperientziak daude.
Nafarroako konpainiek hiru proposamenarekin parte hartuko dute ´Konstelazioak Zikloan´: ‘By ò Bu, Aproximación al no existir’, Yarleku-El Punto Gunearena; ‘El jardín de Olivia’, Pájaros Pintados Creación Teatral-en eskutik; eta ‘Olvido Flores’, Estefanía de Paz Asínena. Gainera, Foru Komunitateko programazioaren barnean, beste autonomia-erkidego batzuetako konpainien hamar ikuskizun eskainiko dira.
Santiago de Compostela eta Iruñea artean eskainiko da programazioa, Lugo, Oviedo, Gijon, Santander, Potes, Bilbo, Gasteiz edo Vianako agertoki historiko eta gune berezietan, besteak beste. Lehendabiziko aldiz, programan ikasleentzako bi emanaldi izango dira, Mieresen (Asturias) eta Potesen (Kantabria). Eta beste berritasun bat izango da IEB (Ipar Eszena Bidea) luzatuko dela Muskizen (Euskadi) eta Atarrabian (Nafarroa), azaroan.
Bide Zabaldua
‘Konstelazioak Zikloarekin´ batera, ´Ipar Eszena Bidearen´barruan, badira publiko orokorrari zein sektoreko profesional eta enpresei zuzendutako beste proiektu batzuk.
Horietako bat ‘Bide Zabaldua’ da, emanaldien zirkuitutik kanpoko jarduera osoa hartzen duena eta ´Cruces´ proiektua aurkezten duena; truke eszeniko, artistiko eta profesionaleko egonaldien sarea. Aurten, Nafarroako ‘Led Silhouette’ konpainiak, ‘Hika Teatroa’ euskal konpainiak, ‘Furia Sotelo’ galiziarrak eta ‘Babirusa Danza’ kantabriarrak parte hartuko dute.
Beste adibide bat ‘PRO Gela Erromesa’ da; elkarbizitza profesionalerako gunea. Konpainiak harremanetan jarriko dira bertan, beren lan-ildoak eta proposamen estetikoak ezagutuko dituzte, programazio-zirkuituen errealitatea sakonduko dute, koprodukziorako bideak aztertuko dituzte eta haien garapen profesionalerako interesgarriak diren prestakuntza-proposamenak eskuratuko dituzte.
Horrez gain, ‘Ipar Eszena Bidean’ ´Bidezidorrak´ proposamena sartzen da. Proposamen horretan, komunitateko bakoitzeko kultur proiektu bat sustatuko da, toki-eremutik haratago proiektatzen lagunduz. Oraingo honetan, honako hauekin egingo da lan: Carballoko (Galizia) FIOT (Nazioarteko Antzerki Outono Jaialdia), Rincones y Recovecos (Asturias), Movimiento en Red (Kantabria); Bideart Zigoitia (Euskadi) eta Ribera en Danza (Nafarroa).
Azkenik, ‘Ipar Eszena Bidea Ikuskizunen Katalogoan, 30 ekoizpen aurkezten dira, eta proiektuaren eremutik kanpo banatzea eta sustatzea bultzatzen da.
Seigarren edizioaren irudia
Edizio honetatik aurrera, programaren irudia urtero sortuko dute IEBn parte hartzen duten lurraldeetako artistek. Etapa berria Leire Urbeltz diseinatzaile nafarrak inauguratu du (Iruñea, 1985). Haren arabera, kartelak “eszenatoki baten oihalaren atzean gertatzen denaren bezalako lan konprometitu eta zirraragarriaren funtsa irudikatzen du”.